Himalaiak justizia egin die

Duela bi aste estreinakoz K2 mendia neguan igo zuen xerpa taldearen espedizioa aztertu dute Edurne Pasabanek, Juanra Madariagak, Koke Lasak eta Steffi Troguetek. Poz handia hartu dute guztiek, eta xerpen ekarpen handiaren aitortza bat dela uste dute, gehienek oxigenoa erabili duten arren.

K2 mendia neguian igotzea lortu duen aurrenengo espediozoko kideak. SEVEN SUMMIT TREK.
Unai Ugartemendia.
2021eko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Tenzing Norgay xerpak Edmun Hillaryrekin batera Everest mendia igo zuenetik, 1953ko maiatzaren 29an, xerpa nepaldarrak ezinbestekoak bihurtu dira Himalaiako espedizioen historian. Orain arte, bigarren lekuan ibili izan dira espedizio gehienetan, baina, azken egunetan lortutako balentriarekin, Himalaiaren lehen lerroan jartzea lortu dute.

2021eko urtarrilaren 16ra arte, K2 mendia (Pakistan, Himalaia, 8.611 metro) zen neguan igo gabeko bakarra, 8.000 metrotik gorako gailurren artean. Beste erraldoiak banan-banan eroriz joan ziren 1980ko hamarkadatik, Nepalgoak lehenik eta Pakistangoak ondoren, baina Karakorumeko sabaira oraindik ere inor ez zen igo urtarorik hotzenean. Ikuspegi historikotik begiratuta, ez dira saiakera asko egin izan K2ra igotzeko. Soilik bost espediziok (hiru poloniar ekimenekoak, bat errusiarrena eta 2018-2019ko Alex Txikonena) igaro dituzte neguak kanpaleku nagusian.

Azken urteetako erronka nagusietako bat bilakatua zen neguan K2 mendia igotzea. Bazirudien poloniarren esku zegoela, eta datorren urtean berriro saiatzekoak ziren —haiek igo dituzte neguko hamalau zortzimilakoetatik bederatzi—, baina xerpa nepaldarrek aurrea hartu diete. Azkenean, profetak izan dira beren eremuan.

Hamar xerpak zapaldu zuten gailurra: Nirmal Purjak, Gelje Sherpak, Mingma David Sherpak, Mingma Tenzi Sherpak, Pem Chhiri Sherpak, Dawa Temba Sherpak, Mingma Gyalje Sherpak, Dawa Tenzin Sherpak, Kili Pemba Sherpak eta Sona Sherpak. Hamar hauetatik, Nirmal Purjak bakarrik igo zuen oxigenorik gabe. Halere, albisteak zeresana eman du.

1. Zer esanahi du K2 oxigenorik gabe igotzeak?
2. Hamarretik bederatzik oxigenoa erabili zuten igoeran. Lortutakoari balioa kentzen dio? Zergatik?
3. Zer esan nahi du Himalaiaren historian K2 neguan igo izanak?
4. Xerpek lortu izanak zer balio dauka Nepalgo herriarentzat?

EDURNE PASABAN Alpinista

«Xerpek agerianutzi dizkigute beren balioak beste behin»

Edurne Pasabanek (Tolosa, Gipuzkoa, 1973) hamalau zortzimilakoak osatu zituen 2010ean.

1. «Niretzat, hamalau zortzimilakoetatik zailena da K2. Exigentzia handiko mendia da, eta azken zatiak izugarrizko zailtasuna du. Igotze hutsa gogorra da, eta zer esanik ez oxigenorik gabe. Muturrekoa da oxigenorik gabe igotzea! Une oro arriskua dago han: elur jausiak, arroken erorketak... Horretaz gain, altuerak [8.610 metro] asko zailtzen du igoera. Nahiz eta fisikoki oso prestatuta egon, mendiak bere aurpegirik itsusiena erakutsiko dizu edozein unetan. Hara igotzeko ez da alpinista ona bakarrik izan behar, kirolari aparta izatea eskatzen du».

2. «Nik uste dut ezetz! Igotzeko gelditzen zen erronkarik handiena lortu dute. Agian, denek oxigenorik gabe igo izan balute, izugarria izango zen, baina, gaur egun, aldagai asko daude beste eremu batzuetan ere. Askok diote hainbat zortzimilako igo dituztela oxigenorik gabe, baina ez dute aipatzen bideak ekipatuta izan dituztela, aurretik bidea zabaltzen zietela... Bere balioa eman behar zaie, nahiz eta askok ez duten ulertu. Urte askotan hor izan dute aukera askok, eta ez dira saiatu».

3. «Goi-mendian geratzen zen mendia zen, eta pentsatzen dut gauza handi bat lortu dutela. Halere, horrek ez du esan nahi Himalaian ez denik beste erronkarik gelditzen. Gauza asko egin daitezke gaur egun oraindik ere Himalaian».

4. «Izugarrizko balioa ematen diet nik behintzat! Aspaldi igotzea merezi zuten gailurra da K2. Himalaiaren historian beti hor egon dira xerpak, baina beti bigarren ilaran ikusi ditugu. Izugarri lagundu izan digute gure ibilbidean, eta inoiz ez zaie esker onik eman, ez behar bezainbeste. Oso pozik nago Himalaian gelditzen zen erronka handienetako bat haiek lortu izanaz. Orain esan dezakegu lehen lerroan ipiniko direla, eta, alde horretatik, argi utzi dute zein izan den haien eginkizuna orain arte egindako espedizioetan. Aitortu behar dut ez nuela uste K2 haiek igoko zutenik, gehienbat uste nuelako jende askoko espedizio batek lortuko zuela. Xerpek beren balioak erakutsi dizkigute beste behin. Gailurreko azken irudiek asko esaten dute haien alde».

JUANRA MADARIAGA Alpinista

«Oxigenoa sekulako laguntza da, baina negua infernua da»

Juanra Madariagak (Bilbo, 1962) hiru zortzimilako igo ditu: Everest (Nepal, Himalaia, 8.848 metro), Cho Oyu (Nepal, Himalaia, 8.201 metro) eta Broad Peak (Pakistan, Himalaia, 8.051 metro).

1. «Beste zortzimilakoekin gertatu den bezala, K2 mendia askotan igo da oxigenorik gabe, eta, mendi hori arriskutsua eta zaila bada ere, alpinista batzuek, arriskuak arrisku, behar besteko energia eta motibazioa izan dute gailur mitikora heltzeko. Baina beste kontu bat da K2 mendia neguan igotzea. Neguaren parametroak oso bortitzak direla uste dut. Egoera normal batean altueraren eta hotzaren arma guztien kontra borrokan aritu behar bazara, neguan hori guztia biderkatu egiten da esponentzialki, muturreko egoera arriskutsu bilakatzen den arte. Haizea eta termometroetako merkurioaren jaitsiera ikaragarriak izaten dira. Mutante gutxik dute egoera horietan ausardiaz eta eskarmentuz ibiltzeko abilezia. Argi dago: denok ez dugu balio neguan alaiki ibiltzeko».

2. «K2k oso altu jarri du neguko alpinismoaren langa. Beste zortzimilakotako neguko espedizioak oharkabean pasatu ziren: inor ez zen jabetzen lortzen zenaz. K2k muturreko handiak eman dizkie alpinista askori, eta horrek morboa sortu du; azkena delako, altuenetako bat eta zailenetako bat, eta tartean izan dira banitate kontuak ere. Neguan oxigenorik gabe ibiltzeak marra gorri asko gainditzea dakar, eta hor norberak jakin beharko du nola aritu. Nepalgo espediziokide batzuek oxigenoa erabili badute, hala erabaki dutelako da, eta hori mendian gai librea da; bakoitzak eraikitzen du bere ibilbidea. Egia da oxigenoa sekulako laguntza dela, baina negua infernua ere bada. Hobetu daitekeen kontua ere bada, bai, noski, eta hortxe egongo dira bestelako erronkak hemendik aurrera».

3. «Lehen igoera hori ez da azkena izango. Seguruenik, bakoitzak bere ametsetatik tirako du, eta hemendik aurrera neguko espedizio gehiago ikusiko ditugu Himalaian. Uste dut K2ko azken espedizioak bide asko zabaldu dituela, eta bide berri horiek gauzatzen hasiko dira alpinistarik indartsuenak. Zergatik ez orain hamalauak neguan egin, beste zerrenda bat osatzeko? Oxigenorik gabe, era bakarrean... Halere, pena txiki bat ere sentitu nuen, erakutsi baitu gizakiak dena lortzeko gaitasuna duela. Ez dago ezin burutu daitekeen ezer. Mito guztiek mito izateari utziko diote».

