Herria kolorez josteko sareak

Grafitiek apaintzen dituzte Uharteko kaleak; batik bat, herritarrek «beren» egin duten Catamañanas International Urban Art Festival jaialdia antolatzen dutenetik. Aurten irailaren 2tik 5era izango da.

Bi esku biolina jotzen, Taquen artistak Uharteko Casa Navarro tabernan egindako horma irudian. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Olaia L. Garaialde.
Uharte
2021eko abuztuaren 12a
00:00
Entzun
Horma irudiek eta grafitiek Uharteko (Nafarroa) kaleak koloreztatzen dituzte. 2004. urtetik, iraileko lehenengo astean Catamañanas International Urban Art Festival arte urbanoaren inguruko jaialdia antolatzen dute han. Egun horietan, herriko hainbat horma margotzen dituzte; aurten, irailaren 2tik 5era izanen da, eta zazpi horma irudi eginen dituzte. Hasieran, lagunen arteko topaketa bat zela dio Jabi Landa Cantamañanas jaialdiko antolatzaile eta sortzaileak: «Grafitia margotzen genuen lagunak elkartu ginen, Iruñerriko beste gazte batzuk ezagutzeko. Ez genuen horrelako jaialdi handi bat egiteko intentziorik».

Eskola zaharreko Plazaldea patioan hainbat horma irudi eta grafiti ikus daitezke. Bertan hasi ziren lehenengo grafitiak egiten. Baliabide gutxirekin lan egiten zutela dio Landak: «Hutsetik hasi ginen; bakoitzak bere margoak eta espraiak ekarri zituen, eraikuntza lan batzuetatik lapurtu genuen hondorako margoa, eta nire amak bokata batzuk egin zituen». Lehen hiru urteetan bizilagunen baimenik gabe aritu ziren. Landak dio, gutxi gorabehera, Itziar Aretaren, Gaztelekuko teknikariaren, baimena zutela.

Bost urteren ostean, plazatik atera, eta herriko beste hormak bilatu zituzten. Hasieran inguruko jendearengana jo zuten, eta poliki-poliki horma berriak lortuz joan ziren. Gaur egun, bizilagunek haien etxeetako hormak uzten dizkiete, eta hori «oso polita» dela dio Landak. Horrez gain, Oihane Uribeetxebarria Kultur teknikariak azpimarratu du herriak jaialdia «bere» egin duela.

Sareak sustatzeko artea

Lagun arteko grafiti topaketa bat izatetik horma irudien jaialdi bat izatera pasatu da. Urtero hainbat herrialdetako artistek parte hartzen dute; horren adibide dira Zurik, Eva Mena, Kuru eta Sirax. Sareak sortzeko helburuarekin sortu zen, eta gaur egun ere helburu bera dauka. «Jabik ateak ireki dizkigu; Nafarroan jendea ezagutzeko aukera eta grafitiak egiten jarraitzeko motibazioa eman digu», kontatu du Cantamañanas boyz taldeko grafitigile gazte batek. Ez du haren izenik eman nahi, zer gerta ere. Artisten arteko sareak sustatzea garrantzitsua dela dio Landak: «Harremanak egitea garrantzitsua da; adibidez, 45 urteko emakume muralgile batek hemengo 16 urteko mutil batekin elkarrizketa bat izatea».

Casa Navarro tabernatik igaroz gero, hormetako batean bi beso ikus daitezke, eta eraikin batetik bestera igaro diren kableek biolin baten sokak irudikatzen dituzte. Taquen artistak egindako lana da. Irudi horren aurretik pasatzen da egunero Carmen Redin Uharteko bizilaguna. Esan duenez, maite du herrian grafitiak izatea: «Batzuk oso politak dira, eta, gainera, grafitiak errespetatzen dituzte, ez dutelako grafitien gainean margotzen». Horrez gain, horri esker herria «koloretsua» dela dio.

Hortik gertu, bota berri dituzten etxe batzuen arrastoak daude. Bertan, hainbat grafiti zeuden. Grafitian ohikoa da horma irudi bat egin eta egun batetik bestera estalita agertzea. Landak dio horretara ohituta daudela, baina arte urbanoan sartu berri diren ilustratzaileentzat zailagoa dela hori ulertzea. Horrez gain, nabarmendu du elkarrengandik ikasten dutela.

Uharteko gazte askok txikitatik herria grafitiz josita ezagutu dute. «Grafitiak egiten hasteko gogoa pizten dute», esan du Cantamañanas boyz taldeko grafitigile gazteak. Horrez gain, nabarmendu du grafitia «libre sentitzeko» modu bat dela; lagunekin elkartzeko, mugitzeko eta jendea ezagutzeko, baita herrialdeak ezagutzeko aitzakia bat ere. Gazteak inplikatzeko proiektu polita dela dio Uribeetxebarriak. Kaleko kultura eta arteari garrantzia eman nahi izan diote jaialdiarekin, eta Landak nabarmendu du hezkuntza artistikoa eta sormenezkoa bultzatzeko bide bat dela. Uharteko Arte Garaikideko Zentroko beheko aldean gazteek egindako zenbait grafiti ikus daitezke.

Horma irudiak egiteko gaiak askeak dira, eta artista guztiek dohainik egiten dituzte. Gaur egun, udalarekin hitzarmen bat dute, eta gastuak ordaintzeko diru laguntza bat jasotzen dute. Horma irudi asko era kolektiboan egin dituzte; horren adibidea osasun etxetik hurbil dagoena da: komiki batean inspiratuta dago, eta, besteak beste, GMF, Foner eta Este artistek egindakoa da. Grafitiak Uharte berezi egiten dutela azaldu du grafiagile gazteak: «Uharte grafitiengatik ezagutzen da, kulturaren parte da, eta kolorea eta aniztasuna ematen dizkio herriari».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.