Ziurgabetasunaren bidaia

Hilerria, museoa eta labirintoa da Abaurregaineko hilarrien museoa. Hogeita sei hilarri daude, eta formaren arabera desberdintzen dira; garestienek ertzetan koskak dituzte.

Abaurregaineko hilarrien museoan hogeita sei hilarri daude, eta mapa batekin denak identifika daitezke. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Olaia L. Garaialde.
Abaurregaina
2022ko abuztuaren 19a
00:00
Entzun
Txanponek bezala, bi aurpegi dituzte hilarriek. Abaurregaineko (Nafarroa) hilarrien museora sartzean ikusten den lehen hilarriak gurutze bat eta zortzi eta hamabi puntako izarrak ditu B aldean. Zenbait gurutzek, lorek eta izarrek osatzen dute A aldea. Museoan sartzean B aldea da ikusten den lehena; horrek hasiera ematen dio ziurgabetasunaren bidaiari.

Museo bat izateaz gain, hilerri eta labirinto bat da. Nayara Tanit Ibañez museoko arduradunak bertan murgiltzeko bisita gidatuak egiten ditu. Arduradunaren arabera, hiru ezaugarri horiek dituen museo «bakarra» da. Hogeita sei hilarrik osatzen dute museoa. Labirintoko zirrikituak esploratzera animatzen du jendea Ibañezek: «Labirintoa leku ilun bat da, ziurgabetasunez jositako lekua, ez dakigulako nora eramango gaituen; gizakiak jaio aurretiko iluntasuna islatzen du».

Museoa elizaren ondoan dago; XV. mendean eliza sortu zutenean hasi ziren ondoan hilerria eraikitzen. Hortaz, garai horretakoak dira lehenengo hilarriak. Gaur egun, legeak hala araututa, herritik kanpo dago hilerria.

Labirintoan galdu baino lehen zenbait zalantza argitzen ditu Ibañezek. Nolakoak dira hilarriak? Goiko aldean disko forma daukate, eta oinarria obalo formakoa da. Soilik burua ikusten da, gainerakoa lurpean baitago. Zergatik daukate forma hori? Bi teoria daude: «Aukeratu dezakezu gehien gustuko duzuna». Alde batetik, esaten dute zirkuluak babesa irudikatzen duela, amuleto moduko bat dela. Bestetik, giza itxurari erreferentzia egiten diotela esaten dute; hau da, burua eta gorputza irudikatzen dituela. «Bigarren teoria da zabalduena, baina horrek ez du esan nahi egia denik», esan du Ibañezek.

Hasierara berriz

Hilarri gehienek zenbaki bat daukate jakiteko zein den, baina desordenatuta daude labirintoan galtzeko. Lau zenbakia daukan hilarrian hasten da bidea; bi aukera daude: ezkerretik edo eskuinetik joatea. Eskuinera joan, eta hiru hilarri daude parez pare. Dantzari bat, gurutze bat, lore bat... Ez dago argi zer daukaten zizelkaturik. Urteen joanaz, horietako batzuk ezabatuz joan dira.

Kiribilez josita dago museoa. Horietako batean sartu eta irtenbiderik ez dagoenez, atzera egitea tokatzen da. Kiribil bakoitzaren erdian hilarri bat dago. Zenbait kiribil pasatu, eta konturatu gabe labirintoaren hasiera da berriz. Hortik gertu zerbait idatzirik daukan hilarri bat dago. 1900. urtekoa da, eta esaldi bat daukan bakarra da. Hizki larriz idatzirik esaldiak zera esaten du: Remondegi etxeko hilobia.

Herriko etxe bakoitzak izen bat dauka, eta horren arabera bereizten dituzte familiak. «Abaurregainean ez dugu galdetzen nor zaren; galdetzen dugu zein etxetakoa zaren», azaldu du. Hilarriek etxe bakoitzak hilerrian zeukan lekua adierazten dute. «Etxea familiako beste kide bat da; kiderik garrantzitsuena, belaunaldi guztiak batzen dituelako», azpimarratu du gidariak.

Aurrera jarraituz gero, kiribil eta hilarri gehiago daude, horien artean hiruk etxearen ogibideari erreferentzia egiten diote. Etxe bakoitzeko lan tresnak dituzte zizelkaturik. «Ibilbidean hiru daude; ea topatzen dituzun, eta notarako, ea asmatzen dituzun lanbideak».

Bi edo hiru kiribil pasatu ostean, eta irtenbiderik gabeko bi hilarri topatu ostean, forma karratua daukan hilarri bat dago; osotara bi daude labirintoan. Prezio apaleko hilarriak dira: «Familiek hilarri ona erosteko aurrezten zuten bitartean, horiek erabiltzen zituzten lekua markatzeko».

Horrez gain, aberatsek ere beste bide batzuk topatzen zituzten gainerakoengandik desberdintzeko. Nolakoak ziren aberatsen hilarriak? Zergatik zeukaten forma hori? Borobil formako koskak zituzten ertzetan. Harginentzat zailena zirkulu forma ematea zenez, ertzetan koskak egiteak lana zailtzen zuen. «Horrek prezioa bikoiztu edo hirukoizten zuen», kontatu du Ibañezek. Horietako bat ikusi, eta, konturatu orduko, sarrera da berriz. Ateratzeko, labirintoa zeharkatu behar da.

Zahartzarora bidean

Izar pentagonala daukan hilarritik pasatu, eta segituan sei puntako izarra daukan hilarria dago, amaieran, makilak eta ilargiak dituena. Atzera itzuli, eta konturatu gabe leku berean amaitzeko arriskua dago. Behin eta berriz bueltaka ibili ostean, gerizperik ez dagoen lekuan haurtzaroaren lorategia dago. «Zabalagoa da, eta egindako bidea ikusten dugu. Aukera bakarra dago: aurrera jarraitzea», esan du Ibañezek.

Aurrera eginez gero, pasabide bat dago: gaztaroa irudikatzen du. Nerabezaroa irudikatzen duten karakola formako eskailera malkartsu batzuetatik igo, eta pasabide batera iristen da bidea. Bertatik labirintoko zirrikitu bakoitza ikusten da. «Heldutasunari erreferentzia egiten dio, eta bidaiaren ikuspegi orokorra ematen digu», esan du Ibañezek. Poliki-poliki malda jaistean amaitzen da bidaia: «Zahartzarotik beste modu batean ikusten dira gauzak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.