Unai Pascual.

Eskuin muturraren matxinada

2019ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Hauteskundeak ate joka ditugu berriz ere. Gure herriaren etorkizuna baldintzatu ahal duen politika formalaren olinpiada gurean da jada. Gure tribuaren xamanaren ideiak defendatzen eta besteenak deitoratzen pasatzen dugu denbora olinpiadotan. Baina batez ere, gure ideologiaren eta interesen alde eta aurka ageri diren politikari-xamanen jarrerak eta hitzak baliatzen ditugu gure tribua kohesionatzeko.

Baliabide ekonomikoen kontrola (baliabide naturalenak barne) nork duen izan ohi da gai garrantzitsuenetako bat politikan. Normalki hauteskundeen kakofoniak ezkutatu egiten dizkigu lurraldearen baliabideak kudeatzeko eskubideak nork dituen eta nola erabiliko dituen buruzko lehia. Gurean ohituago gaude hauteskundeetako danbor hotsen artean tribu ezberdinen nortasunen arteko talka aztertzen. Politikaren olinpiada hauetan, dominatuen biziraupenerako estrategiak eta dominatzailearen statu quo-a mantentzeko ahaleginaren arteko borrokak ere azalerazi ohi dira maiz. Hor ditugu besteak beste, adibide gisa, feminismoaren aldeko eta kontrako jarrerak. Gurean botoa emateko garaian ekonomia ereduaren eta identitate nazionalaren ingurukoek politikaren ekuazio nagusiaren aldagai izaten jarraitzen dute (hainbat herrialdetan bezala).

Matematikaren edertasuna ekuazio sinple batekin errealitate konplexua irudikatu ahal izatea da, E=mc2, kasu. Baina ez gaude hemen fisikaren legeetaz hitz egiteko. Politika gaietan gizarteak darabiltzan aldagai nagusiak eta beraien arteko erlazioa zehazten duen ekuazioa zein den eta nola aldatu daitekeen ulertu beharra dugu. Noski, gizartea konplexua izanik, ekuazio politikoak aldakorrak edo dinamikoak dira. Momentuko ekuazioa ulertzen hasterako, aldagai berriak sortzen zaizkigu eta ekuazioaren emaitza asmatzeko aukera galdu egiten dugu askotan. Beste era batera esanda, gizartea aldatzen den heinean ekuazio poliko nagusiaren aldagaien arteko erlazioa (eta ekuazioa bera ere) aldatzen da. Batzuk, ekuazioa behar bezala ulertzeko denbora inbertitu eta gero, jadanik ekuazioaren forma aldatu dela konturatzen dira. Beste zenbaitek, ordea, ekuazio eta aldagai berberekin kalkuluak egiten jarraitzen dute, eta hortik hauteskundeetan lehenago edo geroago jasotzen duten emaitzaren jatorria. Horixe da, hain justu, botere politikoa edukitzearen abantaila nagusietako bat, ekuazioaren forma aldatzeko aukera edukitzea.

Zertara dator hauteskundeak, tribuak eta ekuazio politikoak elkarrekin nahastea? Alde batetik, munduko hainbat lekutan (adibidez Europa, Hego Amerika eta Ipar Ameriketako herrialde askotan) hegemonia politikoa noren eskuetara pasatzen ari den ulertzeko ekuazio politikoetako aldagai berriak zeintzuk izan daitezkeen erreparatzeko; eta bestetik, gure inguruan ekuazio politikoak aldatuz doazen heinean guri honek nola eragin diezagukeen aztertu ahal izateko.

