Ahula birus aurrean

German Zearreta Otazua
2020ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Kutsatzen direnen artean gehiengoak modu arinean eramaten du gaixotasuna, sintoma bigunekin, eta etxean ahal dute isolamendua pasatu. Apur batzuk ospitaleratu behar izaten dira, eta, gorputzak defensarik ez badu, ZIUn amaitu edo hil egiten dira. Nortzuk dira ospitaleratu eta larri pasatu edo hil egiten direnak? Birusaren aurrean gorputza makal eta babes barik dutenak. Ezaugarri hauekin nagusiak eta gaixorik daudenak dira arriskuan daudenak, gorputzak izan ditzakeen defentsak urritu egiten direlako aipaturiko kasu bi hauetan.

Arriskuan dagoen langilea izanik, COVIDaren aurrean nire organismoa ahul aurkitzen da. Institutu publiko batean klaseak ematen, aurten zortzi ikasle talde desberdin ditut, 165 ikasle guztira. Ezin dugu mantendu gomendatzen den distantziarik, arazoak ditugu gure gelak aireztatzeko (leihoak goitik baino zabaltzen ez direlako) eta 20-30 ikasle izan ahal direnak, sei edo zazpi ordutan egoten dira gela barruan. Ratioak beti bezala mantentzen dira. Baina, hala ere, kalean edo etxean hamar pertsona baino gehiago ez biltzeko arautzen digute. Pertsonekaz jolasten egotea da hau.

Leku itxietan dago kutsatze arriskurik handiena. Ze egoera planteatzen zaigu ahul agertzen garenoi? Antsietate kronikoa? Baina arriskuak esparru zabalagoak ere bereganatzen ditu, irakasleria osora helduz. Irakasle plantilla ez da gaztea, gaztea izateak ezer bermatzen ez duen arren, gorputzak ze indar izango duen delako funtsezkoena. Edonor egon ahal da arriskuan organismoak zelan erantzungo duen jakiterik ez dagoelako. Gaixotasunak sortzen dituen albo ondorioak ere hortxe daude, ez da askorik berba egiten honetaz, hildako kopuruen aurrean zeharka pasatzen direlako, baina, heriotzaz aparte, birusak kronikoak izan ahal diren gaitzak ere sortzen ditu gorputzean. Kutsatzeak arriskuan ipintzen gaitu guztiok.

Irakasleak ez gara bizitza arriskuan jartzen duten lantaldean aritzen. Ez gara tropak gerraren aurrean heriotza aurkitu ahal dutenak. Bere langileen seguritate fisikoa eta mentala zaintzea, ez al da ba gobernu baten betebeharra? Beldurra da emoziorik bortitzena, baina zelan kontrolatu segurtasunik ez baduzu antzematen?

Beste urteekin konparatuz, ez da baliabide gehiago erabili. Eskuetarako desinfektatzaileak eta sukarra neurtzeko tresnak jartzeaz aparte, ez da aldaketarik egon. Ez da irakasle edo langile berriekin ezer errefortzatu. Ikastetxeak ez daude prestatuta pandemia egoerari aurre egiteko, eta ezinezko da espazio zabalagoak edo irekiagoak sortzea.

Ikastetxeko oinarrizko jardunak berdin jarraitzen du, ezer indartu barik. Baina orain pandemia barruan gaude, ez da beste urteak bezala, osasun larrialdiagatik oraingoa ikasturte desberdina da. Eta, ikasturte hasieran, egoera honi aurre egiteko ez da garrantzizkoa indartu. Arinago edo beranduago, baliabide ekonomiko barik, egoerak gainezka egiten du. Hutsune gehiegi dago, eta pertsonen osasuna ezin da ziurtatu. Langile eta ikasle familien kalte emozional eta fisikoa zalantzan jartzen ari dira.

Krisi egoeretan, ahuldadea modu anitzetan agertzen da, bizitzako esparru guztietan. Bizi-lekuetan ere, adibidez, ematen da. Aberatsak hobeto moldatzen dira, baliabideak dituztelako. Etxe zabalak eta espazio irekiko gela ugarikoak, erraz ahal dira bertan arriskutik urrundu. Pobreen baliabideak, ematen direnean, askoz eskasagoak dira. Espazio txiki eta zarratuetan ezin distantziarik mantendu. Eta etxeen adibideak ikastetxeetarako ere balio du, arazoa berdina da, baliabideak izan ala ez delako bietan gakoa. Baliabide falta lanean, etxean edo beste edozein arlotan igartzen da, dena dagoelako elkarrekin loturik. Ditugun baldintzek bideratu egiten gaituzte, eta ez dugu denok baldintza berdinekin jokatzen, aurkitzen zaren egoerak markatzen duelako zure norabidea.

Honi aurre egiteko erabakiak hartu behar dituztenek, albora begiratu, eta sistemaren iraupena babestuz jokatzen dute. Osasun arazoa dena arazo ekonomiko bihurtzen dute, sistemaren edozein hutsune ekonomian dagoelako oinarrituta. Pertsonen osasuna ez da beraientzat lehentasuna, eta, bideraturik dauden arauei jarraituz, ahulak babes barik aurkitzen dira. Aditu bakarrak diren mediku eta zientzialariek gomendatzen dutena ez da praktikan jartzen, eta, edozein krisi edo egoera larriren aurrean gertatzen den bezalaxe, ahulak albo-kalte eta estadistikarako zenbaki bihurtzen dira. Ideia hori bizitzen ari gara momentu honetan, hain zuzen ere.

Gobernatzen dutenentzat lehentasunak zeintzuk diren da hemen eztabaida; galdera da zer den garrantzitsuena, bizitza-heriotzaz hitz egiten ari garelako. Publikoa dena ez da babesten prioritateak interes pribatura daudelako gidatuak. Ekonomia jardun pribatuan oinarritzen delako. Batzuenak diren interesak dira nagusi, eta ez biztanleriarenak, osotasunean harturik. Osasun pribaturako baliabideak dituztenak dira, adibidez, osasun arreta bermaturik duten bakarrak. Osasun eta hezkuntza zerbitzuak ez dira baliabideekin babesten, eta gobernarien lana horixe egitea litzateke, baina baliabideak nahierara kudeatuz, ez da horren alde lan egiten, hori egiten dutelako irudia eman gura duten arren. Komunikabideak erabiliz jendearen aurrean biztanle guztien onura bilatzen dutela esaten dute. Guztion ongizatea bermatu nahi dutela esaten dute. Baina ez dute horrela jokatzen, eta ahulak onartu behar diren albo-kalte bihurtzen dira.

Gaitz honen aurrean ez dago, ordea, maila sozialik, ez dago aberats-pobre bereizten duenik, eta gaixotzen garenean, gure organismoak modu indibidualean egin beharko dio aurre birusari. Berdin da zure diru edo aginte maila, organismoa sendo eduki ezean pandemiak danok berdin bihurtzen gaituelako.

Ez dut ezeren kolateral bihurtzeko nahirik, baina zoritxarrez ezintasuna gainetik igarotzen zaio ahula denari. Boteretik kanpo egonik, norbaiten kontzientzia astintzeko itxaropenarekin ideiak azaleratzea baino ez dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.