Diskriminazio berria, diskriminazio onargarria?

Jasone Iroz
2021eko irailaren 7a
00:00
Entzun
Uda huntan, kafea hartu dut egunero herriko zein inguruko taberna ezberdinetan, betidanik egiten dudan moduan. Duela egun batzuk, alta, inoiz gertatu ez zitzaidan egoera bizi izan dut. Kafea ukatu eta tabernatik joateko erran dit bertako zerbitzariak. Euskaraz eskatu izanagatik gertatu zait? Emakume izateagatik? Azal kolore ezegokia izateagatik? Diskriminazio mota hauetako bat pairatu izan banu, txio bat hedatu eta berehala deituko ninduen kazetariren batek, edo kolektiboren batek, gertatutakoaren berri hartzeko edota protesta bat antolatzeko Diskriminaziorik ez lerroburu baten atzean.

Baina, Lapurdi kostako terraza eguzkitsu horretan, kafea ezin nuela betiko moduan hartzen ahal, «frantses gobernuak inposatu berri duen osasun pasaportea ez nuelako» azaldu dit zerbitzariak, segurtamen osoz bezain deseroso. Azalpen berri horrek, dirudienez, salaketa irmoa baino, ezinegona ekarri du diskriminazioen kontrako betiko eragile, defentsari askoren artean.

Kafearena jarri dut eguneroko ohituretako adibide adierazgarri gisa, baina zinema, jatetxe, garraio, kultur ekitaldi, kirol jarduera (pilota federazioaren aginduz 12 eta 16 urteko semeek pilota entrenamenduak ez dituzte segitzen ahalko irailetik goiti, pasaportea ez badute agertzen), lantoki (alor askotako langileak behartuak dira txertoa hartzera sekulako presioa pairatuz), ikastola (ikasle bat positibo agertuz geroz, haur ez-txertatuak baztertuko eta etxera bidaliko dituzte) edo beste hamaika leku eta jarduera har ditzaket hizpide, Lapurdi, Xiberoa edo Baxenafarroako milaka herritarrok bizi dugun egoera sinesgaitzaz eztabaida hornitzeko. Are gehiago, ospitaleetako artamenduak debekatuko dizkietela osasun pasaportea ez duten gaixoei (tratamenduak hartzeko, kontsultak egiteko...) zehaztu behar dut irakurtzen ari diren osasun arloko langileentzat, Hipokratesen zina zertan gelditzen den galdetu aitzin.

Nahitara, ez naiz sartzen hemen txertoaren aldeko edo kontrako eztabaidan, zientzialarien ondorio kontraesankorretan, datuen dantza amaigabean, politikari, hedabide eta sindikatuen isiltasun estrategia tutagarrian. Ez ditut aipatu nahi ezta, gai guzti hauen harira gertatzen ari diren jarrera mespretxagarriak, deklarazio hautsezinak, etiketatze errazak edo bertso borroka arrakastatsu bezain penagarriak... Gai minberatsu horiek, luze joko lukete eta milaka ekarpen ezberdinez elikatzen dira egunero, hedabideak eta sareak lagun. Nahiago dut denboraren esku uztea ikuspuntu guzti hauen epaile lana. Baztertzen ditut nahitara baztertzaileak eta nahasgarriak diren gaiak, irakurleak hasierako lerroburuan edo galderan zentratzeko: diskriminazio berriak diskriminazio onargarriak dira?

Lerro hauek idatziz, beste perspektiba batetik, irakurleei iritzia galdegin nahi nieke: Zer iritzi duzue Euskal Herriko zein munduko milioika herritar diskriminaturik eta kontrol erabatekoan bizitzera kondenatzen gaituen gizarte motaz? Herritar guztion oinarrizko askatasun eta eskubideak, lan, osasun, mugikortasun eta gizarte alorretan, bat-batean galtzea zilegi iruditzen zaizue? Horri buruz eztabaida piztu nahi izateak arduragabe egiten nau? Diskriminazioa karrikan salatu nahi izateak gaizkile edo eskuin muturreko bihurtzen nau? Munduko bazter ezberdinetatik, COVIDaz iristen diren informazio ezberdin eta kontrajarriez jabetzeak gezurti, manipulatua, bihurtzen nau? Eta gure haurrei utziko diegun gizarte goibel eta kontrolatuaz kezkatzea ez da normala?

Gaiari heltzeko gomita luzatu nahi nieke ere isilik, galdurik, beldurturik, bazterturik edo horien testuinguruan gaiaz eztabaidatzeko ere beldurrez dauden jendeei. Izan ere, urte eta erdi luze honetan, noraezean ibili garen herritar guztiok, txertatuak izan ala ez, gazteak, adinekoak, langileak, enpresariak, ikasleak —salbuespen batzuk badira: diputatuek, poliziek, goi mandatariek eta hauen lagun onek ez dute pasaportea erakutsi beharrik Frantzian— pairatuko dugu, agintari bakar batzuek, osasun aitzakia pean inposatu nahi duten QR kodedun gizarte berria, batzuk pasaportea eskuan eta besteak bazterrean. Hemezortzi hilabeteko zoramenaren ondoren, izuaren zurrunbilotik ateratzeko, arnasa hartzeko eta ikuspegi lasaiago batetik, iparrorratza berriz finkatzeko garaia dugu gainean. Denoi dagokigu bidea aukeratzeko ardura, bide berria eta hobea izan dadila, aldi honetan, inor utzi gabe bide bazterrean, ahalez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.