Tokioko Olinpiar Jokoak

Burokraziaren Olinpiar Jokoak

Tokioko Olinpiar Jokoetako antolakuntzak prozedura eta agiri ugari betetzera behartu ditu Jokoetan egon nahi duten komunikabideak eta kazetariak. Prozesu korapilatsuak eta aldakorrak izan dira, eta nahasmena eta larritasuna eragin dute, bai Tokiora joan aurretik, bai Tokion bertan.

BERRIA.
jakes goikoetxea
Tokio
2021eko uztailaren 21a
00:00
Entzun

Olinpiar Jokoetan parte hartzen duten kirolariek olinpiar zikloa deitzen diote joko batzuen eta besteen arteko lau urteko epeari —Tokioren kasuan bost dira, urtebeteko atzerapenagatik—. Kazetarien eta komunikabideen kasuan, olinpiar zirkua izan da Tokiora iritsi ahal izateko bidea. Burokraziaren Olinpiar Jokoak irabazi behar izan dira Tokiora iritsi ahal izateko, Tokion egon ahal izateko eta Tokion lan egin ahal izateko.

Antolatzaileak urte hasieratik hasi ziren Olinpiar Jokoetan egoteko eta lan egin ahal izateko oinarrizko irizpideak zehazten. Playbook izeneko gidaliburuak izan dira oinarriak. Hiru kaleratu dituzte guztira. Hor zehaztu dituzte bete beharreko irizpideak, bai Tokiora joan aurretik, bai Tokiora sartu aurretik, bai Tokion bertan, eta baita Tokiotik joan eta gero ere. Testu ordenatuak eta irudiz jantziak, irizpide eta arau orokorrak garbi edukitzeko.

Gauza bat da, ordea, gidaliburuetan eta PDFetan jartzen dena, eta bestea, berriz, benetan, errealitatean nola egin duten. Eta kasu horretan Tokioko Olinpiar Jokoen antolakuntzak kale egin du, irizpide orokorretatik urrats eta prozesu zehatzetara pasatzean bideak katramilatsuak eta nahasgarriak izan baitira. Argibideen argibideak behar izateraino. Sarritan, gainera, irizpideak aldatu dituzte azken orduan.

Ostatuekin hala gertatu da. Hasieran, komunikabide bakoitzak nahi zuen ostatua har zezakeen Tokion. Bazegoen hotel ofizialen zerrenda bat, antolatzaileen bedeinkapena zuena, antolatzaileen arabera koronabirusaren kontrako irizpideak betetzen zituztelako; baina ez zuten eragozten beste hotel batzuetan lekua hartzea. Ostatu horien kasuan, antolatzaileei jakinarazi behar zitzaien, haiek ostatu horiek aztertzeko eta ikusteko ea koronabirusaren kontrako neurriak betetzen zituzten.

Maiatzean, ordea, irizpidea aldatu zuten, eta kazetariak hotel ofizialetan ostatu hartzera behartu zituzten, egindako erreserbak bertan behera uztera eta korrika eta presaka beste hotel bat bilatzera derrigortuz.

COVID-19aren izurritearen eraginez, Tokioko Olinpiar Jokoetako antolakuntzak goitik behera kontrolatu nahi ditu bai kirolarien, bai kazetarien ibiliak. Aspaldi sortu zuen webgune bat, joaneko eta itzuliko hegaldiei buruzko informazioa sartzeko.

Horrez gain, Tokiora joan diren komunikabide guztiei eskatu die bidal dezatela Tokion egingo dituzten lehen hamalau egunetako jardueren plan bat. Horrek, hasieran, ikara eta larridura eragin zuen: nola da posible hamalau egun horietako bakoitzean nora joango den zehaztea, lehiaketa bakoitzean zer gertatuko den jakin gabe?

Olinpiar guneak bakarrik

Gero, ez zen hainbesterako izan. Zehaztu behar zena ez baitzen egunez eguneko plana, baizik eta hamalau egun horietan bisitatuko ziren lekuen edo guneen zerrenda: Olinpiar guneak, ez baitago beste aukerarik. Kazetariek eta komunikabideek debekatua dute Tokion barrena ibiltzea, japoniarrekin hitz egitea, garraio publikoa erabiltzea (lehen hamalau egunetan).

