Margotzeko bizi zen artista

Menchu Gal margolariaren lanak bildu dituzte Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean, 'Margotzeko bizi, bizitzen margotu' erakusketan. 100 urte dira artista irundarra jaio zela

Donostiako Koldo Mitxelena Kulturuneko erakusketan ikusgai dauden artelanetako batzuk. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Donostia
2019ko uztailaren 17a
00:00
Entzun
Ehun urte dira Menchu Gal Orendain (Irun, Gipuzkoa, 1919-Donostia, 2008) jaio zela. Mendeurrenaren harira, artistaren 23 margolan biltzen dituen erakusketa bat zabaldu dute gaur Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean. Margotzeko bizi, bizitzen margotu izenburupean, irailaren 28ra arte ikusgai egongo da. Baina ez da artistari eskainitako erakusketa bakarra izango, Irungo Menchu Gal erakusketa aretoan beste bat zabalduko baitute, irailean. Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Menchu Gal Fundazioak antolatu dituzte biak, eta bi aretoetan lanetako batzuk errepikatzea posible den arren, elkarren osagarriak izango direla adierazi du Denis Itxaso Gipuzkoako Kultura diputatuak.

Galek landutako diziplina ezberdinak biltzen dira Koldo Mitxelenako ganbaran jasotako lanetan. Besteak beste, hamahiru paisaia, lau natura hil eta hainbat erretratu bildu dituzte. Edorta Kortadi erakusketaren komisarioak azaldu du artistaren«ibilbide diakronikoa» islatzea izan dela helburua. Ikusgai dauden lanetan zaharrena Ibarla izenekoa da, 1943an margotutako paisaia bat. Zubi bat agertzen da hor, eta, Kortadiren hitzetan, Gaspar Montes Iturriozek —Galen irakasle izandakoak— margotzen zituen zubien antza du, baina Galek, «aire kubista» eman beharrean, kutsu espresionistarekin margotu ohi zituen. Obrarik berrienak, berriz, 1980ko hamarkadan egindakoak dira; besteak beste, Bodegón con la tetera (Natura hila teontziarekin) dago ikusgai. Lan horretan Matisseren eragina nabari dela uste du komisarioak, erabiltzen diren tonu gorri eta arrosak direla eta.

«Zuzenean oihalaren gainean margotzen zuen; ez zuen zirriborrorik egiten. Bera zuri zegoen mihisearen aurrean jartzen zen, eta zenbait punturekin irudikatzen zuen margolan osoa. Sarerik eta sokarik gabe jauzi egiten zuen», azaldu du Kortadik.

Vista aerea de Fuenterrabia (Hondarribiko aireko ikuspegia) da Galen estiloaren ezaugarriak biltzen dituen beste margolanetako bat. Menchu Gal Fundazioaren eskutik iritsi da erakusketara. 1973an margotutako lanak kolore beroak (gorria, laranja, okrea...) eta hotzak (urdina, berdea...) uztartzen ditu, eta hori Galen berezko ezaugarri bat dela gogorarazi du Kortadik. Hondarribia eta atzean dituen baratzeak ikus daitezke margolanean, Jaizkibel menditik behera begiratuta ikusten denari margolariak emandako zaldun perspektiba medio. Kubismotik bereganatu zituen ezaugarriak ere nabari dira, baratzeak irudikatzeko triangelua eta laukizuzenaren moduko forma geometrikoak erabiltzen baititu.

Kubismoaren eragina

Kortadik azaldu du Gali ez zitzaiola kubismo analitikoa gustatzen, intelektuala zen pintura ez zela bere estilokoa: «Oso arrazionala edo intelektuala zen pintura ez zetorren bat haren izaerarekin. Berak esaten zuenez, arnasten zuen moduan margotzen zuen, bizi zen moduan». Kubismoaren eragin handia nabaritzen den garai bat ere eduki zuen, baina ez zen artistaren gustukoa izan, eta etxean gordeta eduki zituen artelanak. «Historiaren mendekua da honako hau. Gaur egun, merkatua, museoak eta bildumagile pribatuak kubismoaren eragin handiena duten lan hauen atzetik dabiltza».

XX. mendeko lehen abangoardian kokatzen du artista komisarioak; kubismoaren, fauvismoaren eta espresionismoaren ezaugarriak bateratzearen ondorioz, pintura indartsu, koloretsu eta bitalista egiten zuen. Haren obrak modernoak direla ere iritzi dio, ez direla barnealde edo estudio batean margotutakoak. Izan ere, Galek lan egiteko naturarekin harremanetan egon behar zuela ere nabarmendu du. Paisaiak margotu zituen gehienbat: katalogatuta dauden haren 900 obretatik 650 dira paisaiak. Hala ere, bestelakoak ere sortu zituen; horien artean, 100 natura hil, 150 inguru erretratu eta figura, eta dozena bat inguru barnealdeko pintura.

Galek hainbat sari lortu zituen bere ibilbidean zehar. Besteak beste, 1959an, Espainiako Pintura Sari Nazionala jaso zuen —emakume batek jaso zuen lehen aldia izan zen—. 2005ean, Gipuzkoako Foru Aldundiak Urrezko Domina eman zion, eta, 2006an, Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona saria eta Irungo Udalaren Urrezko Domina jaso zituen.

Hainbat bilduma pribatuk nahiz publikok utzitako lanak ekarri dituzte Donostiako erakusketara. Erakunde horien artean daude, besteak beste, Madrilgo Reina Sofia museoa, Bilboko Arte Ederren Museoa, Donostiako San Telmo museoa, Telefonica Fundazioa, Menchu Gal Fundazioa, Kutxa Fundazioa, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Irungo Udala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.