Gazteontzat, ez normaltasun zaharrik, ezta berririk ere

2020ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Jada bi hilabete pasatxo daramatzagu konfinamendu egoeran, egun batetik bestera gure ohiturak irauli zituen alarma egoera honekin bizitzen. Osasun krisia lehenik, eta horrekin batera gurean urteak (akaso hain bistako izan gabe) zeramatzaten beste hainbat krisi. Eta krisietan gertatu ohi denez, gatazka etengabean: bizitzak ala kapitala.

Ikusi dugu gure kaleak kolore guztietako poliziaz nola bete diren, birusa metrailetaz eta hizkuntza belikoan garaitu nahiko balute bezala. Ikusi ditugu agintariak osasun langileak txalotzen, baita urtez urte osasungintza publikoan murrizketak egin dituzten agintari horiexek ere. Eta ikusi ditugu osasun langileak (baita beste ofizio askotako langileak ere) baldintza kaxkarrenetan krisiari aurre egiten. Ikusi ditugu langabezia datuak gora eta gora egiten, eta, tamalez, baita lanean hildako langileen kopurua ere (mundua gelditu dela sinetsarazi digutelako, kapitalismoak jarraitu duen bitartean). Ikusi dugu, etxeetan eta kalean elkartzeko aukera izan aurretik, terrazetan kontsumitzeko egin zaigun gonbita. Ikusi dugu politikaririk, bi hilabeteren ondoren ere osasun krisiari aurre egiteko irizpide eta plan argirik izan ez arren, argi daukana hauteskundeak modu seguruan egiteko bermeak badaudela. Eta edonork, arrazoi osoz, esan lezake horrelakoak ikusi ditugula COVID-19a gurera iritsi aurretik ere! Izan ere, egunotan behin eta berriz entzuten dugun lehengo normaltasun eta normaltasun berria-ren atzean, azken finean, normaltasuna besterik ez dago. Eta normaltasuna, sistemaren biziraupena da, beste hitz batzuekin esanda. Norma, zapalkuntza, injustizia, krisia. Eta guk ez dugu normaltasun zaharrera itzuli nahi, baina ezta normaltasun berrira joan ere.

Baina, normaltasunak normaltasun, ezin uka egoera berezi honek (jada diagnostikatuak zeuden) krisiak azaleratu eta azeleratu dituela, sistemaren kolapsoa irudikatzen duen une honetara heldu garen arte. Izan ere, bistakoa da parean daukaguna ez dela osasun krisia soilik, zaintza krisi, krisi sozial eta krisi ekonomiko gogorren ateetan gaude, krisialdi fase bortitzaren hasieran. Eta, hori esanda, zaila da 2008ko krisi finantzarioa burura ez ekartzea: krisira eraman gintuzten horiexek erreskatatzeko, langileok ordaindu genuen krisia; eta, oraingoan ere, irtenbide berbera eman nahiko diote datorrenari. Baina guk argi diogu krisia kapitalak ordaindu behar duela, irensten gaituen sistema honek sortzen dituen desberdinkeriak betikotzea nahi ez bada behintzat. Eta, horretarako, partxe eta erreformen gainetik, irauli egin behar dugu sistema kapitalista heteropatriarkala, gure bizitzak kapitalaren mesedetan jartzen dituen sistema, guk jaten ez badugu irentsiko gaituena.

Esan dugu sistemak goia jo duela, gainezka egin duela. Haren kontraesanak inoiz baino ikusgarriagoak diren honetan, beste eredu bat abiatzeko aukera leiho bat zabaltzen zaigu, bizitzak erdigunean jarriko dituen eredua abiatzekoa. Ordea, ez dugu irudikatu nahi erraza izango den prozesurik, sistemak jarraituko baitu egokitzen eta birmoldatzen, eta ez gara izango ondorengo agertokia norabidetu nahi dugun bakarrak. Esaterako, ezin gutxietsi eskuinak beldurra kanalizatzeko daukan gaitasuna. Eta horren aurrean, herri gisa erantzun beharko dugu, balio eraldatzaileek ezaugarritzen duten ehun komunitario eta gehiengoak sortuz. Lana ez da makala, baina ez gara zerotik hasten, autoantolakuntzarako eta elkar babesteko gaitasuna erakutsi baitu herri honek urtez urte, baita azken hilabeteetan ere.

Eredu aldaketa horretarako, burujabetza beharrezko dugu, den-dena guk erabakitzeko. Izan ere, krisietan ikusten omen da argien erabakiak hartu eta betearazteko boterea nork daukan. Eta kasu honetan, birus global batek kolpatu gaituen arren, estatuek izan dute lehen eta azken hitza haien mugen barnean aplikatu diren neurriak erabakitzeko. Gure kasuan, zentralismoan oinarritutako deseskalada izan dugu, Madrildik diseinatu eta betearazi dena. 155 estali honen bidez, erkidegoen autonomia egun batetik bestera deuseztatu du Espainiako Gobernuak; autogobernua gezur hutsa zela, ilusio bat besterik ez zela, argi utziz. Horrez gain, hiru eremu administratibo eta bi estatutan banatuta gaudenez gero, lurralde bakoitzean neurri ezberdinak izan ditugu, neurriak lurralde bakoitzeko agintarien interesen araberakoak izan baitira. Eta, bide batez, Euskal Herria inoiz baino zatituago dugu, mugak ireki eta ixtea Frantziako eta Espainiako Estatuen esku dagoen bitartean. Euskal Herrian burujabetza behar dugula garbi uzten duen beste adibide bat gehiago. Burujabetza, guri aplikatuko zaizkigun neurriak guk geuk erabaki ahal izateko. Burujabetza, denon bizitzak erdigunean jarriko dituen eredua eraikitzeko, ehun komunitarioan oinarrituko diren instituzioak sortzeko, denok zainduko gaituzten egitura publikoak indartzeko.

Eta burujabetzaren aldeko bide horretan, gazteok lehen lerroan egongo gara. Gazteon oraina borrokan dela genioen, eta hala izan da salbuespen egoera honetan ere; auzoz auzo eta herriz herri zaintza sareetan aritu gara, baldintzarik kaskarrenetan egin dugu lan, eta gure proiektuak eta ideiak bizirik mantentzeko ilusioa eta indarra ez dira agortu. Baina, datorren testuinguruan ere borrokan izango da gure bizitza. Ikusi dugu langabezia tasak nola egin duen gora, eta beste behin ere gazteona izan dela sektore kolpatuenetakoa; ikusi ditugu gure gune autogestionatuak suntsitzeko ahaleginak; ikusi ditugu gure herrian ezarritako muga fisikoak; ikusi dugu beldurra hezurretaraino sartuz gure ohitura eta balioak aldatzeko saiakera... Garai gogorra izango da datorrena, baina ez gara begira geratuko; aukera-leihoz beterikoa baita egungo testuingurua, eta gazteok, sistemaren kontraesanetatik herri hobe bateranzko norabidea hartu eta garatuko dugu. Gure egunerokotasunetik, auzotik hasi eta sistema iraultzerainoko praktikez beteko dugu eraldaketa, komunitatetik eta kolektiboan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.