EKOGRAFIAK

Dena ematea

Miren Manias -

2019ko urriak 11
Zer den dena ematea telebista saio batean. Hori zer den ezagutu nahi baduzue, ETB1eko 48 ordu saio berria ikusi behar duzue. Ostegunero ematen dute, 22:15ean. Atzokoa hirugarren atala izan zen. Horiek ikusi ondotik, aitortu behar dut Onintza Enbeitak gaitasun berezia duela kameraren aurrean aritzeko. Berak aurkezten du euskarazko programa, eta helburua da 48 ordu gaurkotasun handiko leku batean edo pertsona talde batekin igarotzea. Azken batean, Onintza Enbeitaren bizipen eta kontakizunetan oinarrituta dago.

Lehen atala egiteko, Donostiako Zinemaldian eman zituen bi egun. Aitorpen bat ere egin zuen: 40 urterekin, lehen aldia izan da Zinemaldia zapaldu duela. Eneko Goia hiriko alkatearen arabera, «horrek ez du barkamenik». Enbeita Muxikan (Bizkaia) bizi da, eta, nolabait, horrek erakusten du Donostiatik at bizi diren herritarren artean zinema jaialdiak ez duela esanahi edo garrantzi bera. Donostiarrak ez diren askok, ziurrenez, hiriburuan egun horietan zer gertatzen den ere ez dute jakingo. Halere, inoiz ez da berandu, Onintza, eta derrigorrean egin beharreko gauza da. Saioa Orio Produkzioak-ek ekoizten du. Ordu bateko iraupena dauka, eta, grabaketa orduak kontuan hartuta, postprodukzio lan txukuna du. Bestalde, herritarren parte hartzea bultzatzen du. Adibidez, Arantzazuko eta Zinemaldiko ataletan test moduko bat egin zieten hainbat laguni, inguruaren gaineko haien jakintza maila neurtzeko. Umore ikuspuntutik egina dago hori, parte hartzaileen (ez)jakintasuna tentsio elementua bihur ez dadin. Esango nuke saioaren erritmoa hobetzen duela tarte horrek.

Beste osagai garrantzitsua da Joseba Apaolaza euskal aktorearen eta Onintza Enbeitaren arteko jokoa. Lehenengoak beti du paper berezi bat betetzeko atal bakoitzean, eta helburua da Enbeitaren 48 orduetan behin baino gehiagotan «kasualitatez» agertzea. Apaolazak laguntzaile funtzioa du, eta, irudiek erakusten dutenez, haien arteko konplizitatea naturala da. Saioaren dinamikan laguntzen du, hain zuzen.

Aurkezlearen naturaltasuna nabarmenduko nuke bereziki saio horretan. Haren grazia. Gauzak kontatzeko, jendea ezagutzeko eta esperientzia berrietatik ikasteko gogoa. Ez dauka lotsa handirik (edo ondo ezkutatzen du) eta inbidia diot horretan. Zorionak!

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna