1 Formula

Abu Dhabikoa gaindituta, lehia berriro hastear

1 Formulako autoak prest dira, eta igandean hasiko da Munduko Txapelketa. Max Verstappenek lehena izango du txapeldun moduan.

Max Verstappen Montmelon egindako entrenamenduetan. ALEJANDRO GARCIA / EFE.
Laurentzi Garmendia
2022ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Igandean abiatuko da 1 Formulako Munduko Txapelketa. Urtebeteko atzerapenarekin dator autoen eraldaketa sakona. Teorian, lehia estutu, eta garapen bide garesti batzuei muga jarri die. Atzerapen horrek berezi bilakatu zuen iazko urtea, baina nahi gabe azken urteotako lehiarik estuena eragin zuen. Azkeneraino luzatu zen borroka, eta behin txapelketa Max Verstappenen (Red Bull) aldera erabakita ere, Michael Masi lasterketa zuzendaria izan zen bi talde lehiakide nagusien helburu. FIAk urte amaieran presidente berria aukeratu zuen, Jean Todten agintea amaituta. Mohammed bin Sulayem hautatu zuten presidente. Aro berri baten hasiera aldarrikatu zuen.


Taldeek oraindik ez dute elkarren artean indarrak neurtzerik izan, Bartzelonako eta Bahraingo proba saioetan ezin baita alderaketa fidagarririk egin. Nork asmatu ote du gehien? Zein izango da diseinu filosofia irabazlea: Mercedesen hozte sistema berritzailea? Ferrariren alboetako hutsune sakona? Red Bullen esekidura antolaketa desberdina? Aro berri honetan talde txikiek ere badute ideia bikainak aurkezteko modua. Ongi funtzionatzen duten soluzioak garaje batetik bestera kopiatuz joango dira.

Arau berri hauek sortu duten panorama erakargarri iruditu zaio Volkswageni, eta ez du ezkutatu 1 Formulan sartzeko interesa. Motor hornitzaile gisa litzateke, eta taldeak dituen marka anitzek aukera asko ematen dizkiote. Oraingoz logikoena Red Bullekin elkartzea da, horretarako Porsche marka erabiliz. Motorren jabetza intelektuala Red Bullek erosi zuen, eta eraikin berria sortu du haien garapena gauzatzeko. Ikuskizun dago Porschek arlo hori erosi edo izenarekin bataiatzeko litzatekeen. Beste adar bat Audirekin lantzen ari dira, eta McLarenekin osatuko luke bikoa. Baina mantsoagoa doala dirudi, McLarenek 2025a arte kontratua baitu Mercedesekin.

Errusiaren aurkako neurriak

Txina eta Errusia ere hizpide izan dira 2022ko txapelketa hasieran. Batetik, Txinak bere lehen gidaria izango du lasterketa batean: Guanyu Zhou gazteak taldeko gidari ofizial postua du Alfa Romeon. Curriculum txukunarekin iritsi da, Ferrariren eta Renaulten gidari gazteen akademietatik igaro ostean. Hirugarren amaitu zuen iazko 2 Formulan, lau garaipen lortuta. Hura baino gidari askoz ere interesgarriagoak zeuden 2 Formulan, batez ere Oscar Piastri australiarra. Baina Alpineko gidari da, eta mimoz zaindu nahi dute 1 Formulara jauzia eman aurretik.

Bestetik, Errusiarekin lotura duten gauza guztiak desagertzen ari dira 1 Formularen elementu guztietatik: gidariak, lasterketak, babesleak... Haas talde amerikarrak babesle errusiarrak zituen nagusiki, Nikita Mazepinen aitaren enpresak. Errusiak Ukrainari eraso egin ondoren, autoari babesle errusiarren itsasgarri guztiak kendu zizkion, baita bandera errusiarraren koloreak ere. Handik gutxira, 1 Formulak Errusian lehiatzeari uzten ziola jakinarazi zuen. Sotxin zen jokatzekoa aurtengo lasterketa, irailean, eta datorren urterako zirkuitu berria eraikitzen ari dira San Petersburgotik gertu. Egutegitik kanpo gelditu dira Errusian lasterketak. Oso tarte urrian ordezko gidaria bilatu behar izan du Haasek, eta Kevin Magnussen deitu dute. Danimarkarrak ondo ezagutzen du taldea, bertako gidari izan baitzen 2017-2020 tartean. Eskarmentuari erreparatuz, fitxaketa bikaina egin dute.

Ikusi gehiago:Aro berria, auto berriak

Errusiako lasterketak utzitako hutsunea bete egingo dute egutegian, horretarako lehian ari dira Sepang eta Jerez. Horiez gain, Miamin korrituko den lasterketa da deigarrienetakoa. Bertako Miami Dolphins futbol taldearen estadioaren inguruan egin duten zirkuitua da, AEBetan korrituko duten bigarren lasterketaren jokagunea. Aspalditik zegoen Miamin lasterketa antolatzeko asmoa, eta zirkuitua toki desberdinetan kokatzen saiatu badira ere, hautatu duten aukerak ez du askorik balio. Hesi artean diseinaturiko zirkuitua da, guztiz zapala, aparkaleku baten eraikia. Ezer gutxi espero daiteke halako nahasketa batetik.

Talde nagusien artean izan den fitxaketa ia bakarra Mercedesen gertatu da. Williamsen hiru urtez ikasten eta hazten aritu ostean, George Russellek Lewis Hamiltonen taldekide postua beteko du. Valtteri Bottasek galdu du postu hori, azken urteetan gorabeheratsu aritu ostean Hamiltonek erretiratzearen mamuarekin jokatu zuen, baina Verstappenekin lehiatzeko prest dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.