Lehen kaio beltzak, hegan

Kaio beltzak Gipuzkoan arrakastaz ugaltzea lortu du lehen aldiz, Uliako labarretan. Euskal Herrian hiru bikote ugaltzaile besterik ez dago. Munduko kaio espezierik handiena da.

Kaio beltz gurasoetako bat eta bi kumeak, Uliako labarretan. Jada hegan egiteko gai dira kumeak. ITSAS ENARA ELKARTEA.
Aitor Garmendia Etxeberria.
2021eko abuztuaren 13a
00:00
Entzun
Lehen aldiz aurrera egin dute Gipuzkoan jaiotako bi kaio beltz kumek. Ekain hasieran, Donostiako Ulia mendiaren labarretan jaio ziren eta, jada, hegan egiteko gai dira. Bikote berak, aurreko bi urteetan, Donostiako Santa Klara uhartean egin zuen habia, baina bietan, gizakiaren presentzia medio, txitek ezin izan zuten bizirik iraun.

Xabier Saralegi Itsas Enara ornitologia elkarteko kidea arduratu da kaio beltz bikotearen behaketaz, Jon Mujikarekin batera. Itsas Enara elkarteak egiten duespeziearen jarraipena Gipuzkoan. Kaio kumeak «osasuntsu» daudela jakinarazi du Saralegik.

«Duela gutxi hasi dira hegan. Gurasoekin jarraitzen dute, baina erabat autonomoak izango dira, laster», azaldu du ornitologia elkarteko kideak. Oraingoz, kaio beltzen ugalketa arrakastatsu bakarra izan da Gipuzkoan. Bizkaian, aldiz, 2013an izan zituen kumeak, lehen aldiz, kaio beltz bikote batek, Izaro irlan. Geroztik, urtero izan ditu. Aurten, lehen aldiz, beste bikote batek ere txitak aurrera atera ditu Bizkaian, zehazki, Santurtzin.

Saralegik adierazi duenez, bera bezalako txorizaleentzat «oso interesgarria da espezie berri baten kolonizazioaren lekuko izatea». Itsas Enarako kidearen esanetan, euskal kostaldeko bosgarren espeziea da. Besteak kaio hankahoria, kaio iluna, ubarroi mottoduna eta ekaitz txoria dira.

Hala ere, euskal kostaldean oso urria da oraindik kaio beltza. Saralegiren arabera, ugaltzen diren hiru bikote horiek soilik daude. Gainera, espeziea euskal kostaldean nahiko berria dela jakinarazi du: «Lehen, duela urte batzuk, neguan bakarrik ikusten genituen. Azkeneko urteetan, batzuk hemen kumatzen hasi dira». Lehen ugalketa arrakastatsua 2013koa izan zen, Izaro irlakoa. Ondoren, beste hainbat saiakera egin dituzte Hendaian (Lapurdi) eta Donostian. Eta Donostian, huts egindako bi saiakeraren ostean, aurten, aurrera egin dute kaio beltz kumeek.

Aurreko saiakeretan huts egitearen arrazoia gizakiaren presentzia izan dela ondorioztatu du Saralegik. Izan ere, kaio beltza oso sentibera da jendearekiko: «Bizpahiru arrautza jarri, eta txitatzen 30 egun pasatzen dituzte. Denbora guztian arrautzaren gainean egoten dira, arra eta emea txandakatuz. Inguruan jendea sumatzen badute, altxatu egiten dira, eta arrautzak agerian geratzen dira. Harrapakariek hartu ditzakete, beroa galtzen dute...».

Horregatik, 2019an eta 2020an Donostiako saiakerek huts egin zuten. Lehen urtean, «txangozale batzuk gerturatu, eta arrautzak galdu ziren». Iaz, aldiz, bikoteak kumeak edukitzea lortu zuen, baina kasu horretan ere, «jendea hurbilduta, txita bat desagertu egin zen, eta bestea arroketara erori». Arrano Etxera eraman zuten eroritakoa, baina txitak ezin izan zuen aurrera egin.

Aurten ere, Donostiako uhartearen inguruan saiatu ziren habia egiten, baina Itsas Enara elkartekoek, Donostiako Udalarekin elkarlanean, kaioak uxatzea lortu zuten: «Jende gutxi dabilenean konfiantza hartu, eta leku segurua dela pentsatzen dute, baina gero, udan, irla jendez gainezka egoten da». Maniobrak eragina izan zuela baieztatu du Saralegik, eta bikoteak Ulian egin zuen habia. Uliakoa toki segurua zela uste zuten Itsas Enarakoek: «Guk uste genuen oinez ezin zela iritsi, baina arrantzale batzuk ikusi genituen, habia egin eta egun gutxira. Haiekin harremanetan jarri, eta oso modu onean erantzun ziguten; ez dira gehiago azaldu».

Munduko kaiorik handiena

Kaio beltza, Larus marinus, munduko kaio espezierik handiena da, 170 zentimetroko hego luzera izan dezake. Xabier Saralegiren hitzetan, kaio hankahoria(euskal kostaldean ohikoena dena) «halako bi» da. Gainera, kolorea ere ezberdina du: hankak ez ditu horiak, eta bizkarraldea guztiz beltza edo oso iluna izan ohi du.

Izen zientifikoan marinus abizena darama, bere izaeraren adierazle. Batez ere kostaldean ibiltzen baita, gehiegi urrundu gabe eta talde txikietan: «Kaio hankahoriak askotan sartzen dira lehorrera. Honek [kaio beltzak] itsasoarekiko beste lotura bat du».

Kaio hankahoria baino erasokorragoa ere bada: «Ulian ikusi dugu kaio beltza kaio hankahori gazteak akabatzen. Oso agresiboa da, bere eremua gogoz defendatzen du».

Espeziea, jatorriz, britaniar uharteetakoa da. XX. mende erdialdean hasi zen Frantziarantz hedatzen. Mendearen amaieran ikusi zituzten lehen bikote ugaltzaileak Iberiar penintsulan, Galizian eta Asturiasen, batez ere. AEBetan eta Baltikoan ere bada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.