1 Formula

Aro berria, auto berriak

Oso bestelakoa da denboraldi honetako autoen itxura. Ez bakarrik iazkoekin alderatuta, baita taldeen artean ere, bakoitzaren irudimenaren araberakoa izan da diseinua.

Enric Fontcuberta / EFE.
Laurentzi Garmendia
2022ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Harrera bikaina izan dute araudi berriari lotuta eraikitako lehen autoek. Araudiari halako iraulia emateak askatasuna eskaini die ingeniari taldeei, eta bakoitzak bere erara moldatu du. Arazo berari konponbide desberdinak eman dizkiote. Batzuek azken unera arte itxaron dute zeukaten sekretua erakusteko. Hala egin du Mercedesek, ohikoa duen moduan. Bartzelonan oinarrizko autoarekin aritu ziren, eta Bahrainen lasterketan erabiliko dutenarekin aritu ziren. Hori egiteak baliabide ekonomiko asko xahutzea eskatzen du, eta, aurrekontu sabaia indarrean delarik, halakoek eragina izango dute bestelako jardunetan.

Ikusi gehiago:Abu Dhabikoa gaindituta, lehia berriro hastear

AURREKONTUA
Sabaia, gero eta baxuagoa


Iaz sartu zen indarrean talde guztiek bete beharreko 145 milioi dolarreko (132 milioi euro inguru) aurrekontu muga. Aurten langa hori 5 milioi dolar (4,5 milioi euro inguru) murriztu dute, eta 140 milioi dolarretan (127,6 milioi inguru) utzi dute. Hala eta guztiz ere, kopuru horrek 21 lasterketako egutegia aurreikusten zuen, eta aurten 23 lasterketa izango dira, Errusiaren ordezkoa topatzen baldin badute. Hori dela eta, beste 2,4 milioi dolar (2,1 milioi euro inguru) erabiltzeko baimena emana du FIAk. Neurri horrek batez ere Mercedesi, Red Bulli eta Ferrariri eragiten die, gainerako taldeak ez baitira maila berera iristen. Kopuru horretatik kanpo daude gidarien soldatak, baita hiru langile garestienenak ere.

AERODINAMIKA
Garapena, sailkapenaren araberakoa


Jakina da gaur egun lasterketak irabazteko ezinbestekoa dela aerodinamika landua izatea. Gaur egun bi modutan lantzen da arlo hori: haize tuneletan eta ordenagailu bidezko CFD simulatzaileetan. Biak ala biak kontrolatuta daude taldeetan, eta ordu kopuru mugatua dute horretarako. Orain, talde bakoitzak eskura dituen orduak aurreko urteko sailkapenaren arabera banatzen dira. Adibidez, 2021. urteko banaketan 2020ko taldeen sailkapenak zehaztu zuen. Bosgarren izan zen taldeak %100 jaso zuen; lehenak, %90 (Mercedes) eta azkenak, %112,5 (Williams). Aurten muga horiek gehiago zabaldu ditu, eta lehenak %70 izango du, eta azkenak, %115. Ferrari seigarren izan zen 2020an, eta horrek abantaila eman dio aurtengo autoa gehiago garatzeko.

PNEUMATIKOAK
Hamahirutik hemezortzira


Aldaketa guztiz estetikoa izan da hau, baina eragin handikoa. Gurpila hamahiru hazbetekoa dela esaten denean, hagunaren neurriari egiten dio erreferentzia. Kaleko ia edozein autok hori baino hagun handiagoa du. 1 Formulako autoetan profil handiko pneumatikoak erabiltzen ziren, amortiguazioan parte hartze handia zutenak. Kasik pneumatikoak egiten zuen malgugailu lana, eta oso amortiguatzaile gogorra erabil zezaketen. Aurten, hemezortzi hazbeteko hagunekin, profila asko txikitu da, kanpoko neurria lehengoaren antzekoa izan zedin. Ondorioz pneumatikoak askoz ere zurrunagoak dira, eta autoen itxura asko aldatu da. Hagun handiekin, disko-balaztak handitzeko aukera ere izan dute.

ZORU EFEKTUA
Itzuli da, gertutik jarraitzeko


Autoek bihurguneak ahalik eta azkarrena hartzeko, itsaspen aerodinamikoa erabiltzen dute. Hori, orain arte, autoaren txasisak eta atzeko aleroiak eman izan dute. Aurreko aleroiak gutxi eragiten du hor, eta oreka erregulatzeko funtzioa du nagusiki. Atzeko aleroiak, berriz, itsaspen kopuru horren zati handia bereganatzen zuen, baina trukean oso haize nahasia uzten zuen arrasto gisa, atzeko autoari kalte eginez. Zoru efektua beti ustiatu dute taldeek, baina araudiak muga jartzen zion, oso eraginkorra baita. Itsaspen gehigarria atzeko aleroi landuekin lortzen zuten. Orain atzeko aleroia sinplifikatu egin dute, eta zoru efektua handitu, autoek elkarri errazago jarraitzeko.

MOTORRAK
Izoztuta geratu dira


Dagoeneko ezin dira motorretan aldaketak egin, iazko azken lasterketako espezifikazioa da erabili beharrekoa. Motorren aldaketa sakona 2026an egingo da, eta ordura arte iraungo du neurri horrek. Lehenago ere izan da indarren halako neurririk, eta orduan bezala orain ere FIAk atea ireki die aldaketa txikiei, betiere Ā«sendotasun, segurtasun, kostu murrizte edo eragin gutxiko piezakĀ» direla arrazoitzen badute. Ondorio onak ditu neurri horrek, motorren kostua jaitsi egiten baita, eta hura erabiltzen duten taldeek merkeago eskura ditzakete. Gainera, taldeek 2026ra begira lanean has daitezke arlo horretan.

LASTERKETAK
Hiru egunera murriztuak


Gero eta lasterketa gehiago ditu denboraldiak, eta horrek gainkarga eragiten du taldeko langileen artean. Urte erdia baino gehiago egiten dute etxetik kanpo, eta karga hori arintze aldera, lasterketa asteburuko agenda estutu egin dute. Osteguna, prentsarentzako eguna izan ohi zena kendu dute. Horretarako, ostiraleko bi entrenamendu saioak arratsaldera atzeratu dituzte, eta goizean gidarien prentsaurrekoa eta prentsaren ekitaldi zerrenda jarri dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.