Euskara eta teknologia

2020ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Internet eta ingurune digitalaren fenomenoak txiki utzi nahi dituen 4. Iraultza industrialean murgilduta daude ikerlariak eta industria-mundua, 4.0 deituriko roboten iraultzan, hain zuzen ere. Eraldaketaren oinarrian dauden arlo nagusiak ingeniaritza genetikoa eta neuroteknologiak dira, eta dagoeneko existitzen dira adimen artifiziala duten makinak. Iraultzaren bultzatzaile sutsuenak iragartzen ari diren paradigma-aldaketa gertatzen bada, fenomeno teknologikoak ez ditu lan-mundua, osasun-arloa, ekonomia edota industria bakarrik eraldatuko; bizitzeko era, giza-harremanak eta elkarren artean komunikatzeko erak ere aldatuko ditu, inoiz ezagutu gabeko neurrian eta konplexutasunean. Horren guztiaren arriskuez eta aukerez inguraturik gaude, eta dilema zein eztabaida etikoak mahai gainean daude. Izan ere, ahobiko ezpata den teknologiak erabilera onak zein maltzurrak izan baititzake. Era berean, gaitz posibleen antidotoa teknologia bera dela ohartarazten dute pentsalari eta ikerlari eszeptikoenek.

Hizkuntzari ere erronkak planteatzen dizkio azken garaiko teknologiak, era askotakoak planteatu ere: linguistikoak, kulturalak, teknikoak, etikoak... Baina, teknologiaren trena oso boteretsua da eta abiada bizian doa oso. Horiek horrela, ezinbestekoa da digitalizazioak eta garapen teknologikoak euskarari nola eragingo dioten aztertu eta aurreikustea, eta baita beroriek dituzten aukerez baliatzeko hartu beharreko erabakiak eta neurriak hartzen jarraitzea; irmo eta era koordinatuan administrazioaren, ikertzaileen eta euskalgintzako zein hizkuntza-industriako eragileen artean.

Aro analogikoan hiztun-kopurua izan da maiz adierazlea munduko hizkuntzen indarra edo garrantzia neurtzeko, nahiz eta hizkuntzek berek hierarkiarik ez duten. Era berean, hizkuntzen nagusitasuna eta iraupena botere politiko, sozial eta ekonomikoekin estu loturik egon dira. Munduan 6.000 hizkuntza baino gehiago daude, hizkuntzen %95ek milioi bat hiztun baino gutxiago dauzka eta %50ek 10.000 hiztun baino gutxiago. Hizkuntza gehienak ez dira idazten, eta ez dira hezkuntza antolatuan eta komunikabideetan erabiltzen: ez zaie aitortzen estatu-hizkuntzaren mailarik. Munduan 6.000 hizkuntza baino gehiago dauden arren, Interneteko edukien %90 hamar hizkuntzatan emana dago. Internetek parametro berriak ekarri ditu, eta hiztun-kopurua ez da nahikoa indartsu mantentzeko, bertan ez dauden hizkuntzek desagertzeko arrisku handia dutelarik. Interneten gailentzen diren hizkuntzek, aldiz, nabarmen areagotzen dute euren nagusitasuna.

Euskarak, zailtasunak zailtasun, parametro orokor horiek gainditzen ditu. Interneten eta aro digitalean barneratuta dago, hizkuntza-teknologiak garatzen dihardu eta ia milioi bat hiztun ditu, euskaldun pasiboak zein aktiboak kontuan hartuta.

Euskaltzaindiak 100. urteurrena ospatu zuen iaz, eta akademiaren egitekoaz gogoeta egin zen, ondorioen azalpenean honela zioen Urkia euskaltzainak, egunkari honek orduan jasotako laburpenaren arabera: «Ezin esan arautze-lana bukatu denik; azken batean, hizkuntza aldatuz doa bizirik dagoen bitartean, komeni da gauza berriak sustraitu ahala eta beharra sumatu ahala arautzea: hitzak, izendapenak, kolokazioak eta abar. Badira oraindik Euskaltzaindiak arautu gabeko esparru batzuk: ahoskera, gramatika, ortotipografia, [...]». Bizia dela hizkuntza eta arian-arian agertzen direla behar berriak, zioen Urkiak. «Eta premia berri horiek ingurune digitaletik datoz gaur». Bestalde, Oñederrak honela zioen: «Arauak gidak dira, ez dogmak. Gainera, erabilerarako gidak dira, baina erabileran oinarritu behar dute neurri handi-handi batean».

Aipatzen diren ingurune digitala eta erabilera, osagai gakoak dira euskararentzat teknologiaren baitan duen erronkan, eta bere etorkizunean, oro har. Jakin badakigu honezkero, ezin dela mugatu hizkuntza euskarri digitalean egotera besterik gabe, teknologiak harago eraman du afera azken hamarkadan. Afera hirukoitza da: erabili, arautu eta prozesatu.

Era berean, kezka partekatua da digitalizazioarena euskararen normalkuntzan dabilen eragile ororen artean (Akademian, Unibertsitatean, Administrazioan, Euskalgintzan, Euskaraldian...). Baina, zer suposatzen du horrek? Nora darama mundu digitalak eta teknologiak hizkuntza eta bere mundua?

Hizkuntzak elementu sozio-teknikoak dira, komunikatzeko teknikak dira, naturari gainjartzen zaizkie eta hura adierazten dute, balioetan eta identitate batean, marko kontzeptualetan, oinarrituta. Hizkuntza naturalek teknologiarekin duten harremana idazketarekin hasi zen eta horrek hedakuntza-bide berriak ekarri zituen bere garaian. Hizkuntza naturalak garai batean islatu edo inprimatu egiten ziren teknologian, hala nola liburuetan edota irratietan. Internet iritsi zenean ere bai, bertan jasoz joan gara testuak, irudiak eta ahotsak. Gaur egun, ordea, prozesatu egiten dira, teknologietan erabili ahal izateko, eta zientzia horri Hizkuntzaren prozesamendua esaten zaio (Natural Language Processing edo Computational Linguistics ingelesez). Lengoaia naturalak prestatzeko modu bat da zientzia hori, makinek barnera eta ikas dezaten hizkuntza. Era horretara lantzen dira hizkuntza-teknologiak eta lor daitezke itzultzaile automatikoak, hizkuntza-zuzentzaileak, hizketa-laguntzaileak... eta hainbat eta hainbat tresna eta aplikazio lagungarri, gizarteko eremu ugaritara eraman daitezkeenak (osasuna, komunikabideak, irakaskuntza, politikagintza, industria, eta abar). Horien bidez pertsonen eta makinen artean komunikatzeko bide berriak ere sortzen ari dira, gainera.

Horrekin guztiarekin batera, teknologiak hizkuntza eta kultura aniztasunean jokatu dezakeen paper garrantzitsuaz jabetu behar dugu eta bidea jorratu. META-net hizkuntza-ikerlarien sare europarrak landutako liburu zurian eta Euskara aro digitalean txostenean xehetasun eta argibide guztiekin agertzen dira, Europako hizkuntzek, digitalizazioaz eta teknologiaz baliatuz, egin behar duten bidea eta horrek hizkuntza- eta kultura-aniztasuna gordetzeko aukerak nola ematen dizkigun.

Iragarri diguten iraultza honek egitura guztiak blaitzen ditu eta baita gizarteko geruza eta arlo guztiak baldintzatu ere, pertsonaletik hasita eta publikoeneraino. Euskarak eta euskaraz zergatik ez?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.