Aldaketak hauteskunde jokaeretan

Ramon Zallo - EHUko katedratikoa

2019ko maiatzak 24
Hauteskunde jokaeretan aldaketak gertatu dira Europan, bai eta, ñabardura batzuekin, Euskal Herrian ere, non eutsi egiten baitzaie ezaugarririk komunitaristenei ere indibidualistei ez ezik, eta, beharbada, hainbat bidetatik azal liteke nola gertatu diren aldaketa horiek.

Lehenik, krisi bat dago subjektibotasun sozialean. Krisi ekonomikoak zigor handia ekarri du, eta hautesleek desilusioa hartu dute, hauteskunde programak eta konpromiso politikoak bete ez direla-eta; horren ondorioz, izugarri ahuldu da demokrazia arazoen konponbidea delako ideia, eta demokraziaren ideia hau da indarrean dirauen bakarra: prozedura bat dela, hots, arau multzo bat. Horrek lasaitu egiten du ideologia batekiko atxikimendua edo sigla batekiko leialtasuna, eta indar handiagoa hartzen dute lehendik ere bazeuden beste faktore batzuek: esaterako, kalkulua —boto baliagarria—, edo kontrako botoa —hirugarren bati kalte egiteko—, edo abstentzioa —erdeinuz—.

Hala, atxikimendua falta izaten da kanpaina garaian. Imajinatutako batasun hori lekualdatu egiten da, gehienera jota, hauteskunde eguneko ospakizunera eta boto zenbaketara, lehiazko lasterraldi moduko batean, sigla eta ikuskizun artean. Ekitaldietara jendetzarik biltzen ez denez —aparatua eta militanteak baino ez—, oihartzun kutsukoa bihurtzen da herritarren interakzioa. Kanpainako iragarkietan, marketina gailentzen da, eta ez lotura soziala; komunikabide publikoetan, politika ordezkatzen duen pertsonalizazio baten itxurak egiten dira: bisita ikastetxeren batera edo gutxiengoren baten kolektiboari, auzo endekatu batera...

Bigarrenik, hori guztia ezin da gertatu aurrez krisi bat ez bada izan demokrazian bertan eta bipartidismoetan —bitariko bipartidismoetan—. Hain zuzen ere, ohiko demokrazia formalizatu eta hustu izanak aldaketak ekarri ditu parte hartzeko eta asmoak bideratzeko esparru den aldetik, eta horixe dago alderdi tradizionalekiko atxikimendurik ezaren jatorrian; horrek ernarazi ditu bai eskuineko populismoak eta bai ezkerrekoak, nahiz eta batzuk eta besteak zeharo desberdinak izan; Europan, ezkerrekoak dira gailen, argi eta garbi.

Populismoak soildu egiten du erronka politikoen konplexutasuna, korapilo itxuraz gordiano batzuei dagokienez —immigrazioa, EBren inguruko jarrera, zerga sistema..., eta «lider» edo alderdi karismatiko batek askatu ahalko lituzke korapilo horiek, ausart eta buruargi jokaturik, eta lider horri tartea utziko litzaioke egiteko eta desegiteko. Populismo berri horien eskaintzak gertakari moduan aurkeztuak dira paradigma berriekin —Alain Badiouk ematen dion adieran— eta marketin teknikekin, eta, halako batean, itxaropen handia sortu eta plazak betetzen dituzte; baina ilusioak denbora tarte bateko esperientzia moduan iraun ohi du baldin eta ez badu oinarri egonkorreko sustrairik ehun sozialean, edo erantzun benetakorik, konponduko zuela zioen horretarako. Ikus, bestela, brexit-aren osteko kaosa. Nolanahi ere, Europako eskuin muturra luzarorako etorria da.

Euskal Herrian, gauzek bestela funtzionatzen dute, hein batean. Krisi demokratikoa dago, intendentziako arazoak bideratu bai baina arazo handiak ez direlako konpontzen, eta aurkari biren arteko dialektikan dabil jokoa —kudeaketa eta alternatiba—. Badira tradizio demokratiko luzeko aterki komunitario eta populista egonkorrak, atxikimendu animikoak dakartzatenak EAJren inguruan —zentroko nazionalismo sistemikoa— eta EH Bilduren inguruan —ezker nazionalista aldarrikatzailea—, denboraren joanean hobeto eusten diotenak fidelizazioaren eta inplikazio ideologiko eta emozionalaren enbidoari, nahiz eta gaur egun horiek ere ez dituzten lehen bezala betetzen plazak, ez lehen bezain aise mobilizatzen leial zaizkien horiek, luzaroan blokeatuta eduki baitituzte beren proiektuak. Jakina, gauza konkretuetara egokitutako programak eskaintzen dituzte.

Gogoan izan behar da, halaber, hauteskunde garaietatik kanpo ere eutsi egiten diotela mobilizatzeko gaitasunari kontu labain batzuetan —presoak, Alderdi Eguna—; ez, ordea, ohiko ekitaldietan —Aberri Eguna, hauteskunde kanpainak...—, proiekturik ez baitute eskumenean, baina bai laido bat muin-muinean —halaxe gertatu zaio katalanismoari 2011z geroztiko Diadetan—.

Hirugarrenik, komunikabide tradizionalen aldean, teknologia berriek modu ugari ekarri dituzte informatzeko —webak, hainbat iturritako albisteak—, bai eta mikropartaidetza konpartituak ere mikrolidergoak (Facebook, Twitter...) dituzten milaka «triburen» inguruan. Ordezkatu egiten dituzte zuzeneko harremanetan oinarrituriko zabalbideak —mitinak, tokian tokiko solasaldiak, etxez etxeko bisitak...—, eta, haien ordez, inpaktuzko mezu laburrak baliatzen dituzte, adierazpenaren pobreziak jotako bideak erabiliz, lehentasunezkotzat hartuta mezu irmo, deigarri eta inon kontrastatu gabekoak, eta, hala, fake news direlakoak ugalarazten dituzte. Kultura zibiko orokorturik izan ezean, populismorik topikoenen eta baldarrenen mesedegarri da.

Bestalde, itxuraz, komunikabide tradizionalek aukera ematen dute «guztiaren berri jakiteko», ordu eta erdiko ikuskizun erosoen bidez liderren arteko debateak eskainiz telebista eta irratietan, ikus-entzuleak metatzen dituzten hitzordu bakan batzuetan. Ezbairik gabe, «guretarrei» ez ezik besteei ere entzuteak aberastu egiten du demokraziaren aniztasuna, baina aldendu egiten ditu bizipen politikoa, emozioa eta inplikazioa, marken arteko kontsumo ekintza bat tankeratzeraino, ea nor aritu den hobeto.

Badirudi gazte jendeak ez duela interesik ez halako makrodebateetan ez panazea handietan. Aitzitik, pragmatikoak dira, beren belaunaldiko egoeraren eta balio batzuen —esaterako, ingurumenaren, hezkuntzaren eta enpleguaren— inguruko eskaintzen sinesgarritasunari dagokionez. Gazte horiekin konektatzea bera da etorkizuneko aldaketa demokratiko hori.

(Erredakzioan itzulia)

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna