Albistea entzun

Herritar gehiago, euskara gehiago

Iraitz Lazkano - Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko lehendakaria

2021eko irailak 11

Azken asteotan, sare sozialetan eta zenbait iritzi artikulutan mezu eta irakurketa arriskutsuak ari dira hedatzen euskal herritar berrien inguruan, batez ere horiek euskararen biziberritzean duten eragina aipatuz. Gaiak ertz asko ditu, noski, baina asko laburtuz honako hau da zenbaitek zabaldu duten tesia: «Immigrazioak kalte egiten dio euskarari, etorkinen eskubideak babestearren gure hizkuntza alde batera uzten ari baikara, euskarari atzera eginaraziz, baita udalerririk euskaldunenetan ere».

Okerra ez ezik, gaiztoa da tesia, gezurretan oinarritzen delako, eta immigrazioaren aurkako mezua duelako orube, euskararen aldeko mozorroarekin estali arren. Iritziei aurre egiteko, onena ikerketak eta datuak izaten dira, eta horiei heldu nahiko nieke, agerian uzten baitute etorkinak ez direla arazoa euskararentzat.

Uemaren Iñaki Arregi ikerketa bekaren lehen deialdian gailendutako bi lanetako bat da Enara Eizagirre, Edurne Urrestarazu eta Ekhi Zubiriaren Migrazio erdalduna herri euskaldunetan ikerketa. 2005az geroztik udalerri euskaldunetara iritsi diren eta jatorriz Euskal Herritik kanpokoak diren herritar erdaldunek euskararekiko eta bizi diren herriarekiko zer-nolako harremana duten aztertu dute egileek, elkarrizketa sakonak eginez. Ondorioa argia da: erdaldunek euskararekiko duten harremana aldakorra eta dinamikoa da, hainbat aldagairen arabera. Aldagai horiek zein diren ere aztertu dute: bereziki harreman sare trinkoak, haurrak, lanarekiko espektatibak eta herrian geratzeko asmoa. Aldagai horiek aldatu ahala aldatzen dira euskararekiko jarrerak eta praktikak ere. Horrela, egileen arabera, etorri berriek euskararekiko duten harremana oso dinamikoa eta aldakorra da faktore horien eraginpean dagoenean, bai euskarara gerturatzeko eta baita euskaratik urruntzeko ere.

Gakoa, beraz, aldagai horietan ahalik eta gehien eragitea da, etorri berriei harrera egiterakoan euskara ezinbesteko osagaia dela sentiaraztearekin eta ulertaraztearekin batera. Horretarako, noski, ongi antolaturiko herri ekimenak behar dira. Zaldibiakoa, esaterako, eredugarria da. Migrazio tasa altua du Zaldibiak. Herritarren %14k dute beste herrialde bateko nazionalitatea, eta herriko eskolan bereziki sumatzen da aldaketa: hiru ikasletik batek jatorri atzerritarreko gurasoak ditu.

Ikasle horiek euskaraz hezteko erronkari erantzuteko, familiekin harreman egokia izateko eta komunitate osoaren parte-hartzea sustatzeko ekimen aitzindaria abiarazi dugu hainbat eragileren artean. Izan ere, euskararen arnasgunea da Zaldibia, eta herriko hizkuntza nagusiari eutsi nahi diogu, herritarren arteko zubiak eta komunikazioa bermatuta. Beraz, ezinbestekoa izango da ikasle horiek euskaraz errotzea, herriko egoera soziolinguistikoa ez iraultzeko. Neurri eta estrategia praktikoak erabaki eta probatuko ditugu, guztien artean adostuta. Elkarrekin ari gara Uema, Zaldibiako Udala, Lardizabal Herri Eskola, Ausa Gaztelu Guraso Elkartea eta Etxekonekok Elkarbizitza Taldea, Huheziren aholkularitzarekin, eta denon artean sortutako talde eragileak definitu, gidatu eta koordinatuko du proiektua.

Maila apalagoan bada ere, egun hauetan zabaldu dugu Euskara Plus ikastaroetan izena emateko epea ere. Uemaren, Banaiz Bagara elkartearen eta Lekeitioko, Markina-Xemeingo eta Ondarroako udalen ekimena dira ikastaroak. Zaintzan, zerbitzuen arloan edota arrantza sektorean aritzen diren edo lana aurkitu nahi duten etorri berriei oinarrizko euskarazko lehen ikastaroa ematea da helburua, lanerako gutxieneko euskara maila lor dezaten.

Zaldibian zein Lea-Artibaiko udalerrietan, ekimenen helburua argia da: herritar berriak euskaraz errotzea, egin diezaiokegun harrerarik ederrena eta eman diezaiokegun babesik onena delakoan, gainerako guztia errazagoa izan dadin. Izan ere, errotzeko eta euskaraz ikasteko erraztasunak emanez gero, herritar berriek ederki erantzuten dute.

Helduen euskalduntzeari buruzko azterketa bat ere egin du Uemak, horren argitan proposamen batzuk lantzeko. Hurrengo asteetan zabalduko ditugu ondorioak, baina ikusi dugu udalerri euskaldunetako euskara ikasleen herenak Euskal Herritik kanpo jaiotakoak direla. Are gehiago: udalerri euskaldunetan, euskaltegian ari dira migratzaileen %5, eta udalerri euskaldun txikietan, %7 (bertan jaiotako erdaldunak, berriz, %4-5 dira).

Honek guztiak agerian jartzen du etorri berriak euskarara gerturatzeko ekimenak abiarazten direnean eta euskara lanerako zein harremanetarako zubia dela sentitzen dutenean ederki erantzuten dutela. Udalerri euskaldunetan, hainbat udalen, elkarteren eta eragileren babesarekin, etorri berriak euskaraz errotzeko lanean ari gara, eta herritar berriak ederki ari dira erantzuten oro har. Euskarak, ordea, egiturazko neurri sakonak behar ditu, kalean ez ezik aisialdian, kulturan, lanean eta beste hainbat arlotan ere euskaraz bizi gaitezen, eta belaunaldien arteko transmisioa euskaraz izan dadin. Egiturazko neurri horien eraginez euskara lau haizeetara dabilenean, herritar berriak ere are gehiago eta errazago gerturatuko dira euskarara. Bitartean, zama ez dezagun herritar berrien esku utzi, baliabideak eta aukerak ematen dizkiegunean ederki erantzuten baitute. Immigrazioak ez dio kalterik egiten euskararen biziberritzeari, erdara nagusien artean bidegurutzetik ateratzeko egiturazko neurri sendorik gabeko hizkuntza izateak baizik.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Irizpidea duzulako. Giroan zabiltzalako.

Zuk badakizulako.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Egin BERRIAlaguna

Irizpidea duzulako. Giroan zabiltzalako.

Zuk badakizulako.

Egin BERRIAlaguna