Antolatzaileek korapilo bat sortu zuten, eta korapiloak inbutua eragin du. Berez, kazetariak hoteletan hiru eguneko itxialdia egitera behartu dituzte. Hala ere, hiru eguneko itxialdia ez egiteko aukera ere eman zuten, Olinpiar Jokoei lotutako «ezinbesteko» lanak egiteko. Eta zer da ezinbestekoa? Ez zuten zehaztu. Hala, komunikabide askok eskatu dute hiru eguneko itxialdia egin behar ez izatea, Olinpiar Jokoak hasi aurretik egin beharreko eta prestatu beharreko lan asko daudelako.

Japoniako Gobernuaren ardura da eta izan da jarduera plan horiek onartzea edo ez. Horietako asko atzera bota ditu, eta beste batzuei zehaztasun gehiago eskatu die. Kasu gehienetan berandu dabil, eta ibili da. Komunikabide askok ez dute jarduera planik; Olinpiar Jokoak hastear, oraindik onartu gabe dauzkate.

Kasu batzuetan, kazetariei eskatu die azaltzeko ea zer egin behar zuten Tokiora joan aurreko hiru egunetan. Zuzenago ere galde zezakeen: ezin baduzu egin dagokizun hiru eguneko itxialdia, zergatik ez zara joan Tokiora hiru egun lehenago?

Larritasuna

Jarduera plana igo ahal izateko eta beste prozedura batzuk egiteko, webgune edo plataforma bat ere sortu zuten (ICON), baina webgune horretara sarbidea lortu ahal izatea ia ezinezkoa izan da duela gutxira arte.

Horrek guztiak Tokiora joan behar duten kazetarien eta komunikabideen larritasuna eta ezintasuna eragin du. Eta ez zegoen nora jo. Posta elektronikoko helbideren bat, asko jota. Antolatzaileak ere, Olinpiar Jokoak gerturatu ahala, konturatu dira komunikabide askok oraindik egin gabe zituztela oinarrizko urratsak, eta, berandu bada ere, prozedurak errazteko informazioa bidali dute.

Bidali. Horixe izan baita komunikabideen eta Olinpiar Jokoen arteko zilbor hestea: posta elektronikoa. Bidean zalantza asko sortu dira, eta oraindik ere argitzeko daude. Mezuak izan dira galderak egiteko eta zalantzak argitu nahi izateko modua. Tokiotik, baina, ez da erantzunik iritsi. Kilkerraren soinua baino ez. Ez mezua jaso dutela esateko jakinarazpenik, ez zalantzak argitzen saiatuko direla esateko mezurik, ezer ez. Ez inoren izen-abizenik, ez zalantzak zuzenean argitu ahal izateko telefono zenbakirik. Antolakuntzarekin harreman estuagoa dutenen esanetan, gainezka eginda daude.

Tokiora joan aurretik PCR testak egin behar dira, eta Tokion bertan, listu bidezko antigeno testak. Tokioko Olinpiar Jokoetan parte hartzeren bat duten guztiek egin behar dituzte listu testak. Lehena, Japoniara iritsitakoan, aireportuan. Itxialdiko hiru egunetan, egunero. Eta, gero, maiztasun ezberdinarekin, parte hartzailearen parte hartzearen arabera: kirolariek, egunero; kazetariek, lau egunetik behin.

Listu testak

Kontua da komunikabide edo kazetari bakoitzak kudeatu behar dituela test horiek. Antolakuntzak enpresa baten kontaktua pasatu die komunikabideei, eta komunikabideek enpresa horri eskatu dizkiote Tokion beharko dituzten listu testak egiteko potoak eta barra kodeak. Listua poto batean sartu, dagokion barra kodea jarri, testa webgune batean erregistratu, eta lagina olinpiar gunetako batean utz daiteke.

Itxialdiko egunen kasuan, berez, hotelera bidali behar dituzte, kazetariek debekatuta baitute handik ateratzea. Gero, antolakuntzako ordezkari bat joaten da hotelera laginak jasotzera. Ustez telefonoz testak hotelera bidaltzeko eskaera eginda eta baieztapena jasota ere, BERRIAko kazetariei eta beste komunikabide batzuetakoei ez zaizkie iritsi. Alferrik da antolakuntzako telefonoetara deitzea: gehienetan ez du inork hartzen, eta, hartzen dutenetan, edo beste telefono zenbaki bat ematen dute, hartzailerik gabea, edo arazoa konponduko dutela esaten dute, baina ez dute konpontzen.

