Donostiako 79. Musika Hamabostaldia

Kukairen diosal espiritualena

Bihar egingo du Kukaik 'Adio' ikuskizuna Arantzazuko santutegian, Donostiako Musika Hamabostaldiak gonbidatuta. Iñaki Beristain eta Bitoriano Gandiaga omenduko dituzte

Oñatiko Arantzazuko santutegirako Adio ikuskizun berezia antolatu du Kukaik, Donostiako Musika Hamabostaldiarekin elkarlanean. JON URBE / FOKU.
Maider Galardi F. Agirre.
2018ko abuztuaren 22a
00:00
Entzun
Adio. Izen hori aukeratu du Kukaik bihar Oñatiko (Gipuzkoa) Arantzazuko santutegian Donostiako 79. Musika Hamabostaldiaren harira egingo duen emanaldia aurkezteko. Emanaldi bat eta bakarra izango da: agur bat Arantzazuko santutegiari, diosala Iñaki Beristain eta Bitoriano Gandiaga poetari eta frantziskotarrei; keinu bat Kukai izan denari, eta baita gaur egun dantza taldeak duen esentziari:«Ariketa espirituala» da, Jon Maia taldeko zuzendariaren arabera. Ez da emanaldi berri bat, ez dago estreinaldiko agurrik, baina egin dutenaren eta egiteko dutenaren arteko zubia izatea nahi dute.

«Aspalditik ari gara Arantzazun ekitaldiren bat egin nahian», azaldu du Maiak. Orain zenbait urte Patrick Alfaya Hamabostaldiko zuzendariak proposatu zien elkarlanean aritzea, baina orain arte ez dute aukerarik aurkitu horretarako. Oraingoan, ordea, lekuak eta denborak bat egin dute: Kukaik Erritu lan berria estreinatu du orain gutxi, eta Oskara ikuskizunarekin dabil biran. Batetik eta bestetik hartuta, eta pieza bereziak sortuta, emanaldia osatu du taldeak. Gainera, Musika Hamabostaldiaren egitasmoa izanda, poesia eta zuzeneko musika ere izango dira dantzak iraun bitartean. David Azurza eta Landarbaso abesbatza arituko dira kantuan, eta Iñaki Salvador piano jotzaileak lagunduko du ekitaldia. Izango dira gonbidatu bereziak ere: Oñatiko Oñatz dantza taldeak eta Pello Zabala frantziskotarrak parte hartuko dute ikuskizunean.

Hain justu, Zabalak Gandiagaren poesia eramango du oholtzara. Poeta bera hil ostean argitaratutako liburu batek ematen dio izenburua ikuskizunari: Adio. Hala azaldu du Maiak: «Begirunezko gurtzea da agurra, baina Gandiagaren eta Beristainen kasuan bazuen garrantzi emozionala». Tokiak ere izan du eragina ikuskizunaren sortze prozesuan: «Hara joan, eta ingurunearekin harremanetan jartzen ahalegindu gara. Saiatu gara ahalik eta gehien sentitzen bertako giroa».

Horregatik, Maiak uste du koreografiak ongi islatzen duela Kukairen oraingo lan ildoa: «Oso lan espiritualak dira Oskara eta Erritu, eta lan honek hori ongi jasotzen du. Baina gure sustraiak zein diren argi uzten dugu Oñatz dantza taldearen laguntzaz. Poesia eta euskara ere ardatz ditu ikuskizunak. Kukain hori ere islatu nahi dugu». Oinarriaren eta interpretazio askearen arteko zubia; Adio horixe dela nabarmendu du koreografoak. Gainera, bidelagun izango dira aspalditik konplize dituzten Azurza eta Salvador: «Davidekin egin dugu Erritu eta Iñaki aspaldiko laguna da, erreferentzia bat pianoan».

Maiak berak ere rol berezia izango du oraingoan: «Egia da zuzendari moduan aritu naizela azken emanaldietan, baina dantza egiten jarraitzen dut, eta biharkoan izango dut pieza txiki bat dantzatzeko aukera». Azken bi ikuskizunetan zuzendari eta koreografo lanetan aritu da batik bat. Areago, Adio-n Oskara eta Erritu ikuskizunen zatiak jaso dituenez, Sharon Friedman eta Marcos Morauk ere kolaboratu dute koreografo moduan.

Ikusminak jota, aspaldi amaitu ziren biharko ekitaldiko sarrerak, baina Kukaik emanaldiz betea du uda, Euskal Herrian eta atzerrian: «Orain Topa kale ikuskizunarekin gabiltza, eta atzerrian izan gara Oskara-rekin. Udazkenean ekingo diogu Erritu antzokietan aurkezteari», oroitarazi du dantza zuzendariak.

'Erritu', bigarrenez

Hain zuzen ere, joan den apirilean aurkeztu zuen Kukaik Erritu lan berria. Asmoa zen Done Mikel Aralarkoaren ermitan (Nafarroa) estreinatzea, baina eguraldiagatik Altsasun (Nafarroa) egin zuten lehen emanaldia. Arantzazun ere saio hori egitea zen lehen asmoa, baina, azkenean, ezinezkoa izan da dantza bertan prestatzea, eta horregatik sortu dute emanaldi berezia Musika Hamabostaldirako: «Kukairen gerria islatzen du bizitzen ari garen garai honek. Indarra dugu hainbat ekitaldi une berean oholtza gainean erakusteko», nabarmendu du Maiak.

Urrian aurkeztuko dute berriz ere Erritu, baina, oraingo honetan, antzokietako formatuan. Donostiako Viktoria Eugenian, Bilboko Arriagan eta Hondarribiko Itsas Etxean arituko dira, besteak beste. Nazioartean ere lan berria aurkeztea da asmoa. «Erronka bat da erritmo honi jarraitzea, baina piztu ere egiten gaitu», dio Maiak. Biharko ekitaldiaren ostean ez da adiorik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.