Donostiako 83. Musika Hamabostaldia

Hamar kontzertu San Telmon

Ganbera Musika Zikloak XVIII. mendetik gaur egun arteko obrak jasoko ditu. Antzinako Musika Zikloa Erdi Aroko musika siziliarrean eta musika barroko frantsesean oinarritu dute

Susana Soto, Patrick Alfaya eta Iñaki Alberdi, atzo, Donostiako San Telmo museoan eman zuten prentsaurrekoaren aurretik. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Leire Perlines Apalategi.
Donostia
2022ko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
Donostiako Musika Hamabostaldiak Ganbera Musika Zikloa eta Antzinako Musika Zikloa aurkeztu zituen atzo San Telmo museoan. Susana Soto San Telmo museoko zuzendaria, Patrick Alfaya Musika Hamabostaldiko zuzendaria eta Iñaki Alberdi Ganbera Musika Zikloko akordeonista izan ziren bertan. Ganbera Musika Zikloa abuztuaren 6tik 25era bitartean izango da, eta Antzinako Musika Zikloa, gaurtik abuztuaren 20ra bitartean. Hamar kontzertuk osatzen dituzte guztira bi zikloak: bost kontzertu ziklo bakoitzeko.

Sotok esan duenaren arabera, duela urte batzuk hasi ziren saiatzen Musika Hamabostaldiko kontzertu batzuk Donostiako Parte Zaharreko museora eramaten, eta apurka-apurka museora ondo egokitzen diren kontzertuak eta musika aurkitu dituztela uste du. «Pozgarria da bateratze hori sendotzea eta urtero Musika Hamabostaldiaren zati bat San Telmon egotea; iruditzen zait asko ematen diola museo honi. Pertsona pribilegiatu bat bezala ateratzen da pertsona oro kontzertua izan den aretotik», kontatu du.

Alfayak, bestalde, San Telmo museoko taldeari eskerrak eman dizkio lana erraztu eta bi zikloak museora eramateagatik: «Ziklo bat berreskuratzeko aukera eman digu museoak, Viktoria Eugenia antzokiarekin datak zehaztea lan zaila baitzen azkenerako; gainera, 800 besaulki ditu, eta ganbera musika zerbait jasoagoa da, intimoagoa, eta San Telmo museoa oso egokia da horretarako». Bestalde, bi zikloetan estetika ezberdinak egongo direla esan du jaialdiko zuzendariak, eta talde berriak zein zaharrak egongo direla: «Gustu guztientzako eskaintza».

Ganbera Musika Zikloa Alberdi akordeonistak irekiko du abuztuaren 6an, eta Suite diacronica aurkeztuko du kontzertu horretan. Musikariaren hitzetan, instrumentuaren naturalizazioaren parte da musika besterik gabe egiten den zikloetan integratuta egotea. Haren programak bi ardatz ditu, Antonio Soler eta Astor Piazzolla konpositoreak hain zuzen, eta biak musika tradizionaletik elikatzen dira: fandangoetatik, tangoetatik, gabon kantetatik eta abar. Hala ere, tartean «serioagoak» diren bi abesti daude, Alberdiren hitzetan, eta horiek Piazzollaren Ave Maria eta Bachen Txakona dira.

Alberdik, bestalde, adierazi du akordeoiak «dena» eman diola: «Instrumentu bat aro batera mugatzean, interpretea mugatzen da. Aitzitik, Tomas Luis de Victoriatik David del Puertora interpretatu daitekeenean musikaria asko aberasten da, eta ikasteko aukera ematen dio hari».

Albeniz Triok jarraituko du zikloarekin abuztuaren 10ean, eta El resurgir del Ave Fenix programarekin debutatuko du Paula Birzuela, Luis Maria Suarez eta Javier Rameixek osatutako hirukoteak. Hurrengoak Joaquin Riquelme eta Enrique Bagaria izango dira, abuztuaren 16an, eta horiek Encounters diskoa aurkeztuko dute. Quarteto Quiroga Musika Hamabostaldira itzuliko da abuztuaren 18an, Haydn, Brhams eta Manuel Canal konpositoreen obrekin. Ganbera Musika Zikloko azken kontzertua abuztuaren 25ean emango du Quartetto Adornok. Italiako taldeak jaialdian debutatuko du, eta Beethoven, Debussy eta David del Puerto konpositore madrildarraren obrak interpretatuko dituzte. Zikloko kontzertu guztiak San Telmo museoko klaustroan izango dira, 20:30ean.

Musika historikoa oinarri

Antzinako Musika Zikloko errepertorioa 1750. urtea baino lehenagoko musikan oinarritzen da, eta Musika Hamabostaldia 1991. urtean sortu zenetik arrakasta handien duten zikloetako bat da; jarraitzaile leial ugari erakartzen ditu urtez urte.

La Ritirata euskal taldeak hasiko du zikloa, Francesco Mancini musikagile barrokoari eskainitako monografiko batekin, haren jaiotzaren 350. urteurrenarekin bat etorrita. Abuztuaren 9an, Ludovice Ensembleren txanda izango da, eta Espainiari buruz sortutako idealizazioa islatzen duen À l'Espagnole aurkeztuko du. Bestetik, ziklo honetan ezaguna den Al Ayre Español taldeak Henry Purcellen sonatak oinarri dituen programa bat joko du abuztuaren 12an. Abuztuaren 19an, Egeria taldea estreinakoz ariko da jaialdian Cataniako Troparioan kontserbatutako musikarekin, eta zikloa 20an itxiko du Ensemble Diderot taldeak, Parisko epaiketa proposamenarekin.

Aurten, Antzinako Musika Zikloa behin betiko aldatuko dute Santa Teresa komentutik San Telmo museora.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.