Globalizazio ekonomikoa dela medio, munduko txoko askotan, gurea barne, klase ertaina anestesiatuta ibili izan da kontsumismoaren eredua betirako izango zela sinetsita. Bederen, langileriaren portzentaje handi bat, hein handi batean, amets horretara hurbildu izan delarik. Hego Ameriketako herrialde askotan eredu sozio-ekonomikoen eraldaketa propioak izan dira azken hamarkadetan, betiere globalizazioa eta barneko zein kanpoko (adib. Txinaren) ondasunekiko eskariaren hazkuntzak lagunduta. Globalizazioak bultzatuta natur baliabideen esportazioaren boom-az baliatuta (petroleoa Venezuelan, nekazaritza intensiboaren jakiak Brasil eta Argentinan, etab.), pobreziaren kontrako eta egonkortasun makroekonomikoaren aldeko baldintzak ematea lortu da azken hamarkada hauetan. Bitartean, Europa eta Estatu Batuetan, batez ere, boom makroekonomikoak lagunduta, fikziozko kontsumo gizarte bat eraikitzen jarraitu dugu. Eta azken hamarkada luze honetako krisi ekonomikoak izugarrizko kolpea eman dio gizartearen parte handi batek amestutako eredu kontsumitzaile horri.

Etengabeko kontsumismoaren eta hori sostengatzeko behar den natur baliabideen xahutze esponentziala duen ereduak zaplastekoa hartu eta gero, gizartearen puska handi baten lan balditzak hondoratu egin dira, nabarmen. Egoera honek gizarteak bere etorkizunarekiko duen beldurraren eta ziurgabetasunaren fenomenoaren indartzea ekarri du. Beldurraren mamua agertzen den bakoitzean, horrekin batera gutxien dutenenganako mesfidantza eta beldurrak areagotzen dira: etorkinen krisiak hau guztia ondo baino hobeto islatzen du. Fenomeno honek, lekuan lekuko baldintzekin, munduko txoko askotan eskuin muturraren indartzea ekarri du. Austria, Hungaria, Polonia, Frantzia, AEB, Brasil, Argentina etab. fenomeno berri honen adierazle oso argiak dira. Euskal Herrian eta Estatu Espainolean dagoeneko ezaguna egin den trifachitoaren matxinada ikusi dugu.

Hurrengo egunetan jakingo dugu zenbateraino Espainiako Estatuan trifachitoaren matxinadak gure etorkizun hurbileko ekuazio politikoa baldintzatzeko nahikoa indar izango duen. Herrialde askotako ekuazioaren aldagaien erlazioa aldatzeko indarra erakutsi du eskuin muturraren mugimendu koordinatuak. Mundua pairatzen ari den krisi sistemikoari, krisi ekologikoa barne, irtenbidea bilatu ordez autoritarismoaren matxinadak kontrakoa egiten du. Adibide nabarmen gisa, klimaren krisia ezeztatu eta konplot marxista bat dela argudiatuta, gizartearen gehiengoa eraldaketa ekologikoa ardatz eduki dezakeen eta beharrezkoa litzatekeen ekonomia ekologiko berri bat oztopatzea du helburu eskuin muturraren mugimenduak, betiere betiko elite ekonomikoen interes ekonomikoak babestuz.

Eskuin mugimendu autoritarioak berdintasunaren ideia ez du gogoko, ez lehen ez orain. Etorkinen giza eskubideak zapaltzearen alde azaltzen da, baita feminismoak berarekin dakarren berdintasunaren kontra ere. Eta nola ez, honetaz gain ekologismoaren ideia gorroto du. Planeta honetan denok dugu ingurumen sano batean bizitzeko eskubidearen kontra eta gizakietaz haratago, ekosistema eta bioaniztasuna babestuak izatearen eskubideen kontra oldartzen da eskuin muturraren matxinada. Honela, biharko belaunaldiek Planeta bizigarri bat goxatzeko duten eskubidearen kontrako mugimendu planifikatua eratu dute. Trifachitoa matxinada globalizatu honen parte izanik, eskubide hauen guztien aurka egiteko jaioa da. Beraz, adi egon gaitezen eskuin muturreko matxinadaren saiakerak gure ekuazio politikoari emaitza jasangarri bat emateko aukerak zapuztu ez ditzan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.