Euskal Herritik ateratzerako, Tokiora joateko hegaldia hartzea zen lehen helburua. Itxuraz, helburu erraza. Baina Euskal Herriko goi mailako kirolari batzuk ia hegazkina hartu ezinik geratu ziren Istanbulen (Turkia), esan baitzieten beren paperetan Japoniako Gobernuaren zigilu bat falta zela.

Hegaldia hartuta, Tokioko aireportuko prozedura guztia gainditzea zen hurrengo helburua. Pasaporteaz eta PCR negatiboaren ziurtagiriaz gain —Japoniako Gobernuaren agiri ofizial batean jasoa—, arduraz jokatuko dela ziurtatzen duen agiri bat; agiri hori osatzeko, beste orri batzuk, japonieraz idatzita, eta QR kode bat, norberari eta norberaren osasunari buruzko datuekin inkesta bat bete eta gero sortua.

Behin Japonian lur hartu eta gero, oraindik hegazkinetik jaitsi gabe, antolakuntzako eta berrogeialdiko langile saldo batek emandako bi orritxo, ordurako antolakuntzaren plataformetan eta beste hainbat orritan jarritako datu berekin.

Hegazkinetik jaitsi, eta erromesaldia hasten da. Bisitariak, ilaran, kontrolez kontrol, koronabirusaren zabalkundea eragozteko agiriak erakusten eta urratsak egiten, baina segurtasun distantziarik gabe. Guztietan agiri berdintsuak erakusten, paper sorta handia pilatu arte, neurri eta kolore guztietakoak. Kontrol batean pasaportea eta QR kodea eskatzen dituzte. Handik hamabost metrora dagoenean ere bai. Horrela ia dozena bat aldiz.

Kontrolak eta kontrolak

Bidaiarien artean daude herrialdeetako kirolariak eta ordezkaritzak. Koloretako txandalak ikus daitezke aireportuan aurrera eta atzera. Frankfurteko hegaldian, Alemaniakoak, Eslovakiakoak, Ukrainakoak, Kroaziakoak...

Aurrena, agirien kontrola; gero, osasunarena, eta, azkenik, immigraziokoa. Listu testa ere egiten dute aireportuan. Emaitzaren zain egon behar da. Pasabideetaan langile uniformedun pila bat, ia bisitariak adina. Horietako asko nondik joan behar den erakusten baino ez, geziak dituzten paperen ondoan. Adeitsuak bai, baina zalantzaren bat argitzeko eskatuz gero, duda mudak eta ezinak.

Hotelera joateko, antolakuntzaren autobusa aurrena. Taxiak gero. Bidaiari bat taxi bakoitzeko, baita bi kazetari hotel berera badoaz ere, eta hegazkinetan elkarren ondoan hamalau ordu egin badituzte ere.

Hotelean, hiru eguneko itxialdia. Tokiora iritsitako eguna ez da aintzat hartzen zenbatzeko orduan; beraz, ia lau. Hoteletik atera daiteke, ordu laurden baterako gehienez. Jatetxerik gabeko hotel batean, ondoko jatetxe txiki batera joateko ingelesez ez dakien nagusiari eramateko bi arroz ontzi eskatzera, ordaintzeko, eta hotelera bueltatzeko justu-justu. 19:45ean atera, eta 20:00etan bueltatu.

Badaezpada, Olinpiar Jokoen antolakuntzak langileak jarri ditu hotelen sarreretan, bidaiarien sarrera-irteerak kontrolatzeko. Horrez gain, derrigorrezkoa da sakelakoan aplikazio bat izatea —Cocoa— GPSaren eta bluetootharen bidez erabiltzailearen joan-etorriak eta harremanak kontrola ditzaten.

Antolakuntzak, gainera, bisitarien ihesaldietarako tentazioak eragozteko, ohartarazi du japoniarrek normalean salatu egingo dituztela kalean ikusiz gero.

Ongi etorri, youkoso, Tokioko Olinpiar Jokoetara.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.