Eredu berria, proba berberak

Binakako Euskal Pentatloia jokatuko da estreinakoz bihar, Tolosako zezen plazan. Banakako pentatloia baino «dinamikoagoa» izango dela uste dute lehiakideek.

Kañamares, Zaldua, Errazkin, Peñagarikano eta Izeta VI.a, Binakako Euskal Pentatloiaren aurkezpenean. IMANOL GARCIA LANDA / TOLOSALDEKO-HITZA.
Iñigo Lasa Fresneda.
2020ko uztailaren 30a
00:00
Entzun
Lehen aldiz jokatuko da Binakako Euskal Pentatloia. Banakakoak bere bidea egina du. Binakakoaren kasua ezberdina da: inoiz ez da jokatu bikoteka horrelakorik. Dena berria izango da, denentzat. Bihar 11:00etan izango du lehen aldia, Tolosako zezen plazan (Gipuzkoa).

Bikote bakoitzeko partaideen artean lanak banatu beharko dituzte, ahalik eta modu parekatuenean; gehienez, probaren %60 egin dezake partaide batek, eta horrek %40 osatzera derrigortzen du bestea. Bikote bakoitzak egin beharreko lanak hauek dira: 100 kiloko harria 40 aldiz altxatu, lau plaza (112 metro)400 kiloko harri bati tiraka, lau kana-erdiko moztu, zortzi plaza (224 metro) esku bakoitzean 50 kiloko txinga banarekin, eta, bukatzeko, lau kilometro korrika.

Zazpi bikote lehiatuko dira: Jokin Eizmendi eta Jagoba Otaegi, Julen Kañamares eta Xabi Urrutia, Kepa Peñagarikano eta Aizperro, Beñat Amade eta Ousmane Drame, Xabier Zaldua eta Zelaia V.a, Arria V.a eta Izeta VI.a eta Iñaki Errazkin eta Aratz Mugertza.

XABIER ZALDUA

Aizkolaria

«Bikote guztiak parekatuta daude»

Banakako bi pentatloiak irabazita, lasai dago Zaldua. Halere, formatu aldetik «banakakoa baino politagoa» izan daitekeela pentsatzen du: «Binaka, proba azkarragoa izango da, eta jendeari proba azkarrak asko gustatzen zaizkio». Probarako, bi hilabete daramatza entrenatzen bere bikotekide Zelaia V.arekin. «Buruhausterik handiena» estrategiak eman die, irabazteko gakoetako bat hor ikusten baitu Zalduak. Ez du faboritorik ikusten biharko: «Bikote guztiak parekatuta daude: tarte txikiak aterako dira».

BEÑAT AMADE

Herri kirolaria

«Bikoteka izanda, atseden har dezakezu»

Binakako pentatloia proba gogorra eta dinamikoa izatea espero du Beñat Amadek: «Bikoteka izanda, atseden har dezakezu. Dena oso azkar joango da». Pandemiaren ondorioz, egutegi guztia mugitu egin behar izan dute, eta, Amaderen ustez, denbora gutxi dago binakako eta banakako pentatloiaren artean: «Apur bat beranduegi da; irailerako prestakuntza modura ondo etor daiteke». Ousmane Dramerekin osatuko du bikotea, eta Algortakoa pozik dago, berriz ere lehiatzeko aukera dutelako. Proba parekatua izango dela uste du, baina ez du euren burua irabazle ikusten: «Bietako inor ez da aizkolaria, eta horrek faborito izatetik urruntzen gaitu».

A.IRURETAGOIENA, 'IZETA VI.A'

Harri jasotzailea

«Trantsizioetan denbora asko gal daiteke»

Pentatloian orain arte parte hartu ez badu ere, urtebete darama banakako pentatloia «buru-belarri» prestatzen. Lehiatzen den lehen aldia denez, berria du dena; halere, binaka izateak lana «eramangarriago» egiten duela dio: «Bat lanean ari denean, besteak deskantsatzeko denbora dauka».Plazetan ibilitakoa da, baina aizkorak «errespetua» ematen dio beste lau eginbeharren aldean. Arria V.arekin batera osatuko du proba, eta bien arteko koordinazioa oso garrantzitsua dela uste du: «Nola hasi, erreleboak nola eman... dena pentsatuta daukagu. Trantsizioetan denbora asko gal daiteke».

XABIER URRUTIA

Herri kirolaria

«Aizkolaria ez izan arren, lan polita egin daiteke»

Bai Xabi Urrutia eta bai Julen Kañamares estreinakoz ariko dira pentatloian. Bakarkako pentatloia baino «esplosiboagoa» izango dela uste du Urrutiak. Binaka izateak lehiaketa irekiago egiten duela iritzi dio: «Formatua asko gustatzen zait. Bakarkako pentatloiarekin, aizkolarien mundura mugatzen duzu asko. Pentatloi honetan, aizkolaria ez izan arren, lan polita egin daiteke». Errespetua sorrarazten dio bihar egin dezakeen beroak eta aurkariek; azken horiek trantsizioak azkarrago egingo dituztelakoan dago: «Gu baino esperientzia handiagoa dute horrelakoetan, eta azkarrago egingo dute aldaketa».

JAGOBA OTAEGI

Harri jasotzailea

«Elkarren artean ondo konpontzea komeni da»

Bi egunen faltan, lehiakidea aldatu behar izan du Jagoba Otaegik. Luis Txapartegirekin ateratzekoa zen, baina min hartu, eta Jokin Eizmendik hartuko du seguruenik haren lekua. Formatu erakargarria iruditzen zaio binakakoa Otaegiri: «Jende dezente mugituko duela uste dut. Zazpi bikote gara, eta polita izango da». Txanda librean izatean jarri du azpimarra: «Bietako bat beteta dagoenean bestea sartzeko ondo dator formatu hau. Elkarren artean ondo konpontzea komeni da». Giza probak sortzen dizkio kezka gehien Aizarnakoari: «Zezen-plazan da: hor lur lisorik ez dago.Ezberdina izango da».

IÑAKI ERRAZKIN

Arraunlari ohia

«Lehen proban 40 altxaldi asko dira»

Lan gogorra izatea espero dute Iñaki Errazkinek eta Aratz Mugertzak. Egin beharreko lanak modu berean banatuko dituztela dio Errazkinek: «Ia dena erdia eta erdia egingo dugu. Seguruenik, harriarekin ni arituko naiz gehiago, eta aizkoran, bera». Lehen proban, harrian lasai hasteari garrantzia eman dio tolosarrak: «Lehen proban 40 altxaldi asko dira. Denbora ez galtzeko asmoz, azkar jasotzen hasten gara...». Lau bikote ikusten ditu pentatloia irabazteko ahalmenarekin.

KEPA PEÑAGARIKANO

Pilotari ohia

«Ez dugu entrenatzeko aukera handirik izan»

Orain dela ia bi aste elkarren kontrako desafioa egin eta gero, bikotea osatuko dute Kepa Peñagarikanok eta Aizperrok. Hori dela-eta elkarrekin aritzeko denbora «gutxi» eduki dutela dio Peñagarikanok: «Ez dugu entrenatzeko aukera handirik izan. Ez dugu entrenamendu seriorik osatu». Entrenamendu falta dela eta, «zalantzaz beteta» joango direla onartu du. Proba parekatua izatea espero du, ez du uste bikote batek erraz irabaziko duenik. Taldean lehiatzea ere polita dela azpimarratu du. Beste partaideak bezala, biharko eguraldiak kezkatzen du: « Eguraldi beroa emanda dago, eta gogorra izango da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.