Zergatik falta da lan-indarra Nafarroako nekazaritzan?

Berta García
2021eko urriaren 21a
00:00
Entzun
Iragan irailaren 28an, erreportaje bat argitaratu zuten Nafarroa Garaiko egunkari batean, zeinetan Lodosako Pikillo Piperraren Kontseilu Arautzaileko batzordekide batek adierazi baitzuen aurten piperra behar bezala ez merkaturatzeko arriskua dagoela, nahiz eta oso ekoizpen handia egon den. Batzordekide horren iritziz, arrisku horren errua sasoikako langileena da: «Egun finko batzuetan baino ez dute lan egin nahi, [diru] laguntzekin jarraitzeko».

Egun gutxi batzuk lehenago, LAB sindikatuak Arturo Rojasen kasua salatu zuen Lan Ikuskaritzaren aurrean. Kolonbiako 62 urteko langilea zen Rojas, eta goizaldean zelairen batera egoera kontraktual zalantzazko batean lan egitera bizikletaz zihoala harrapatu zuen ibilgailu batek. Pertsona hori txabola batean bizi izan zen mendian, jatorri desberdinetako bertze pertsona batzuekin batera, eta lanean ari zen, ahal zuenean eta ahal zuen moduan, Nafarroako herri anitzetan hain ezaguna den zirkuitu ilun horren bidez. Zirkuitu horretan, goizero furgonetetan biltzen dituzte egun horretan lan egiteko zortea izanen duten jornalariak. Hori bai, zoaz jakitera zein baldintzatan egiten duten lan.

Zalantzarik gabe, Arturo Rojasek etengabeko prekaritate eta lan-esplotazio egoera bizi izan zuen, bertze pertsona askok bezalaxe —gehienak Nafarroako landa eremuan lan egiten duten migranteak—. Duela urte batzuetatik salatzen ari garenez, enpresaburu asko Atzerritarren Legeak milaka langileri eragiten dien zaurgarritasunaz baliatzen dira, oso modu prekarioan baliatzeko edo, zuzenean, haiek esplotatzeko.

Nafarroako landa eremuan gehiegitan ez da aplikatzen sektore horretako lan baldintzak arautzen dituen lan hitzarmena. Hain zuzen ere, hitzarmena ez aplikatzea du ezaugarri. Eta horren ondorio dira izarretik izarrerako lanaldi bukaezinak, destajuko lanaren araberako soldatak —eta ez lan eginiko orduen araberakoak—, eguneko eta asteko atsedenaldi eta oporraldi ordainduak ez errespetatzea, eta laneko arriskuei aurrea hartzeko neurririk ez hartzea, nahiz eta produktu kimiko kantzerigenoak erabili, muturreko tenperaturetan egon eta ahalegin fisiko handia egin.

Aipatutako ez-betetze handi horiez gain, ez da ahaztu behar nekazariak Gizarte Segurantzan kotizatzen duela lanaldi errealeko, eta, beraz, hilabete osoan alta emanda egon behar duela—nahiz eta 14 egun bakarrik lan egin eta kobratu—, eta gainerako denboran ezin duela langabezia kobratu, Gizarte Segurantzako altak indarrean jarraitzen baitu. Eta hori ezkutatzen ibiltzeak erran nahi du ez dugula ikusi nahi halako langileek ezin dituztela ase beren oinarrizko beharrak, hala nola jatea, alokairua ordaintzea edo botikak erostea, hilean 500 euro kobratzen baitituzte.

Sasoikako langileek 7,39 euro kobratzen dute orduko, langile egonkor batendako urteko lanaldia 1.755 ordukoa denean; hartara, sasoikako langileak lanbide arteko gutxieneko soldata baino askoz beherago geratzen dira askotan. Horregatik ari da Nafarroako nekazaritza langilerik gabe gelditzen, eta hori ezin da ukatu.

Hori horrela izanik, harrigarria egiten hasi da zein interes duten batzuek lan-indar falta, pertsona migratuak eta laguntzetan (errenta bermatuan, erraterako) ustez eginiko iruzurra sistematikoki zaku berean sartzeko. 2018ko urrian, UAGNko lehendakariak harribitxi batzuk bota zituen hedabideetan. Orain, pikillo piperra arautzen duen kontseiluko kide batek norabide berean apuntatu du.

Gu, Nafarroako bertze herritar anitz bezalaxe, nazkaturik gaude horrelako diskurtso arrazistekin, herritarren zati bat kriminalizatzeak eragiten dituen gorroto-diskurtsoetatik hurbil daudenak, eta alde batera uzten dutenak pobrezia, prekaritatea eta lan-esplotazioa ez direla norbanakoaren arazoak, baizik eta egiturazko arazoak direla, egungo garapen ekonomiko eta sozialaren ereduaren ondorio, guztiz bidegabea eta sostengaezina baita.

Nahikoa da. Nafarroako landa eremuaren benetako egoera ezkutatzen duten aitzakia eta ke-laino gehiagorik ez, mesedez. Zera behar dugu, Nafarroan bizi eta lan egiten dugun pertsona guztien duintasunaren alde eginen duen gobernu bat; bai eta bere egitekoa benetan eginen duen Lan Ikuskaritza bat, laneko lege eta hitzarmenak eta laneko arriskuak prebenitzeko araudia betetzen direla bermatuko duena.

ARTIKULUA HONAKO HAUEK ERE SINATZEN DUTE: Rosalia Bona (LABen Erdialdeko eta Erriberako Nekazaritza eta Abeltzaintza arduraduna); Iban Pérez (LABen Ekintza Sozialeko arduraduna Nafarroan; Oskar Goldaratz (LABen Erdialdeko eta Erriberako idazkaria)

 
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.