Beste mugarri bat jarri nahi du

Lointek Gernika Bizkaiak Eurokopako final-hamaseirenetako joanekoa jokatuko du gaur, Malosten, Hungariako Szekszarden aurka. Arerioak 58 puntu baino ez ditu jaso partidako

Lointek Gernika Bizkaia taldeko jokalariak, herenegun, komunikabideentzat egindako agerraldian. LOINTEK GERNIKA BIZKAIA.
Julen Etxeberria.
2020ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Lointek Gernika Bizkaiak urteak daramatza mugarriz mugarri, urtero koska bat gora eginez. Eurokopan egindakoa da horren adibide: duela bi denboraldi aritu zen estreinakoz, eta gai izan zen ligaxkan norgehiagoka bat irabazteko; hurrengo sasoian, ligaxka gainditu eta lehen kanporaketa jokatu zuen; sasoi honetan, ligaxka eta kanporaketa gainditu ditu, eta final-hamaseirenetan da. Szekszard Hungariako taldea izango du aurkari. Gaur jokatuko du joanekoa, Malosten (20:00, ETB4), eta astebete barru itzulikoa, Szekszarden (18:00).

Ilusioz gainezka dira Gernikan. «Oso neurketa garrantzitsua da taldearentzat, eta oso garai onean iritsiko zaigu, oso ondo ari baikara jokatzen. Prest gaude lehia hau jokatzeko», esan du Naiara Diez Gernikako kapitainak. Diezen iritziz, «finala» da gaurko partida. «Guretzat oso garrantzitsua da lehen neurketa; gure finala da. 80 minutuko lehia izango da kanporaketa, baina funtsezkoa da joaneko partida etxean jokatzea eta Uholde Granatea alde izatea [hala deitzen diete taldeko jarraitzaileei]. Irabazteko, gauza asko egin beharko ditugu ondo».

Iritzi berekoa da Mario Lopez entrenatzailea. «Lehen partidaren mende egongo da kanporaketa gainditzea edo ez. Ahal dugun norgehiagokarik onena jokatu beharko dugu. Baloi, errebote, blokeo eta egoera bakoitza garrantzitsua izango da».

Aurkari gaiztoa

Beste mugarri bat ezartzeko, Gernikak Szekszard gainditu beharko du. Erronka zaila da, aurkari indartsua baita. Hirugarren denboraldiz jarraian ari da Europan. Duela bi sasoi, Euroligan hasi zen, baina, kanpoan geratu, eta Eurokopan aritu zen gero: Turkiako Hatay taldeak kanporatu zuen, final-zortzirenetan. Koska bat urrunago iritsi zen joan den denboraldian final-laurdenetara. Gironak kanporatu zuen, baina lanak eman zizkion Herrialde Katalanetako taldeari, puntu bakar batengatik ez baitzen sailkatu. Orduko hartan ere Euroligan ekin zion lehiari. Sasoi honetan, berriz, Eurokopako ligaxkan hasi zen jokatzen, eta oso lan ona egin zuen: sei partidetatik bakarra galdu zuen, eta lehen postuan amaitu zuen. Horri esker, zuzenean sailkatu zen final-hamaseirenetarako.

Zeljko Djokic entrenatzaile serbiarrak oso talde garaia du bere aginduetara, lau jokalarik gainditzen baitute 1,90 metroren langa. Lau jokalarik osatzen dute taldearen bizkarrezurra, atzerritarrak guztiak: Ivana Dojkic eskolta kroaziarrak (17,7 puntu, 4,7 errebote eta 3,8 asistentzia partidako); Tyaunna Marshall hegaleko estatubatuarrak (hamabi puntu eta bost errebote); haren herrikide Erica McCall hegaleko pibotak (15,7 puntu eta 9,7 errebote); eta Marie Ruzickova pibot eslovakiarrak (12,7 puntu eta zazpi errebote). Szekszardek 72 puntu sartu ditu partidako, eta horietatik 58 lau jokalari horien artean lortu dituzte. Estatistika ikusgarria da. Baina are ikusgarriagoa da sartu dizkioten puntuena: 58 besterik ez ditu jaso neurketako. Horrek agerian uzten du defentsan oso talde indartsua dela.

Horren jakitun daudela azaldu du Lopezek. «Intentsitate handiz jokatzen dute defentsan; oso oldarkorrak dira paseak oztopatzeko lanean, eta kantxa guztian defendatzen dute. Erasoan, berriz, asko jokatzen dute blokeo zuzenetik hasita. Aukera asko sortzen dituzte jokaldi horri esker».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.