4. «Asko poztu nintzen gailurreratze bateratuaren irudiak ikusi nituenean. K2ko gailurra aldarrikapena izan da nepaldarrentzat. Mendebaldarron mundua izan da Himalaia oraintsu arte; urrezko letrak alde honetako alpinistek idatzi dituzte, eta hangoak ezkutuan lotu dira beti. Hemendik aurrera xerpen Himalaia hasiko da, munduko alpinistarik indartsuenak direlako, ezbairik gabe. Ederra litzateke zortzimilako handietan ahazturik dauden bide mitiko haiek guztiak —Makaluko mendebaldeko pilarra, Everesteko hego mendebaldeko horma, Yalung Kang edota Manasluko japoniarren bidea— errepikatzea, eta herri horrek bere egitea. Hainbeste dago egiteko! Nik uste dut aro berri bat hasiko dela».

JOSE RAMON 'KOKE' LASA Alpinista

«Ziklo baten amaieraeta erronka berrien hasiera izan daiteke»

Sei zortzimilako igo ditu Jose Ramon Lasak (Ormaiztegi, Gipuzkoa, 1959): Cho Oyu (8.201 metro), Hidden Peak (Pakistan, Himalaia, 8.080 metro), Manaslu (Nepal, Himalaia, 8.156 metro), Gasherbrum II (Pakistan, Himalaia, 8.035 metro), Broad Peak (8.051 metro) eta Shisha Pangma (Txina, Himalaia, 8.013 metro).

1. «K2 lehenengo aldiz neguan eta oxigenorik gabe igotzea lorpen ikaragarria izan da. Zortzimilako batera lehen neguko igoera 1980an egin zen, eta berrogei urte pasatu behar izan dira azken hau igo ahal izateko, nahiz eta ahaleginak hor egon diren».

2. «Nik ez nioke baliorik kenduko; kontutan eduki behar da neguko baldintzak oso muturrekoak direla. Jakina, igoera guztiak hobetu daitezke: bide berrietatik, era alpino eta arinean... Baina niretzat txapela kentzeko moduko igoera izan da, eta asko poztu naiz xerpak izan direlako lehenak».

3. «Uste dut ziklo baten bukaera eta erronka berrien hasiera izan daitekeela».

4. «Xerpak itzalean gelditu izan dira urte askotan, laguntzaile lanetan ibili direlako hainbat igoeratan, eta igoera honetan, laguntzaile izatetik protagonismo osoa izatera igaro dira, haien maila erakutsiz. Igoera honekin xerpek eta Nepalek merezitako tokia hartu dute Himalaiaren historian».

STEFFI TROGUET Alpinista

«Niretzat, benetan balioa duena oxigenorik gabe igotzea da»

Bi zortzimilako igo ditu Steffi Troguetek (La Massana, Andorra, 1992): Nanga Parbat (Pakistan, Himalaia, 8.126 metro) eta Manaslu (8.156 metro).

1. «Nik inoiz ez dut igo K2. Errespetu gehien didaten mendietako bat da, zalantzarik gabe, Nanga Parbatekin eta Annapurnarekin batera. Oso mendi gogorra da, eta, gainera, altuera izugarria dauka. Une oro lan izugarria egitea eskatzen duen gailur bat da, eta oxigenorik gabe egin izanak esan nahi du balentria handia egin dutela. Izugarria iruditu zait lortu izana».

2. «Igo duten gehienen oso laguna naiz, eta esan beharrik ez dago oso pozik nagoela lortu dutelako. Ez nioke baliorik kenduko, baina egia da oso estilo ezberdinak direla. Niretzat, oxigenorik gabe igotzeak dauka balioa, eta berdin dio neguan ala udan izan. Gizakia mendiaren aurka aritzeak dauka balioa, eta asko aldatzen da oxigenoarekin ibili edo ez».

3. «Neguan igotzeko zegoen azken zortzimilakoa zen, eta agian zortzimilakoen ziklo bat itxiko du igoera honek. Nepaldarrek egin izanak balio erantsi bat ematen dio lortutakoari. Halere, ez du esan nahi Himalaia hemen bukatzen denik, ezta gutxiagorik ere. Jendearentzat gauza ezberdinak egiteko motibazio iturri izan daiteke. Erronka berrien bila joateko akuilua izan daiteke gu guztiontzat».

4. «Izugarria iruditzen zait. Orain artean historian egin diren espedizioetatik %99etan, gehienetan, murgilduta ibili dira xerpak. Himalaiaren historia izan dira eremu askotan, eta haiek lortzeak meritu izugarria dauka. Igo den talde horrekin hiru espedizio partekatu ditut, eta badakit lana nola egiten duten. Buruan zerbait sartzen zaienean, lortu arte ez dute onik izaten, eta, alde horretatik, ni behintzat, liluratuta naukate. Agerian utzi dute batasunak indar berezia sortzen duela, eta denen artean lortu dute gainera. Nepali ere onura besterik ez dio ekarriko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.