Donostiako 79. Musika Hamabostaldia. Jordi Savall. Viola da gamba jotzailea eta orkestra zuzendaria

«Musikak ez ditu geldituko bonbak»

Antzinako musika gaur egunera ekartzen diharduten izen handienetako bat da Savallena. Milaka urte dituzten soinuen balioa defendatuz egin du bidea, eta kezkaz mintzo da hala haren lekuaz nola gaurko munduaz.

itziar ugarte irizar
2018ko abuztuaren 17a
00:00
Entzun

Eskola erlijioso batera bidali zuten umetan Jordi Savall (Igualada, Katalunia, 1941). «Zorionez», dio. Han izan baitzuen musikarekin lehen hartu-emana. Egunero abesten zen meza du gogoan, nola sartu nahi izan zuen berehala abesbatzan, eta nola aritu zen bertan kantuan ahotsa aldatu zitzaion arte. Korua biolontxeloarekin aldatu zuen gero, eta biolontxeloa viola da gambarekin ondoren, eta horrekin nazioarteko maila gorenera heldu da. Orkestra zuzendaria ere bada, eta antzinako musikaren «ondare ezkutua» aldarrikatzea izan du borroka nagusia 50 urteko ibilbidean. Musika historikoaren ikonotzat hartzen dute askok, hura berreskuratzeko egin duen lan irmoagatik.

Euskal Herrian izango da datozen egunetan, Donostiako Musika Hamabostaldian. Aurretik ere egona da jaialdian, eta emanaldi bikoitzarekin itzuliko da aurten: igandean, Senperen (Lapurdi) emango du lehen kontzertua; eta astelehenean, Carlos Nuñez gaitista galiziarrarekin ariko da Donostiako Viktoria Eugenia antzokian.

Bietako lehenengoarekin hasteko, mundu zaharraren eta berriaren arteko «elkarrizketa zelta» izango da Senperekoa. Zein da proposamena?

Ni viola da gamban ariko naiz, Andrew Lawrence-King harpa irlandarrean, eta Frank McGuire perkusioan, bodharan-arekin. Musika zeltako estilo ezberdinak jasotzen ditu programak; antzinako konpositoreen lanak, baita tradizio irlandarreko eta eskoziarreko musika anonimoak ere. Horietako asko ahozko tradizioaren bidez transmititu ziren, eta XIX. mendean egindako bildumetan kontserbatu dira. Horien artetik gustukoen nuen errepertorioa hautatzeko lanean aritu naiz. Proposamena, batez ere, hori da, mundu zaharra eta berria gurutzatzea.

Carlos Nuñez gaitistak eta biok ere ideia horri helduko diozue Viktoria Eugeniako emanaldian. Irlanda, Euskal Herria, Eskozia eta Galiziako errepertorioa da. Nola ezkontzen dira?

Bakoitzak bere ezaugarriak ditu, eta multzoka tartekatzen osatzen dugu emanaldia. Carlosek errepertorio zeltaren ikuspegi tradizionalago bat eskainiko du, eta nik ikuspegi historikoago bat. Neure iturriak ez dira hainbeste ahozkoak, partitura idatziak baizik, milurteko musika horietatik kontserbatu ahal izan direnak. Grabazio oso zaharrak entzuten ere aritu naiz, 1830. urte ingurukoak. Garai horietako violista zoragarriek musika hura nola interpretatzen zen erakusten dute.

Zein berezitasun ditu errepertorio zeltak?

Musikologo askok musika kultutzat hartzen dute musika zelta, baina herrikoia ere bada. Ez zuten bakarrik konpositore handiek idatzi, eta, beraz, badago errepertorio anonimo bat ere. Kontua da musika zeltako maisu handiak musikari handiak izan zirela. Turlough O'Carolan bezalako egileak, esaterako, XVII. mende inguruko konpositore oso handiak dira. Musika zelta konposatu zuten, gehienbat, akonpainamendua idatzi gabe; hori inprobisatu egiten zen. Kultutzat hartu izan dira, baina tradizio herrikoi batek mantendu du, batez ere. Egun, modu askoz poperoago edo modernoago batean jotzen da, eta ni prisma historikotik abiatzen naiz. O'Carolanen partiturakoa bere horretan jota izango lukeen soinua bilatzen dut.

Viola da gamba darabilzu horretarako. Zerk harrapatu zintuen hari hain estu lotzeko?

Hasieran, biolontxeloarekin hasi nintzen, autodidakta gisa. Rambletako [Bartzelona] Casa Beethoven dendara joan nintzen partitura bila, eta erosi nuen edizio aleman batean viola da gambarako konpondutako ale asko zeuden. Horiek beti geratu zitzaizkidan espazio pertsonal batean, ez nuena nire maisuekin banatzen. Biolontxeloko ikasketak amaitu nituenean, errepertorio hartara itzuli nintzen, eta orduan deskubritu nuen benetan viola da gamba. Instrumentu oso ederra dela deskubritzeak harrapatu ninduen, soinu eta koloreetan duen aberastasunak sortzen duen lilurak. 1975a zen, eta orduan hiru-lau musikari zeuden munduan viola da gamba jotzen zutenak. Hala ere, viola da gambaren aldeko hautua egiteko arrazoi nagusia izan zen ikustea ikaragarrizko errepertorioa zegoela oraindik aztertzeko.

Hori azalera ekartzen egindako ahalegina aitortu izan dizute, eta babesgabe aritu izana salatu izan duzu zuk. Zer ekarri dizu lan horrek?

Nahiz eta laguntzarik apenas izan, bizitza betetzen jarraitzen didan alde liluragarri bat du. Musikaren historiako une banakak birsortzea eta publikoari horrekin gozaraztea bizitzan gehien gogobete zaitzaketen gauzetako bat da. Edertasuna sortzea, eta hor parte hartzea, hori da musikariaren pribilegioa. Museo bateko kontserbatzaileak historia luzeko lanak aton ditzake gela batean. Musikariak, aldiz, parte hartzen du edertasun horretan. Berak osatzen du partitura, bizitza emango dion giza espiritua falta du bestela. Musikaria funtsezko konplizea da Monteverdiren, Machauten edo Bachen edertasuna guregana ere iristeko. Beti esaten dut: musikaria museo bizidun bat da.

Zure garaiko musikari bat zarela esan izan duzu. Nola uztartzen da hori milaka urte dituzten soinuak ekartzearekin?

Jada existitzen ez diren kulturen soinuak gaurko egunetara ekartzea gaurko bizitzari ekarpen bat egiteko modu bat da, denbora luzean ukatua izan zaigun aberastasun bat ekartzekoa. Ez dugu ahaztu behar musika historikoa XX. mendeko aurkikuntza bat dela. Bachekin, Haendelekin... hasten da, baina 1940ko urteak arte ez da interpretatu ez Monteverdi ez antzinako errepertorioan funtsezkoak diren beste hainbeste egile. Antzinako musika aurkikuntza modernoa da, ezezaguna zen orain gutxi arte. Modernitate ekintza bat da antzinako musika jotzea. Museo batera zoazenean, Erdi Arotik gaur arteko koadroak ikusten dituzu, ezta? Ba, orduko musika gaur egun entzuna izateko egina dagoen musika da, berdin-berdin.

Errepertorio hori argitara ateratzen hasi zenetik gaur arte, egin da bide bat?

Musika hau entzun nahi duen publiko asko topatzen dugu. Baina oso atzeratuta gaude oraindik. Mundu osoan, ez soilik Europan. Inbertsio handia jasotzen duten musika egiturak XIX.-XX. mendekoak dira. Gaur egungo orkestrek ez dute errepertorio barrokoa interpretatzen. Eta klasikoa ere gutxi. Orkestra oso handiak dira, XIX. mende erditik aurrerako errepertorio modernoa jotzeko diseinatutakoak. Beraz, hutsune bat dago. Aurrekoan irakurri nuen: Espainian, 30 orkestra sinfoniko inguru daude, batez beste, 5-7 milioiko kostua dutenak urtean. Horrek esan nahi du soil-soilik errepertorio instrumentalera 200 bat milioi bideratzen dituztela. Eta horrek 1830-1840tik gaur arteko etapa esan nahi du. Bitartean, Erdi Arotik lehen erromantizismora arteko musikara ez da ia ezer bideratzen. Inkoherentzia handia da: orkestra klasikoek Vivalditik musika modernora arteko errepertorioa jotzen zuten, eta guk XIX. mendeko jokaldi berdinak errepikatzen ditugu. Antzinako musika egiten duten taldeak ez baleude, gaur ez legoke musika barrokorik inon, are gutxiago Erdi Arokorik.

Desadostasun hori agertu zenuen duela lau urte, Espainiako Gobernuak banatzen duen Musikaren Sari Nazionalari uko egin zenionean.

Noski! Orduan esan nuenak berdin-berdinetan jarraitzen du. Ez dago inolako sentsibilitaterik. Inertziak beti dira berdinak. Egitura oso zurrun bat duzunean, ez duzu berehalakoan aldatuko. Kontziente izan behar da musikak ere gaurkotze bat behar duela, eta, kasu honetan, espazio bat egin behar zaiela antzinako musikan ari direnei.

Oro har, kultur sortzaileek duten babes falta ere salatu zenuen orduan.

Bai. Badakizu zein den akats nagusia? Kulturako arduradunak ezjakinak direla arloan. Musikan, ideiarik ez dute Erdi Aroko kodexetan, XVII. mendeko musika barrokoan... dagoen aberastasunaz. Eta, azkenean, ezin ditugu disfrutatu, ez dutelako babes nahikorik. Negargarria da.

Herritarren aldetik ikusten duzu kultur jardunari zentralitate bat emateko borondaterik?

