FINALISTAK
Alaia Martin
Oiartzun, 1987.Txapelketa onenetik hasi zuen Zestoako final-laurdenean. Begirada zorrotz eta findua plazaratu zuen ia beti. Finalaurrekoetan, ordea, ez zuen lehen saioko distirarik erakutsi. Lehen saioko mailara hurbilduz gero, txapeletik gertu ibil liteke.
Unai Agirre
Hernani, 1975Finalaurrekoan goia jo eta jo jardun zuen bertsotan. Ohi bezala eta bere bertsokerari lotuta, ofizioetan aritu da emankorren. Azken txapelketetako saioetan lortutako emaitzengatik txapelerako faboritoetako bat da.
Jon Maia
Urretxu, 1972Azken Bertsolari Txapelketa Nagusiko zapore eskasetik ihesi, datorren Txapelketa Nagusira sailkatzeko asmoz aurkeztuta, lortu du hori. Final-laurdenetan gehiago luzitu zuen azken saioan baino. Onenetik ez du erabat erakutsi oraindik. Faboritoetakoa da ibilbideagatik.
Beñat Gaztelumendi
Donostia, 1987Final-laurdenetan, lehen saioa izanik, txapelketari neurria hartzen eta txapelketa probatzen aritu zen. Ohi gisan, kartzelan aritu zen bikain. Finalaurrekoetan, ohi gisan ez erori arren, ez zuen lehertzerik lortu. Ez erortzeko duen gaitasuna dela eta, faborito nagusietakoa da.
Agin Laburu
Astigarraga, 1985Maila altuena eskuratu dutenen artean, txapelketarik orekatuena egin duena da. Bertsokera txispadunari muzin egin gabe kantatu du. Agirreren bertsokeratik hur, ofizioetan nabarmendu izan da. Goian ibil liteke, aurrez ofizioetan erakutsitako maila onenari eutsiz gero.
Iñaki Apalategi
Beasain, 1982Bi kartzelako itzel egin ditu bi saioetan. Gainontzeko ariketetan ere goitik kantatu zuen finalaurrekoetan; final-laurdenetan, aldiz, estuago ibili zen ofizioetan. Saio ondorenetan eta finalaren aurretik egin dituen adierazpenetan ziurtasuna agertu izan du egin lezakeenari buruz.
Oihana Iguaran
Villabona, 1991Saioetara freskotasun handiena ekarri duten bertsolarietako bat da. Aukera izan duen guztietan jo izan du freskotasunera ausart, eta puntu gehien ere hala egin duenetan eskuratu ditu. Finalean eroso kokatuz gero, freskotasun handia eman liezaioke finalari.
Arkaitz Oiartzabal
'Xamoa'
Oiartzun, 1985Garapenak bertsokera berezia ekarri dio, eta bertsokera horrek, finalera sailkatzeko aukera, hainbat txapelketaren ondoren. Detaile finezko bertsokera erakutsi zuen, final-laurdenetan batez ere; gehiago kosta zitzaion hura plazaratzea finalaurrekoetan.
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.