Noiz sortua: 2020-02-29 00:30:00

Donostian ere, tasa turistikoa ez da konponbidea

Nerea Arregi Topas - BiziLagunEkin turismo ereduarekin kezkatutako donostiarren plataforma

2020ko otsailak 29

Tasa turistikoa deitzen zaie turistek hotel edo ostatuetan emandako gau bakoitzeko zenbait lurraldetan bertako administrazioari ordaindu behar izaten dioten zenbatekoari. Bildutako dirua turismoaren sustapenari eta turismoaren erakargarri diren guneen zainketara bideratu ohi da, haiek mantendu eta bere ustiapena iraunkortzeko asmoz.

Tasa turistikoak ez du konpontzen lurraldeen eta hirien turistifikazioaren arazoa. Ez da hala izan neurri hori bere molde desberdinetan ezarri izan duten tokietan, eta ez da hala izango EAEn, Gipuzkoan eta Donostian.

Katalunia eta Balearrak dira tasa turistikoa duten Estatuko lurralde bakarrak. Euro bat eta lau euro arteko tasa ordaintzen dute turistek ostatu gau bakoitzeko. Bistan da lurralde horien turistifikazio arazoak ez direla konpondu neurriarekin. Europan 21 herrialdetako hiri eta lurraldetan daude ezarrita antzeko neurriak. Batzuetan gauko zenbateko finko bat ordaintzen da; beste batzuetan, ostatuko fakturaren portzentaje bat. Erroman, gauko zazpi euroko tasa dago indarrean, gaur egun.

Hilabete askotan ari dira administrazio desberdinetatik tasa turistikoaren gaia lantzen eta publikoki hedabideetan asmoak, borondateak eta zurrumurruak hedatzen. Hala ere, ez zaie erraza egiten ari ustezko adostasuna praktikan gauzatzea. Izan ere, administrazioen artean desadostasunak bi puntutan daude: nork bildu eta kudeatu behar duen tasa turistikoaren bidez jasotako dirua (1) eta zer helburutara bideratu behar den diru-sarrera hori. Beste hitz batzuetan: zergatik eta zertarako ezarri nahi den tasa turistikoa (2).

Lanketa hori «sektorearekin» egiten ari direla jakin dugu hedabideen bitartez, beti bezala. «Sektorea» deitzen diotena turismoan interes ekonomikoa duten enpresa eta inbertsiogileak dira. Ez dute parte hartzen turismo eredu orojale horren kalteak jasaten dituztenek. Ez dute parte hartzen auzo elkarteek, sindikatuek edo gaia jorratzen duten gizarte mugimenduek. Elkarlanean dihardute, bai; turismoaren hazkunde mugagaberako eta lurralde osoaren turistifikaziorako borondatea dutenen arteko elkarlana da, ordea.

Donostiak ezin du jaso gaur egun jasotzen duen baino turismo gehiago. Donostiarren bizimoduan eta bizi-baldintzetan kalte nabarmenak eragiten ari da indarrean dagoen turismo- eta hiri-eredua. Etxebizitzaren prezioen gorakada hiritik kanporatze masiboa eragiten ari da, bereziki gazteena. Hiriaren egitura ekonomikoa aldatzen ari da, turismoari lotutako sektoreen pisua handituz; hain zuzen ere, prekaritate handikoak diren sektoreak (ostalaritza, ostatuak, merkataritza eta garbiketa). Hiri espazioaren pribatizazioak eta kultur ekimenen merkantilizazioa arriskuan jartzen ari dira komunitate sareak eta auzo-bizitza. Turismo gehiago erakartzea ez da donostiarren lehentasunezko beharra. Baliabide publikoekin gutxi batzuen interes pribatuarentzat lan egitea da. Tasa turistikoa turismoa sustatzeko erabili ohi da, eta, horrexegatik, ez dugu nahi tasarik, xede horretara diru publiko gehiago bideratzeko bada. Arazoa handitzeko neurri bat litzateke, arazoa konpontzekoa baino.

