Bizitza duinen alde, lana eta ondasunak banatu

Iratxe Alvarez Reoyo, Eneko Paez Oreja, Iñigo Barace Tapia
2021eko apirilaren 30a
00:00
Entzun
Duela urtebete, gutako gutxi batzuk bakarrik egon ahal izan ginen kalean Maiatzaren 1ean, eta baliatu genuen argi esateko normaltasun berria deitu zioten horrek ez zigula balio, haien errezetek, konponbide partzialek eta politikek ez zigutela balio, non gutxi batzuk baino ez diren sartzen, betikoak; ez genuela normaltasun berririk nahi, ezartzen ziguten normaltasun zaharra ere ez baikenuen onartzen. Bere heteropatriarkatuaren normaltasuna, kapitalismoaren normaltasuna, makaltzen gaituen normaltasuna, gure lanpostuetan gaixotzen eta hiltzen gaituen sistema baten normaltasuna, gustatzen ez zaien zerbait esaten duen pertsona ororen aurkako errepresioaren normaltasuna, planetaren eta bertan bizi garen pertsonen aurka egiten duen kapitalismo basatiaren normaltasuna. Gaur, plaza honetan bertan, berriz ere ezetz esaten diegu, nekatuta gaudela beren normaltasun nazkagarri honetaz, sistema honek ez digula balio eta hemen gaudela dena aldatzeko, behingoz, pertsona ororen bizitzek beren onura nazkagarriak baino gehiago balio izatea normalena izan dadin, gure bizitzak baitira erdigunean egon behar dutenak, eta denok, gatozen lekutik gatozela, gure lekua dugun sistema bat nahi dugula.

COVID-19a gure bizitzetara iritsi zen, gaixotasun eta heriotza errekasto bat atzean utzita, eta hau guztia administrazioek ezarritako neurri murriztaileekin batera sortutako egoerak, gu guztiongan eragiten duen beldurra, nekea eta sufrimendua begi-bistakoak dira. Osasun krisiari krisi ekonomikoa eta krisi soziala gehitu zaizkio, eta horrek panorama negargarri bati aurre egitea eragiten du. Baina ez da adoregabetasun eta etsipenean erortzeko unea. Hauxe da, hain zuzen ere, haiei aurre egiteko unea, indarrak batzeko eta langileoi ezertarako balio ez digun eredu ekonomiko eta soziala aldatzeko borroka egiteko unea.

Pandemia honek sistemaren aurpegirik bihozgabeena erakutsi digu,sistema bidegabe eta ankerra, baina beste gauza asko ere erakutsi dizkigu. Elkartasunaren balioa erakutsi digu, gauzak elkarrekin egiten ditugunean dugun indarra, bizitzari eusten diotenak gure kideak direla, publikoaren balioa, inor atzean utziko ez duen kalitatezko osasun eta hezkuntza publikoaren garrantzia, eta zaintza-sistema publiko bat sortzeko beharra.

Bere gogortasunarekin, bizitzen ari garen egoerak berretsi baino ez du egin hainbeste urtetan salatzen eta eskatzen aritu izan garena. Ikusi dugu Estatua gai izan dela milaka milioi euro mobilizatzeko aldi baterako enplegu espedienteen bidez. Zenbait enpresarentzat aurreikuspen handirik gabeko laguntza izan zitekeena, beste hainbeste diru-kutxa publikoan eskua sartzeko aprobetxatzen ari dira. Laguntza orokortu horrek elkarrekikotasun klausula bat izan behar zuen, baina enpresa bakar batek ere ez du mailegatutako dirua kontrataziotan itzultzen, edo duten lana banatzen. Alderantziz, oztopo bat balira bezala langileak alde batera uzten ibili dira, begirunerik gabe eta gobernuak eman zien legezko aterkipean. Lanaren banaketa egunetik egunera eskatzen da, premiazkoa eta behar-beharrezkoa. Argi daukagu langileak ez direla sobera daudenak, eta, aitzitik, errealitateak erakusten diguna da lanorduak eta kontsumismoa sobera daudela.

Laguntzak eskatu zituzten enpresa horiek guztiek zergatik ez dute orain berea ematen langile orok baldintza duinetan dauden formuletan gure lekua izan dezagun? Hain zaila al da lanaldiak murriztea guztiok lan egin dezagun, pertsona gisa, eta ez kontsumitzaile huts gisa, benetan asebeteko gaituen bizitza bat eskuratzea ahalbidetuz? Formula asko daude lanaldia murrizteko, ez du zertan egunerokoa izan, helburua pertsona guztiek bizitza duina izan dezaten ahalbidetzea da azken finean.

Azkenaldiko gobernurik aurrerakoiena omen den honek, ez ditu milaka pertsona kalean uzten dituzten aparteko orduen inguruko abusuak debekatu, ez du esku hartu langileria hiltzeko arriskuan jartzen duten enpresa guztietan, eta langileriaren interesetatik oso urrun jarraitzen du. Eta zer esanik ez ordezkaritza politikaren kalkulu alderdikoietan sartzen ez diren sektorerik babesgabetuenei buruz. Horregatik, Maiatzaren Lehen honetan, egungo eredu soziala eta lan harremanetako eredua gaitzesteak betiko zentzua izaten jarraitzen du; izan ere, hori ez da gaitasun kontua, borondate politikoaren kontua da, eta ez badute, eduki dezaten lortu beharko dugu.

Borondate politikoaren kontua da, halaber, lan-erreformak behingoz indargabetzea, eta gure pentsiodunek bizitza duinak izatea bermatuko duen pentsio sistema publiko bat defendatzea, bide batez, pentsioetan dagoen genero arrakala bukatuko duena.

Pandemia hasi zenetik, Europako Batzordeak ekonomia berreraikitzeko inbertituko dituen ehunka mila milioi euroei buruz hitz egiten entzuten ari gara. Ezer gutxi esan digute, ordea, ez dela doako dirua izango. Berreraikuntzarako funtsaren zati handi batek mailegu itxura du, eta Espainiako estatuak lan merkatuaren eta pentsio sistemaren egiturazko erreformak egiteari lotuta dago. Alderdiek mirari bat balira bezala espero dute milioi zaparrada hori. Hala ere, langileok xantaiarik onartu ezin ditugula argi daukagu. Guretzat ez dago berreraikuntza ekonomikorik berreraikuntza sozialik gabe, guretzat ez dago krisirako irtenbiderik eskubideetan aurrera egin gabe.

Horregatik, Maiatzaren 1ean, berriro diogu une hau gurea denaren alde borrokatzeko unea dela, gure bizitzak beren interesen aurretik defendatzeko unea, kaleak berreskuratzeko unea. Maiatzaren 1ean CGT, Steilas eta ESK sindikatuok Iruñeko kaleak beteko ditugu berriz ere elkarrekin Errekoletasetik 12:00etan aterako den manifestazioan: bizitza duinak nahi ditugulako, bizitzea merezi duten bizitzak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.