Landa-eremuaren funtzioa eta mendiaren industrializazioa

2022ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Hainbat menditan aerosorgailuak jartzeko asmoek azken egunotan jaso duten oinarrizko adostasunak galderak, kezkak eta beldurrak sortzen dizkit. Denak batera, eta agian nahasian.

Hasteko eta behin, galdera xume bezain oinarrizko bat, mendian bizi den honentzat: Zer funtzio betetzen du landa-eremuak egungo erabaki estrategikoetan? Nik esango nuke, politikagintzan dihardutenen begiradan, lau funtzio dituela, nagusiki; hurrenez hurren:

- Ingurune urbanoan nahi ez dituzten azpiegiturak kokatzeko espazioa: zabortegiak, erraustegiak, industrialdeak...

- Ingurune urbanoak bere funtzionamendua ziurtatzeko behar dituen azpiegiturak eraikitzeko lekua: errepide/autobideak, AHT abiadura handiko trena, goi-tentsioko lineak...

- Ingurune urbanoan bizi direnentzako aisialdirako lekua: turismoa,kirola, bigarren etxebizitzak...

- Pertsonentzako janaria sortzea.

Lehendabiziko bi funtzioak, gehienetan, batera doaz, eta kapitalismoa asetzeko beharra dago horien atzean. Aisialdirako funtzioa, oinarria guztiz ulergarria da: denok behar dugu natur espazioarekiko harremana, behar dugu sentitu lurra bere espresio guztietan. Oinarrizkoa izan arren, zenbaitetan, batzuek etekina atera nahi diete hiritarrari eta landa-eremuari, edozein modutan eta ondorioak kaltegarriak izanagatik. Elikaduraren funtzioa apenas ez den aintzat hartzen, nahiz eta denok jan behar dugun; eta erabakiguneetan interesa pizten duenean, zoritxarrez, askotan, landa-eremuaren berezko eginkizunari erreparatzen zaionean ere ustiatzeko joera hori ez da desagertzen; eta lurra, animaliak eta pertsonak zukutu egiten dira, inongo erreparorik gabe.

Hain zuzen ere, ikuspegi estraktibista horrek dakar, ezinbestean, landa-eremuan bizi garenon ikusezintasuna. Gure bizilekua ustiatzeko lekua da, beti hiriari begira eta ekonomia jakin bat elikatzeko. Hirian eta hiritik hartzen dira erabakiak, boterea han dago. Dena handik eta harako antolatzen da, eta sailak eta departamentuak izendatu arren, hemengo biztanleok jarraitzen dugu zerbitzu gutxiago izaten; eta oinarrizkoak direnetara heltzeko ere, zailtasunak; are gehiago erregaien prezioak kontuan hartuta. Zer esan baserri isolatuetan bizi garenon egoeraz... Ikusezinak gara askorentzat, espazio guztiz despertsonalizatua da landa-eremua hiriarentzat.

Hori horrela izan arren, herri txikietako eta mendietako biztanleok gure espazioaren jabe egin behar dugu, landako eta mendiko begiradatik, eta politikarien eta instituzioen aurrean ozen esan hemen bizi garela —bizi bere zentzu zabalenean— eta industrializatu nahi dituzten mendi horiek gure herri, baserri eta bizitzen parte direla. Badugu espazio hau babesteko ardura, interes ekonomiko partikularren gainetik. Publikoa dena herriarena dela entzun behar dute: ezin da poltsiko pribatuetara bideratu. Jaso genituen lurra eta mendia ez dira orube, lurrak baizik; eta ez gureak soilik, gure ondoren izango direnenak ere badira, eta, zortea badute, aukera izango dute bertatik jateko haiek eta euren komunitateak.

Landa-eremua eta mendia industrializatzeko gogo horri muga jarri beharko diogu, elkarrekin, herritarrek eta mendikook, denon hobe beharrez. Mendiaren industrializazio hori zuritzeko erabiltzen diren berriztagarri eta jasangarri hitzen benetako esanahiak mahai gainean jarri beharko ditugu, berriro.

Izan ere, mendiak aerosorgailuz jostea ez da ez berriztagarria ez jasangarria. Planteatzen ari den eran ez, inondik ere. Izan enpresa pribatua ala publikoa izan. Esan dezaten, bestela, zer egingo duten, hemendik 25 urtera, mendiak lehengoratzeko, gailu horien bizitza agortzen denean. Gakoa ereduan dagoela esango nuke.

Izan dadila abiapuntua mendiari eta landa-eremuari metro bat gehiago ez kentzea; eta has daitezela analizatzen jada eraikita dagoen horretan zer egin, pertsonen bizitza kontuan hartuta. Har dezaten aintzat desazkundea; eta horrek ez du esan nahi gaizki bizitzea, baizik eta zentzuz eta ez mugez gaindi.

Komunitatean landa-eremuak duen funtzioa birpentsatu egin behar da. Espazio hau ezin da izan inork nahi ez duenaren edukiontzia. Hemen bizitza dago, baita pertsonena ere. Jada ekarpena egiten diogu gure komunitateari, funtsezkoa, gainera. Janaria sortzen dugu eta horren bitartez zaintzen dugu mendia. Bestelako ekarpenik egin behar badiogu komunitateari, zentzuzkoa izan dadila eta ondorengoengan pentsatuta. Hitz egin dezagun berdinetik berdinera, agintekeriarik gabe eta errespetuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.