Iraitz Lazkano.

Euskara eta turismoa: eredu berri baten bila

2019ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Uemak 2017an ekin zion udalerri euskaldunetako turismo eskaintzan euskarak izan beharreko lekuari buruzko hausnarketari, berariaz horretarako lantaldea sortuta. Hasieran, bisitariak jaso ohi dituzten hainbat udalerri euskaldunen kezkak bi norabide zituen: batetik, turismo guneetako merkatari eta ostalari askok euskara ezkutatzeko duten joera; bestetik, bisitariek zenbaterainoko pisua duten herrietako egoera soziolinguistikoan, hizkuntza ohituretan eraginez.

Gai horien inguruko pertzepzioak datuetara ekarri nahian, turismoak gora egin duen hainbat udalerri euskaldunetan bisitariek euskararekiko duten ikuspegia aztertu genuen iaz, inkesten bidez. Udaberrian aurkeztu zituen datuak Uemak, eta jasotako erantzunetan joera argia ikusten zen: bisitari ia guztiek eskertu egiten dute euskara ikustea edo entzutea, eta askok berariaz hautatzen du udalerri euskaldunetara etortzea, euskararekin topo egiteko. Euskara, beraz, erakargarria da turistentzat. Erantzunak ulertzeko, bisitarien jatorriari arreta jartzea ere giltzarrietako bat da. Izan ere, bisitarien laurden bat Euskal Herritik bertatik heltzen da, beste laurden bat Herrialde Katalanetatik, beste laurden bat Espainiatik, eta gainerakoak oro har Frantziatik, Alemaniatik, Eskoziatik, Ingalaterratik, Galestik eta Herbeheeretatik.

Horren aurrean, eta euskara biziberritzeko hizkuntza politika alor ezberdinetatik egin beharrekoa denez, ezinbestekoa ikusi genuen euskarak turismo eskaintzan jokatu beharreko rolari buruzko hausnarketa egitea. Berehala ohartu ginen lotuta dauden bi konturi buruz hausnartzea ezinbestekoa dela. Izan ere, gaur egun turistak hartzen dituzten guneetan euskarari bere lekua ematea da bideetako bat, euskara lehenetsiz edota euskarari gaur egun oro har ez daukan presentzia emanez. Beste ildoak, ordea, hausnarketa sakonagoa dakar. Euskara sustatzeko, euskara, hizkuntza eta euskal kultura turismo eskaintzaren erdigunean jartzeko eta eskaintza turistikoa horren arabera pentsatzen, sortzen eta antolatzen hasteko beharra jartzen du agerian.

Gaur egun, oso bakanak dira bigarren ildo horretan egin diren urratsak. Ildo nagusia bestea da: ohiko turismo eredua eta eskaintza, euskara gehiagorekin edota gutxiagorekin erakutsita. Horren baitan, hainbat udalek eta eragilek euskara kontuan hartzen dute, eta zenbaitek baita lehenetsi ere. Ia salbuespenik gabe, ordea, Euskal Herriko turismo eredua baliabide naturaletan eta gastronomian oinarritzen da. Kirol ekitaldiek, erlijioarekin lotutako bisitek edo kontzertu handien jaialdiek ere badute lekua, baina hortik kanpora ezer gutxi landu da. Horregatik, oraindik ere eragile askori azaldu behar zaie zergatik den garrantzitsua hizkuntzan eta euskal kulturan oinarritutako turismoa sustatzea. Ikuspegi aldaketa behar dugu, euskal identitatean oinarritutako eskaintzari atea zabaltzeko eta euskal kultura aintzat hartzeko, ildo berriak zabaltzeko aukera ematen digula sinetsita.

Adibide bakar bat jartzearren, ez dago herri bateko bertsolariak edota bertsolaritza ezagutzeko ibilbide gidaturik, bisitariek ez dute minutu erdian BECeko finala zer den ikusteko QR kodedun plakarik, inork ez die kontatzen herri horretan txapeldun handiak izan direnik, eta ez dute aukerarik bertso afari batean egoteko, bertsolariak entzunez eta elkarteren bat ezagutuz, gida edo bitartekariaren azalpenekin batera.

Horrelako esperientziak eta eskaintzak sustatu daitezke euskara eta euskal kultura oinarri hartuta, eta horien baitan hasi bidea egiten, sareak osatzen, eta beste modu bateko turismo eredu bat posible dela erakusten. Ez dakigu ildo horrek nora eramango gaituen, baina jakiteko, zabaldu egin behar da bidea, plangintza zehatzekin. Horrek zer-nolako bisitariak nahi ditugun hausnartzeko ere balio du, gure hizkuntzan, kulturan eta identitatean oinarritutako eskaintzarekin erakarriko dugun bisitariak begirune handiagoa izango baitu euskararekiko eta euskal identitatearekiko.

Beste bidea ezagutzen dugu: ohiko turismo eskaintzan euskarak ere lekua izan behar duela aldarrikatzea eta eskatzea dagokigu, eta erakunde publikoei, gainera, baita eredu izatea ere. Herrialde Katalanetan, Okzitanian eta beste herrialde batzuetan aritu dira horretan, erabaki zehatzak eta eraginkorrak hartuz.

Horretaz guztiaz aritzeko, Euskara eta turismoa. Aukerak eta arretaguneak izeneko jardunaldia izango da datorren azaroaren 21ean Orioko Arraunetxean, Uemak eta Udako Euskal Unibertsitateak antolatuta, Orioko Udalaren laguntzarekin.

Euskara eta turismoa nola uztartu eta euskara turismo eskaintzan nola eta zertarako nabarmendu aztertzeko jardunaldia izango da, udalerri euskaldunetako herri turistikoenetan azken urteotan sortutako kezkak aztertzeko, hausnarketak partekatzeko eta lanerako ildo berriak zehazteko.

Horiek aztertuko ditugu jardunaldian, gonbidatu bereziekin. Baina, batez ere, egin beharrekoaren inguruko hausnarketa jarri nahi dugu mahai gainean, bide berriak zabaltzeko beharraz ohartuta. Euskara eta turismo teknikari eta eragileentzat ez ezik, udaletako eta erakunde publikoetako ordezkarientzat, euskalgintzarentzat eta gainerako herritarrentzat beharrezkoa den hausnarketa eta jardunaldia izango delakoan gaude. Gonbidatuta zaudete!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.