Rocka, hogei urtez infernuan

Hogeigarren urteurrena ospatzen ari da Gasteizko Helldorado kontzertu aretoa. Nikki Hill abeslari estatubatuarrak irekiko du denboraldi berria, larunbatean.

Euskal Herriko zein nazioarteko hainbat taldek jo dute Helldoradon. IÑIGO URIZ / FOKU.
unai etxenausia
Gasteiz
2022ko irailaren 1a
00:00
Entzun
Infernua ez dago batere gaizki rock-and-rolla maite dutenentzat, Euskal Herriko infernua ez behintzat. Akaso, Gasteizen infernuak kontzertu areto itxura duelako. 2001eko urriaren 26an lehen aldiz argiztatu zutenetik, Helldorado musika aretoko arduradunek hogei urte baino gehiago daramatzate kontzertuak antolatzen eta musika estilo hori maite dutenen entzumenak berotzen. Pandemiak eta horrek eragindako murrizketek eragotzi egin zuten joan den udazkenean Helldoradok bere hogeigarren urteurrena aurreikusi bezala ospatzea. Aurten, ordea, atzerapen pixka batekin bada ere, merezi bezala ospatuko dute.

Iragarri dituzte urteurreneko kontzertu guztiak. Larunbatean, Nikki Hill abeslari estatubatuarra ariko da, denboraldi berria irekitzeko. Astebete geroago, hilaren 10ean, Europako rock eszenako talde mitiko batek hartuko de lekukoa, The Diamond Dogs seikote suediarrak, hain zuzen ere; eta Los Chill Madrilgo laukotearekin ariko da oholtzan. Irailaren 16ko eta 17ko asteburuan, berriz itzuliko dira kontzertuak. Lehenengo egunean, Electric Mary australiarrak arituko dira. 17an, berriz, hirugarren Gasteiz Country Fest jaialdia ospatuko dute, eta Chisum Cattle Co. eta La Rosa Negra taldeek joko dute. Azkenik, irailaren 24an, The Faithless eta James Leg gasteiztarrek berotuko dute oholtza. Horietaz gain, hainbat kontzertu dauzkate baieztatuta urte osoan zehar.

Lau musikarik ireki zuten aretoa, 2001ean, Ernesto Garciak (The Allnighters); Jimmyk (Soziedad Alkoholika); Pelak (Obligaciones, Sumision City Blues, La Excavadora eta Victimas Club) eta Juan Uriartek (Los Padrinos eta The Allnighters). Igaro diren urte guztien ondoren, Uriarterentzat «nerbioak ez dira hasierako berberak». Hala ere, ziurtatu du «gogoz» daudela urteurreneko kontzertuekin hasi eta publikoarekin berriz elkartzeko: «Euskal Herriko kontzertu aretorik zaharrenetan bigarrena gara, eta urteurrena ospatzea dagokigu orain. Jendeak jakin behar du musika aretoak gozatzeko daudela, eta lan handia dagoela guztiaren atzean. Hau proiektu oso serioa da».

Garai gogorrak

Aurrera begiratu arren, Helldoradoren hastapenak gogoratu nahi izan ditu Uriartek, «dena errazagoa zenekoa». Dibertitzeko jendea Gasteizko festen zain zegoen bitartean, Helldoradon larunbatero «kontzertuak eta jaia» izaten zituztela oroitu du Uriartek. «Orain arte, istorio eta gau ahaztezinak bizi izan ditugu».

Era berean, «garai gogorrak» ere izan dituztela adierazi du Uriartek: «Areto bat irekitzeko helburua etekin ekonomikoak izatea bada, ez da errentagarria, eta sufritu egiten da. Horregatik ez daude hainbeste areto Euskal Herrian».

Hala eta guztiz ere, aretoa ireki zutenetik gaurdaino, leialak izan dira beren balioekin. Izan ere, Helldoradoko kideak «oreka bat» mantentzen saiatzen dira. Gastuak estaltzeaz gain, garrantzitsua da «aretoaren kalitateari eustea», Uriartek nabarmendu duenez. «Lau musikarik abiatu genuen proiektua, eta aretoko langile gehienek ere harreman estua dute artearekin. Uste dut beste aretoengandik bereizten gaituela horrek».

Oso ohikoa da Helldoradon jo duten taldeek gehiagotan errepikatzea. Are, ez dituzte bakarrik Euskal Herriko talde ezagunak eramaten: mundu osoko taldeak ekartzen saiatzen dira. Uriartek adierazi duenez, Amerikako hainbat taldek «Europako aretorik onena» dela esan ohi diote.

Publikoak ere asko apreziatzen du Helldorado, asko zaintzen baitute aretoaren goxotasuna eta akustika. Uriarterentzat, «zalantzarik gabe», Helldoradok Euskal Herriko akustikarik onena du: «Ez dut nik bakarrik esaten; jende askok esaten du». Horren arrazoietako bat Europan hainbeste areto ez egotea dela esan du. Horrez gain, uste du areto askok garrantzi handiagoa ematen diotela etekin ekonomikoak ateratzeari beren publikoa, taldeak eta musika zaintzeari baino. «Kontua ez da guk guztia ezin hobeto egiten dugula, baizik eta beste askok gaizki egiten dutela», gehitu du.

Komunitatearen garrantzia

Helldoradoko abonatuek osatu duten komunitatea «funtsezkoa» izan da eta oraindik ere bada proiektuak aurrera jarrai dezan. Urte hauetan guztietan, 400 eta 500 pertsona artean eduki dituzte abonatuta. Hainbat abantaila eskaintzen ditu abonuak: sarrera merkeagoak eta edariak, adibidez. Uriartek goraipatu du, ordea, gehienak «proiektuan sinisten dutelako» direla bazkide.

Hein handi batean, babesari esker egin du aurrera proiektuak. Uriarte jakitun dago etorkizuna zalantzazkoa dela, baina «ilusio berarekin» jarraituko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.