Espainiako Kopako finala

Inork ahaztuko ez duen derbia

Athleticek eta Realak Espainiako Kopako finala jokatuko dute bihar Sevillan, sailkatu eta urtebetera. Euskal derbien 108 urteko historian elkarren aurkako lehen finala dute, eta ez dago faborito garbirik

BERRIA.
Imanol Magro Eizmendi.
Sevilla
2021eko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Azken urtebeteak mundua aldatu du. Ezer gutxik dirudi duela hamabi hilabete zirudien hura, eta edozein keinu edo saio erlatibizatzen ikasi du gizarteak. Pandemiaren gordinean futbol partida bat goratzeak fribolitate ekintza dirudi; baina, agian, inoiz baino garrantzitsuagoa da, bi orduz bada ere, arreta desbideratzeko gai den edozein estimulu. Futbolzaleek diote futbola dela garrantzirik ez duten gauzen artean garrantzitsuena, eta egoera honetan sufrimenduaren aurkako plazebo bilaka daitekeen partida jokatuko dute bihar Realaren eta Athleticen gizonezkoen taldeek (21:30, ETB1). Irabazleari balioko dio minen leungarri; galtzaileak, aldiz, denbora luzez miazkatuko du zauria. Izan ere, biharko derbia inoiz jokatu duten baliotsuena da. Elkarren aurkako partiden 108 urteko historia luzean inoiz ez dute titulu bat izan lehian. Bihar, aldiz, irabazleak Espainiako Kopa altxatuko du Sevillako (Espainia) gau epelean. Atzo jakin zen Estrada Fernandez izango dela epailea.

Derbirik garrantzitsuena eta, era berean, bitxiena. Iazko apirilaren 18an jokatzekoa zen finala gaur jokatuko baita. Athleticek eta Realak iaz ez jokatzea erabaki zuen. Pandemiak ikuslerik gabe jokatzera behartu zituen, eta nahiago izan zuten itxaron osasun egoerak hobera egingo zuelakoan. Usteak, baina, erdia ustel izan dira, beste hainbat egitasmorekin gertatu bezala. Beraz, Cartuja estadioko harmailetako eserleku huts mutuak izango dira partida historikoko lekuko bakarrak.

Normalean, talde batek hilabete lehenago jakiten du Espainiako Kopako finala jokatuko duela. Kasu honetan, baina, bi taldeek, eta haien zaleek, hamabi hilabete daramatzate partida hausnartzen. Prestaketa eta taldeen osaketa bera baldintzatu dituen saioa da biharkoa, bientzat baita mugarri. Realak 1987an irabazi zuen azken titulua, Kopa ordukoan ere, eta 1988an galdu zuen azken finala. Athleticek, aldiz, 1984ko maiatzaren 5ean altxatu zuen azken trofeo handia. Harro diote harrezkero birritan irabazi dutela Espainiako Superkopa; egia da, baina zaleen buruan pisu handiagoa dute azken hamabost urteetan galduriko Kopako hiru finalek eta 2012ko Europa ligakoak.

Biak, sasoi betean

Galdutakoez haratago, baina, irabazitakoei heltzea nahiago dute zuri-gorriek. Azken Superkopa duela hiru hilabete irabazi zuten. Marcelino iritsi berritan, Real Madril eta Bartzelona kanporatu zituen Athleticek, izaera lehiakor eredugarria erakutsiz. Bi aste barru, gainera, beste final bat dute. Historiari erreparatuta, baina, badirudi aukera handiagoa duela Realarekin Bartzelonarekin baino. Zuri-gorriak Sevillan dira atzotik. Lan saioa egin zuten han, eta jokalari guztiak prest daude.

Realaren kasuan, taldea ez da iazkoa, baina Oiartzabal, Merino, Silva eta enparauekin joko bikaina egiteko oso kapaza da. Aulkian, Imanol Alguacilek sufritu egingo du. Kostako da aurkitzea titulu hau hark adina desiratzen duenik. Atzo egin zuten txuri-urdinek Zubietan azken lan saioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.