Ez dezagun trena galdu

Julen Bollain Urbieta
2020ko urriaren 14a
00:00
Entzun
Nork ez du pandemia bat bizitzea nolakoa izan behar den imajinatu? Eta zenbat film eta telesailek ohartarazi diguten behin eta berriz nola erreakzionatu horrelako egoera batean? Hala ere, une erabakigarrian, gure burmuinak ikasketa horiek guztiak albo batera uzten ditu, eta ezinbestekoak diren gauzen erosketa-zerrenda luze batean murgiltzen da. Metaforikoa, noski. Nola egingo diogu aurre birusari? Zer gertatuko da enplegua galtzen badut? Hilabete amaierara iritsiko al naiz? Zeintzuk izango dira bizirauteko izango ditudan diru sarrerak? Erakunde publikoek lagunduko ote digute?

Pandemia honek sortu eta sortuko dituen kalte sozialei aurre egiteko, Espainiako Gobernuak aurrerapauso handia eman duela dirudi. Maiatzean, hedabide askotan irakurri genuen onartu berri zen Bizitzeko Gutxieneko Errentak (BGE) «milioika familia babestuko» zituela, «inor atzean ez uzten lagunduko» zuela eta «milioi bat pertsonatik gora muturreko pobreziatik aterako» zituela. Arazo handia sortzen da, ordea, hitz potoloek errealitatearekin bat egiten ez dutenean. Hori da, neurri batean, BGEarekin gertatu dena. Hustuta jaio den eskubide batentzat, komunikazio politiko gehiegi.

Eskubide berri hau, Euskal Autonomia Erkidegoan dugun DSBE Diru-Sarrerak Bermatzeko Errenta bezala, gutxieneko errenten programa bat da. Hau da, ustez iragankorra den diru-sarrerarik eza estaltzeko diseinaturiko programa bat, normalean enplegu prozesu batekin lotuta egon ohi dena. Argitu nahiko nuke, nahasmen handia egon bada ere, honek ez duela zerikusirik baldintzarik gabeko oinarrizko errentarekin. Oinarrizko errenta Estatuak gizabanako orori herritartasun-eskubide gisa ordaindutako diru-sarrera bat da, baldintza pertsonalak edozein direla ere banatzen dena. Beraz, BGEa baldintza zehatzak betetzen dituzten familiei zuzenduta dagoen bitartean, oinarrizko errenta unibertsala, indibiduala eta baldintzarik gabekoa da.

Gutxieneko errentek porrot egin duten edota premia-egoeran dauden pertsonei laguntza eskaintzen die. Normalean, jasotako prestazioengatik kontraprestazio bat jasotzearen truke eskaintzen da laguntza hori, eta honek, ezinbestean, askatasun galera dakar. Bestalde, oinarrizko errenta herritar guztiek herritartasun-eskubide gisa jasoko luketen diru-esleipena denez, ex ante herritarren existentzia materiala bermatzea dakar (aldez aurretik, ez porrot egin ondoren). Horrela, aurretiaz jokatzen duten baldintzarik gabeko neurrien logika lortzen du, pertsonak laguntza publiko baten erregutzaile gisa jokatzera behartu gabe eta administrazioaren aurrean biluztu behar izan gabe, gehiengoaren askatasun erreala areagotuz.

Beraz, oinarrizko errenta guztiok jasoko genukeen aldizkako diru-esleipena izango litzateke. Guztiok? Aberatsek ere bai? Bai. Baina, neurri ekonomiko oro finantzaketan neutroa ez denez, eta hertsiki aberatsa ez den biztanleriaren %80ri onurak ekarriko lizkiokeen bitartean %20 aberatsenek duten kontribuzio-ahalmen handiagoa dela eta, zerga gehiago ordaindu beharko lituzkete.

Esandakoak zentzu askorik ez duela eta onena baliabideak behar handiena duten kolektiboetara bideratzea dela pentsa genezake. Alabaina, oinarrizko errentaren baldintzarik ezak, gutxieneko errenten fokalizazioarekin alderatuz gero, onura garrantzitsu bat du, besteak beste: baliabide gutxiko pertsona guztiengana iristea ahalbidetzen du (Europan, pobreen %20-%60 artean ez dira gutxieneko errenten sistemetara iristen), eta, gainera, egungo ereduetan hain handia den estigmatizazioaren arazoa ezabatzen du, segurtasun faltaren eta ezegonkortasun ekonomikoaren aurrean aseguru kolektibo gisa balio baitu.

Egungo errealitateek, non zaintzak merezi duen zentraltasuna eskatzen duten eta enpleguaren etorkizuna gero eta zalantzagarriagoa den, oinarrizko errentaren proiektu pilotuekin esperimentatzera bultzatu ditu zenbait herrialde (AEBak, Kanada, Brasil, Finlandia, Alemania, Frantzia, Eskozia, Espainia, Herbehereak, Kenya eta Namibia, esaterako). Proiektu pilotu horiek arrakastatsuak izan dira oso. Lehenik, eta logikari jarraituz, hobekuntza ekonomiko argia sumatu da oinarrizko errenta jaso dutenen artean. Bigarrenik, ongizatearen areagotzea eta pertsonek euren buruarekiko eta besteenganako duten konfiantza hobetzea eragin du. Azkenik, hainbeste gururen kalterako, lan-eskaintzaren hazkunde bat ere antzeman da.

Beraz, honezkero hemen dugu eztabaida. Beharrezkoa da Euskadik XXI. mendeko trena ez galtzea, eta, horretarako, gure ekonomiaren eta gizarte babeseko sistemaren modernizazioari lehenbailehen heldu behar diogu. Gure gizartea eraldatuko duten oinarriak finkatu behar ditugu, ekonomia pertsonen zerbitzura egon dadin eta erronkak guztion onerako aukera berri bihur daitezen. Laburbilduz, konponbidea ez da betikotzea, duguna eraldatzea baizik, etorkizuna helmuga izanik. Ekin diezaiogun oinarrizko errentaren eztabaidari!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.