Tasa turistikoei ematen zaien beste funtzioa turisten erakargarri diren toki eta guneak «zaintzea» da. Ingurune naturalak, ondare arkitektonikoko elementuek, alde zaharrek, portuek eta abarrek turisten joan-etorriak, hondakinak eta bestelako desgasteak sufritzen dituztenez, horien «konponketa» egiteko baliatzen omen da. Praktikan, erakargarri horien inguruan azpiegiturak (parkinak, pasarelak...), edo zuzenean turistei zuzendutako zerbitzuak eskaintzeko (informazio guneak, panelak...). Turismo masiboaren kalte larrienak, bertako biztanleriarengan sortzen direnak, ukitu ere ez. Azken finean, helburua turistaren esperientzia ona ziurtatzea eta turismoaren hazkunde bidea sustatzea da, ez bertakoen egoeran eragitea.

Beraz, Bizilagunekin plataformaren irakurketa garbia da. Tasa turistikoak, planteatuta dagoen bezala, ez du arazoa konpontzen. Are gehiago, arazoa okerragotzeko eragin dezake. Gure hiriaren turistifikazioari bidea zabaltzen dioten indar politikoen artean adostasuna sortzen du, hain zuzen ere beren orain arteko jardunari bete-betean erantzuten diolako. Turistifikazioari neurria hartzeko tresna bezala saltzen dute herritarren aurrean, baina bitartean hazkunde turistikoaren aldeko lanean jarraitzen dute; besteon bizi-baldintzen kontura aberasten ari diren gutxi horien alde. Hazkunde turistikoaren paradigma legitimatzeko tresna bat da, nagusiki.

Tasaren ezarpena ezagutuko dugula susmatzen dugunez, proposamen bat mahai gaineratu nahi genuke, hala ere. Ezarriko bada, Fiturrera hamarnaka politikari eta lagun eramateko, atzerriko hedabideei publirreportajeak ordaintzeko edo urteroko marketin kanpainak ordaintzeko erabili ordez, erabil dezagun diru-sarrera politika sozialetarako. Inbertitu dezagun donostiarren kanporatzea gelditzeko politiketan, etxebizitza larrialdia gelditzeko, lan-baldintza duinak ziurtatzen, balio ekologikoko inguruneak babesten, auzo-bizitza sustatzen, behetik gorako kultur egitasmoetan... Horiek dira Donostian bizi garen eta bertan bizi nahi dugunon kezkak eta beharrak. Eta turismo gehiago erakartzeak ez du horien hobekuntzarik ekartzen, azken urteetan ikusi dugun bezala. Desazkunde turistikorantz neurriak hartzeko ordua heldu da, eta ikusi nahi ez duten agintarien aurrean indarrak metatzen ari den herritar multzo gero eta handiagoa dago.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Covid-19 daukaten gaixoak zaintzen duten bi erizain besarkatzen 55 egun gaixo zeraman gizon bat sendatzean. ©Andoni Lubaki / Foku

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 31.166 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.150 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Larrialdi zerbitzuek behin-behineko ospitale bat jarri dute Lleidan. ©Ramon Gabriel / Efe

Kataluniako Gobernuak konfinamendua ezarri die 200.000 herritarri

Berria

Lleidako eskualde batean koronabirusaren zortzi agerraldi detektatu dituzte. Eguerdian jarri dute indarrean.

Osasun langileak lanean, Gurutzetako ospitalean. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Auzitegi Nagusiak dio Osakidetzak ez zuela babes baliabide nahikoa

Ainhoa Larretxea Agirre - Irati Urdalleta Lete

Osakidetzak «ontzat» jo du ebazpena, «ez dituelako aintzat hartu sindikatuen eskaera gehienak». ESK sindikatuak jarri zuen salaketa, eta ekainaren 16an egin zuten epaiketa

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna