Esperantzaz, maiatzaren 30a

Oihana Torrealdea
2021eko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Esperantza. Bizitzaren azken hatsa hartu arte galdu ezin den hori. Esperantzaz elikatu beharra izan dugu azken urte honetan, pandemia honen bukaera iritsiko den esperantzaz, beldurrik gabeko harremanetara bueltatuko garen irrikaz.

Nekea. Egunero, esnatu eta beste egun bat gehiagoz berdin jarraitzeak suposatzen duen nekea. Norbere askatasuna murriztua izanik eta beldurrez, mundura atera eta egunari ekin beharrak sortutako ahulezia. Seme-alabengan egonezina ikustearen nekea.

Beldurra. Honek guztiak gure haurren garapenean izango dituen ondorioek eragiten digutena. Osasun krisialdiari aurre egiteko hartutako erabakiengatik, etxeetan sortutako albo-ondorioek bizipen larriak eragitegaitik izua. Ezin ahaztu, nola ez, gure haurrak bizi diren familietan jasaten ari garen zoritxar guztiek edo gertatu litekeen horrek eragindako beldurra. Gaixotasunak eta heriotzak eragindako ikara.

Gizarte gisa asko dugu ikasteko, ugari hausnartzeko.

HaurrakEreBai, familiek osatzen dugun sarea gara. Xumea da gure lana, borondatez, loari kendutako orduei esker burutzen duguna. Nekatuta gaude, eta esperantzaz. Beldurra daukagu, eta esperantza. Nekeak esperantza ahultzen du sarri, baina argi dugu gauza bat, eta argia egiten digu argi dugun horrek: gure haur eta nerabeak lagundu behar ditugu. Herri osoaren ardura da haurtzaroaren ongizatea bermatzea, eta nola ez, guraso garenok argi dugu gure haurrentzat hoberena nahi dugula; eta sinets dezagun, ez dago gurasoa baino interesatuagorik, bere seme-alaben ongizatean.

Duela urtebete erotzat hartu gintuzten, eta kritikatuak izan ginen, konfinamendu garaian haurrak kalera atera behar zirela esaten genuenean.Ausartak izan ginen, eta haurren eskubideak aldarrikatu genituen korronte guztien kontra. Ikasturtea hasteko garaian ere, ausartak izan ginen, eta eskola antolatzeko proposamena sortu eta plazaratu genuen, eskoletan bizi izan dugun errealitateaz oso bestelakoa. Kurtsoa hasi eta gutxira, ezarrita zeuden protokoloak samurtzeko gomendioak ere sortu genituen. Horrela ekitea gustatzen zaigu; hartzen diren erabakiekiko desadostasuna dugunean modu konstruktiboan erantzuten saiatuz, egiteko eta ekiteko beste modu posible batzuk eskainiz eta proposatuz.

Gogoan izatea nahi dugu, dagokion prozedura administratiboaren bitartez, gure dokumentuak Eusko Jaurlaritzan eta Nafarroako Gobernuan ere entregatu ditugula eta bilerak birritan eskatu ditugula, gure argudioak eta proposamenak aurrez aurreko harreman batean eztabaidatzeko asmoz eta hartzen ari diren erabakiak zein datu eta ikerketatan oinarritzen diren jakiteko asmoz. Ez dugu inolako erantzunik jaso bueltan.

Zuhurrak gara, eta arduratsuak. Gure haurren osasunak kezkatzen gaitu, eta, horregatik, hartzen diren neurriak orekatuak izan behar direla uste dugu. Argi dugu haurrak eskubide osoko herritarrak direla, subjektu politiko aktiboak. Beharrizan konkretuak dituzte, haien garapen optimo baterako zaindu behar ditugunak; eta hemen berdintasuna eta ekitatea kontzeptuak desberdindu behar genituzke. Ezin ditugu helduongan ezarri diren neurriak haurrengan modu berean ezarri, eskubideetan berdinak garen arren, garapenarekin lotutako beharrizan desberdinak ditugulako, eta, horregatik, modu ekitatiboan ezarri behar lirateke.

Gure familien sarean, pentsaera oso anitzekoak gara, sinesmenari edo bizimoduari dagokionez, eta hori da gure aberastasuna. Haur eta familia guztiak kontuan hartzen saiatzen gara. Publikatzen dugun ororen komunikazioa, sentsibilitate desberdinekin errespetuzkoa izaten saiatuz. Familia hauetan bagara hezkuntzako profesionalak, bai eta sanitarioak ere. Pandemia hau modu desberdinean bizi eta ulertzen dugunak. Baina baditugu gauza komun batzuk ere: begirada zabala, zentzu kritikoa eta kontzientzia kolektiboa. Begirada zabala, gure zilborraz haratago begiratzeko; zentzu kritikoa, informazioa bilatu, kudeatu, kontrastatu eta hausnartzeko; eta kontzientzia kolektiboa, norbere etxeko arazoa ez den arren, beste familietan/haurrengan sufrimendua eragiten ari den horrengatik ere lan egiteko.

Maiatzaren 30eko ekintzan, esperantzaz beterik, 12 urtetik beherako haurrek musukoa derrigor erabili beharrik ez izateko eskatuko dugu, eta gaur egungo eskola protokoloak kentzeko. Ederra izango da aurrez aurre elkarrekin egotea. Eskaera hauek, urtebeteko esperientzia, zenbait ikerketa eta datu bilketa egin eta ondo hausnartu ostean egiten ditugu, inoiz baino ziurrago, gure haurrentzat osasuna modu integral batean zaintzea ezinbestekoa ikusten dugulako.

Aldi berean, hezkuntza bermatu nahi dugu: argi daukagu aurtengo panoramak ez duela laguntzen gure haurren heziketan eta hazkuntzan, eta ez gaude prest eszenatoki berdina onartzeko. Hezkuntza komunitatearen parte garen heinean, hausnarketa sakona egin behar genuke oro har, partxeak jarri eta aurrera egin ordez, bizi dugun garaia, gaur eguneko Hezkuntza Sistema errotik eraldatzeko aukera gisa hartuz.

Gehiago luzatu gintezke baina nahikoa da gaurkoz, gutaz eta gure lanaz gehiago jakin nahi baduzue, www.haurrakerebai.eus webgunean bilduta daukagu guztia, eta gonbidatzen zaituztegu gure lana ezagutzera.

Bukatu aurretik, eta honaino irakurtzera iritsi bazara, mila esker bihotzez bidelagun izateagatik, eta ez izan kezkarik zuen iritziak, bizipenak eta abar guri helarazteko. Hor zaudetela jakiteak lanean jarraitzeko kemena ematen baitigu, esperantzari eutsiz, beldurrez eta nekez dihardugun bide luze honetan. Bihotzez, esker mila.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.