Agur behartua

Iker Irribarriak erretiroa hartuko du, eskuin belaunak ez diolako uzten bete-betean aritzen. 26 urte ditu; profesionaletan ia zortzi urte egin ditu, eta hiru txapel irabazi: bi buruz buru, eta bat binaka

Iker Irribarria, atzo, Tolosako Beotibar pilotalekuan jokatu aurretik. Hura izan da jokatu duen azken neurketa. JON URBE / FOKU.
Julen Etxeberria.
2023ko otsailaren 22a
00:00
Entzun
Pilotazaleen arreta guztia Binakako Txapelketako ligaxkako azken txanpan zegoela iritsi da ezusteko albistea: Iker Irribarriak erretiroa hartuko du. Aramako (Gipuzkoa) pilotariak eta Fernando Bidarte Aspe enpresako buruak prentsaurrekoa emango dute gaur goizean, Eibarko (Gipuzkoa) Portalea kultur etxean, eta hantxe emango dituzte argibideak.

Ikusi gehiago: Iker Irribarriaren ibilbidea, hogei argazkitan

Hala ere, osasun arazoek eragin dute Irribarriak pilota profesionala uztea: eskuin belauneko minak ez dio uzten bete-betean aritzen. Duela bi urte egin zioten ebakuntza, eta ia zortzi hilabetez egon zen jokatu gabe. Itzuli egin zen, baina belauna ez zaio erabat osatu. Horregatik erabaki du bukatutzat ematea bere kirol ibilbidea. 26 urte ditu, eta ia zortzi egin ditu profesionaletan jokatzen. Hilabete barru beteko zituen zortzi urte.

Ezusteko albistea da, Irribarriak atzo jokatu baitzuen Tolosan (Gipuzkoa), Arkaitz Eskuzarekin, Danel Elezkanoren eta Aaron Arbizuren aurka; 18-11 irabazi zuten. Joan den larunbatean, berriz, Binakako Txapelketan aritu zen, Iruñean, Labriten. Hark eta Beñat Rezustak 22-17 irabazi zieten Unai Lasori eta Iosu Eskirozi. Irribarria Peio Etxeberriaren ordez aritu zen. Aurretik, beste behin jokatu zuen ordezko gisa. Urtarrilaren 20an izan zen, Urdulizen (Bizkaia), ligaxkako bederatzigarren jardunaldian. Orduan, Aitor Elordiren ordez aritu zen, eta hark eta Jose Javier Zabaletak 22-11 irabazi zieten Joseba Ezkurdiari eta Julen Martijari. Bietan oso ondo aritu zen Irribarria. Horregatik ere bada ezusteko albistea.

Txapelketan lehen aldiz ordezko gisa aritu aurretik, harekin hitz egin zuen BERRIAk, eta Irribarriak esan zuen «opari eta pizgarri» gisa hartu zuela Aspek bera aukeratu izana Elordi ordezkatzeko. Helburuaz galdetuta, adierazi zuen «ahalik eta lanik onena» egin nahi zuela, enpresari erakusteko «prest» zegoela behar zuenerako.

Ez zen enpresak binakakotik kanpo utzi zuen lehenbiziko aldia; duela bi urte ere ez zuen jokatu. «Ohitu? Ez nuke esango ohitu denik hitza. Halakoa da kirola: polita eta gogorra aldi berean; une politak bizitzeko, gogorrak ere bizi behar dira. Txapelketa batetik kanpo geratzea ez da gerta dakizukeen okerrena. Okerragoa da lesionatzea; nik badakit hori. Baina ez da gozoa kanpoan geratzea. Horretarako ere prestatzen gara; lan fisikoa eta teknikoa ez ezik, psikologikoa ere egiten dugu», azaldu zuen.

Ez zen ari jokatzen binakakoa titular moduan, eta ez zuen jokatu lau eta erdikoa. Hark esan zion enpresari ez zuela bere burua prest ikusten; ez zuen nahi bezain ondo belauna. Eta lau eta erdian, Elordik eta Peio Etxeberriak finalerdiak jokatu zituzten, eta Asperi argi utzi zioten merezi zutela lehen aldiz binakakoa jokatzea. Irribarriak «inbidia pixka batekin» bizi izan zuen. «Norberak jokatu egin nahi du, baina norbera ondo ez badago, eta hobera egiteko erabaki zailak hartzen baditu, gauzak ondo egiten ari den seinale da. Hori egin nuen nik. Oso lasai egon nintzen. Ez naiz damutzen jokatu ez izanaz. Oraindik gerra ematen dit belaunak; ez dit uzten nahi bezainbeste entrenatzen. Baina astean bitan jokatzen ari naiz, eta eusten ari zaio». Baina ez da hala izan.

Ezker beldurgarria

Irribarriak Eibarren esango du agur, gaur. Hain zuzen ere, hango Astelena pilotalekuan debutatu zuen profesionaletan. Hiru hilabete eskas behar izan zituen lehen finala jokatzeko: Promozio Mailako Buruz Buruko Txapelketakoa, Tolosan. 22-15 galdu zuen Victor Estebanen aurka.

Hurrengo urtean, berriz, sekulako erakustaldia eman zuen Lehen Mailako buruz burukoan aritu zen estreinakoan. Atarikoan hasi zen, eta haren ezkerkada beldurgarriek hankapean ibili zituzten aurkari guztiak; txapela jantzi zuen Bilbon, Mikel Urrutikoetxeari 22-13 nagusituta. 19 urte bakarrik zituen. Inork ez du horren gazte irabazi buruz buruko txapela.

Hurrengo urtean beste bi final jokatu zituen: binakakoa irabazi zuen Rezustarekin, Bilbon, Oinatz Bengoetxearen eta Mikel Larunberen aurka (22-14), eta buruz burukoa galdu zuen Bengoetxea VI.aren kontra, Bilbon: 22-18. Bi urte geroago, beste bi final jokatu zituen: binakakoa galdu zuen Zabaletarekin, Bilbon, Danel Elezkanoren eta Rezustaren aurka (22-19), eta buruz burukoa irabazi zuen, berriro Urrutikoetxearen aurka, Bilbon: 22-20.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.