Artearen lekuak. Esther Ferreren 'Gorputzaren ekintzak'

Hitzik gabeko oihu ozena

Esther Ferrer artistak 1975ean grabatu zuen bideoan 'Gorputzaren ekintzak' performancea, bere obrarik ezezagunenetako bat. Gasteizko Artium museoan dago.

Esther Ferrerrek paper zatiak itsasten ditu Gorputzaren ekintzak performanceko sekuentzia batean. ARTIUM.
unai etxenausia
Gasteiz
2022ko uztailaren 26a
00:00
Entzun
Mugimenduan dagoen artea da; haren gorputza da adierazpide artistikorik handiena. Esperimentatzen ari da. Batzuetan erlaxatua dirudi; beste batzuetan, aldiz, ausarta eta lotsagabea. Batzuetan hurbil sentitu daiteke; beste batzuetan, urrun; ikusezin askotan. Batzuetan kamera bilatzen du; beste batzuetan saihestu egiten du. Biluzik dago 1975eko Parisko etxebizitza bateko gela txiki batean, une oro bere gorputzak eskatzen diona egiten, beste barik. Baina dena esaten du, hitzez ezer esaten ez duen arren. Ikusleak ezin du begirada baztertu, isilik dagoen oihu ozena baita parean daukan gorputz biluzia.

Bere obra ikusgarriei esker,nazioartean Euskal Herriko artista ospetsuenetakoa bilakatu da Esther Ferrer (Donostia, 1937). Bere ibilbide oparoan gorputza ikertu eta haren biluztasunarekin egin izan du lan askotan. Helburu argi batekin: begiratzen duenarengan hausnarketa eragiteko, eta, aldi berean, gorputza arterako eremu gisa erakusteko.

Biluztasuna eta artea batzen dituzten obrei dagokienez, oraintsu arte Ferrerren lan ezezagunenetako bat izan da Gorputzaren ekintzak performancea. Lau ekintzak osatzen dute bideoa, eta guztietan agertzen da biluzik artista. Izan ere, adierazpen minimora eta funtsezko elementuetara mugatzen da obra: gorputzera, espaziora eta denborara. Une oro, gorputza noraino erakutsi, noraino ezkutatu, bere nahien arabera kontrolatzen du hori artistak. 2019an, Gasteizko Artium museoak Bartzelonako Angels museoari erosi zion obra, eta, orduz geroztik, ikusgai dago museoko erakusketa gela nagusian.

Mugimenduaren kronika

Hasi da lehen sekuentzia. Gelaren eskuinaldetik sartu da Ferrer, biraka, baina geldo. Oso geldo. Badirudi besoak gorputzari lotuta dauzkala. Tenkatuta dago, gainera, beldurtuta balego bezala. Minutuak aurrera doaz, eta oraindik biraka jarraitzen du, gelaren zirrikitu batean ezkutatu den arte. Segundo gutxi batzuk egon da planotik kanpo, eta, ikuslea konturatu denerako, itzalen artetik agertu da. Bat-batean, ordea, grabazioa moztu egin da.

Segundo batzuetan beltza baino ez da ikusten pantailan, performancearen bigarren sekuentzia hasi den arte. Oin puntetan dago Ferrer, gela osoan bueltaka. Nekez eutsi diezaioke orekari, eta dardarka dago. Beldurrezko pelikula baten hasiera balitz bezala, norbaitengandik ihesi dabilela dirudi. Baina ez da ezer gertatu, gelan ez da inor gehiago agertu. Eta, berriz, dena beltz.

Objektuak tarteko

Objektuak ikusten diren sekuentzia, berriz, bakarra da. Artista aulki batean eserita dago, uzkurtuta; bere burua babestu nahiko balu bezala. Ondoren, bizkarra tente jarri, eta eskuak aurpegi aurrera eraman ditu, aurpegia estaliz.

Altxatu denean, leihoaren ondora joan da. Paper batzuk eta katilu bat daude leiho azpian. Pixkanaka, paperak gorputz osoan itsasten hasi da: besoetan, tripan, hanketan, titiburuetan... Gero, azken papera hartu, eta katilu barruan erre du. Nola erretzen den begira egon da, segundo batzuez. Papera errauts bihurtu denean, gelatik alde egitea erabaki du artistak. Itzuliko ote den zalantzan geratu da ikuslea.

Azken dantza falta zaio oraindik; azken gauza bat erakutsi nahi du: Paris. Hala, hiria erakusteko, berriro hurbildu da leihora. Bizkarra eman dio kamerari, etaleihotik begira jarri da segituan. Berak ikusten duen guztia hauteman daiteke: etxebizitza ilaraz marraztutako zerumuga amaigabea. Kontraste handia da proiekzio osoan ikusi denarekin; izan ere, gela intimo horretatik hiriko kaosera atera da Ferrer.

Haren lan gehienek erakusten duten bezala, Gorputzaren ekintzak performanceak ezin hobeto agertzen du Ferrerren arte ikuskera: obraren parte baino ezin da izan artista.

'GORPUTZAREN EKINTZAK PERFORMANCE BIDEOA
Urtea. 1975.
Egilea. Esther Ferrer.
Lekua. Artium museoa, Gasteiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.