Nik ikusten dudana da kontzertuetarako aretoak bete egiten direla. Diskoak ez dira lehen beste erosten, dena dohainik lortzen delako orain. Baina publikoak musika behar du, eta edertasuna eskaintzen baduzu, jendea badoa kontzertuetara. Gazte asko dago lan ederra egiten ari dena, eta babesa behar dute. Ezinbestekoa da instituzioak horretaz jabetzea.

Hainbat kulturatako musiken erroak arakatzen dituzu. Mundu gero eta globalizatuago honetan, aldatzen ari da lekuan lekuko erroekiko lotura?

Nik beti gogorarazten dut musika kultua boterearen musika dela, gorteena, Elizarena... Historikoki bi egitura boteretsuenak izan direnak. Eta horren alboan beti dago herriaren musika: gutxietsi egin dugu, eta hor ere sekulako edertasuna dago. Alde horretatik, garrantzitsua da gogoraraztea gure jatorriari lotuta dagoen horrek egiten gaituela gizaki. Jatorria galtzea arima galtzea da. Gure jatorriari leial izateak bihurtzen gaitu humanitatearen parte, eta hor sartzen da gure kultura, gure familia... Horren barruan egonik gara gero mundu baten parte, zeinetan norberak bere jatorria eta izateko era zaintzen dituen. Aldi berean, beste kulturekin aberastuz goaz. Hori gogoan izatea beti izan da garrantzitsua niretzat. Gure sustraiak galtzen ditugunean, edo, hobeto esanda, gure kultura galtzen dugunean, desagertu egiten gara kultur identitate bezala. Eta kultura guztiek merezi dute euren lekua.

Kataluniaren kasuan, zein pisu izan du kultur sektoreak identitate hori zaintzerakoan?

Uste dut Katalunian, Euskal Herrian bezala, kultur jarduna indartsu dagoela, eta horrek tradizio kulturala aspektu askotan gorde duela. Beste batzuk ere galdu dira. Gaurko familia askotan ez dituzte entzuten guk entzuten genituen sehaska kantak, adibidez, mundu globalizatu honek horiek guztiak galtze bidean jartzen baititu. Baina uste dut badagoela kulturak adierazten duenaren kontzientzia bat, identitate bati eutsi, eta existitzen jarraitu ahal izateko. Kultura eta hizkuntza bizirik mantentzeko etengabe borrokatu behar izateak ekarri digu kontzientzia hori.

50 errefuxiatu siriar, kurdu eta afganiarrez osatutako orkestra bat zuzendu berri duzu, Orpheus XXI eta Hesperion XXI taldeekin. Zer eman dizu?

Europatik datorren proiektu bat da. Musika aldetik nola alde gizatiarretik, asko gozatu dut. Poz handia eman didan proiektua da. Egoera ikaragarri latz horretan bizi diren errefuxiatuei lana eman ahal izan diegu, eta babesgabetasunetik atera. Kalitate handiko musikari horiei lagundu ahal izatea, kontzertuak eman ditzaten, euren bizitza garatzen segi dezaten, beraien kultura transmititzen euren egoera berean dauden haurrei... Esperientzia eder bat izan da. Jarraituko dugu; inoiz baino premiazkoagoa da.

Non gurutzatzen dituzu une historikoarekiko kezka eta musikarekiko konpromisoa?

Begira, gero eta gerra gehiago dauden mundu batean bizi gara; deklaratu gabeko gerrak dira, baina gerraren izugarrikeria guztia duten gatazka belikoak dira, funtsean. Eta beti pertsona berberek sufritzen dute, inozenteenek. Errefuxiatuen auzi ikaragarri hau hain bihurtu da egunerokoa, sentsibilitatea galtzen baitugu. Orduan, beldurra dator. Hori da erreakzio globala orain, eta oso arriskutsua da. Ez badugu erreakzionatzen, erabateko hondamenera iritsiko gara. Dekadentzia handi bat bizitzen ari gara, gero eta miseria handiagoa dago, aberats-pobreen arteko alde handiagoa, injustizia handia dago... Inboluzio handi batean gaude, eta gutako bakoitzak hartu behar du zerbait egin beharraren kontzientzia. Ezin da esan hau ez doala norberarekin.

Eta zein leku du hor musikak?

Musikak ez ditu bonbak geldituko, baina oso garrantzitsua da. Musika egiten ari diren errefuxiatu horientzat musika egin ahal izatea, edertasuna konpartitzea, elkarrengana gerturatzeko iturri oso indartsua da.

Hainbeste lan egin ondoren, non bilatzen duzu horren bizi aritzeko indarra?

Motibazioa beti dago musikaren edertasunean eta zirraran. Eta partekatzean. Munduan zerbait ederra baldin badago, hori musikaren emozioak partekatzea da. Hori da bizitzako gauzarik onenetakoa. Gaztetu egiten zaitu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.