ORAINGOAN BAIETZ IZATEKO ESPERANTZAZ

Urtearen amaiera bertan behera gelditu diren kultur ekitaldiz bete da, baina 2022rako askotariko jarduerak daude iragarriak. Ikusteko dago osasun egoerak utziko duen horiek aurrera ateratzen eta kultur jarduera lehengoratzen.

Bizkaiko Bertsolari Txapelketako une bat. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Ane Eslava.
2022ko urtarrilaren 2a
00:00
Entzun
Izurriteak 2020an emandako kolpearen ostean, 2021ean zuten askok jarria begirada: okerrena pasatuta, kultura bere onera itzuliko zela zirudien. Baina, azkenean, urteak nahi eta ezinaren zaporea utzi du: jarduera lehengoratzeko bidean jarri bazen ere, asko izan dira bertan behera utzitako ekitaldiak eta nahi bezala egin ezin izan direnak; eta urtearen amaiera bereziki latza izan da. 2022a egoera delikatu batekin hasi da; baina, hilabeteek aurrera egin ahala, bultzada heltzeko esperantza dago. Argi gelditu da, hala ere, komeni dela zuhur jokatzea. Hauek dira espero diren ekitaldi batzuk.

BERTSOLARITZA

Urteko topaketa nagusietako bat XVIII. Bertsolari Txapelketa Nagusia izango da. Iaz lurraldeetako txapelketak kasik normaltasunez egin zirela ikusita, Bertsozale Elkarteak aurrera egitea erabaki du: dena ongi badoa, txapelketa Getxon (Bizkaia) abiatuko da, irailaren 24an, eta Iruñean amaituko da, abenduaren 18an.

Finalaren egoitza da txapelketako berritasunetako bat: lehen aldiz egingo da Nafarroa Arena pabiloian. Ez da kasualitatea Iruñean izatea; erabakiak hirian eragitea du helburuetako bat, Bertsozale Elkartearen arabera: «Ez da asmo bakana; Nafarroan bertsolaritza sustatzeko ahalegin handia egin du Nafarroako Bertsozale Elkarteak 1984. urtetik». 2005etik gaur egunera arte, Barakaldoko BECen (Bizkaia) egin dira finalak. 1935etik 2001era bitartean, Donostian egin ziren.

MUSIKA

Aurten ikusmira piztuko duen kontzertu bat Delirium Tremens taldearena izango da. 1991ko azaroaren 30ean eskaini zuen taldeak azken emanaldia, eta abenduan jakinarazi zuten oholtzara itzuliko direla, hirukote formatuan: Andoni Basterretxea, Patxi Irisarri eta Juantxo Iurrita. Maiatzaren 28an 8.000 lagun ingururentzako kontzertua ematea espero dute, Barakaldoko BEC (Bizkaia) erakustazokan. Disko berria ere argitaratuko dute aurten.

Jaialdi ugari ere izaten dira urtero Euskal Herrian; iaz, batzuk egin zituzten, beste zenbait egokitu, eta asko bertan behera utzi. Aurten, batzuk egitaraua iragartzen ari dira jada, itxaropenez.

Donostia Musikak, esaterako, hamabi kontzertuko ziklo bat antolatu du Viktoria Eugenia Antzokian, Mozart vs Brahms goiburupean. Hainbat ganbera taldek emango dituzte kontzertuak, bi ataletan: lehenengoan W.A. Mozarten musika joko dute, eta bigarrenean, J. Brahmsena. Lehenengoa urtarrilaren 16an izango da.

Udaberrian, Iruña Rock jaialdia helduko da, martxoaren 18an eta 19an. Iaz egitekoak ziren, eta bereziki gogoangarria izango zela ziurtatu zuten; baina, azkenean, atzeratu egin zuten, bigarrenez. Aurtengo kartelean ageri dira iaz iragarritako talde gehienak: Kase O, Su Ta Gar eta Zoo, besteak beste.

Jaialdi handien artean lehena Gasteizko Azkena Rock izan ohi da. Iaz 20. urteurrena zuen, baina, neurri murriztaileen ondorioz, ez egitea erabaki zuten. Aurten, ekainaren 16tik 18ra egingo dute, eta egitarauaren zati handi bati eutsi diote: 2019an iragarritako Patti Smith, Social Distortion eta Fu Manchu igoko dira oholtzara, eta haiekin batera izango dira, besteak beste, The Offspring, Emmylou Harris eta Suzi Quatro.

BBK Bilbao Music Legends jaialdia ere ekainean egingo dute, 24ean eta 25ean, Bilbo Arena pabiloian. Oraingoz, hiru talde daude iragarrita, Status Quo, Hawkwind eta Paul Carrack, baina gehiago izango dira.

Azkena Rock bezala, Bilboko BBK Live jaialdia ere iaz ez zen egin, baina, aurten, Last Tour enpresa festibala egiteko asmotan da. Uztailaren 7tik 9ra izango da, eta oholtzara igoko direnen artean daude The Killers, Nathy Peluso eta Pet Shop Boys.

Udako jazz jaialdiei dagokienez, iaz ohiko datetan egin zituzten guztiak, egokituta. Aurten, momentuz, Donostiakoa dago iragarrita: uztailaren 21etik 25era egingo dute, eta parte hartzaileen artean izango dira Iggy Pop, Steve Coleman eta Louis Cole.

Izurriaren kolpea bi urtez jaso duen beste bat Hatortxu Rock da: abenduan ziren egitekoak 25. elkartasun jaialdia, baina osasun egoerak bertan behera uztera behartu zituen. Aurten, ekitaldi berezia egingo dute, udan, uztailaren 29an eta 30ean. Zenbait parte hartzaile zehaztu dituzte: Non Servium, The Baboon Show eta Rotten XIII, besteak beste.

LITERATURA

Urteak literaturan ekarriko duen lehen topaketa (H)ilbeltza zikloa izango da. Iaz ez zen nobela beltzaren asterik izan Baztanen (Nafarroa); horren ordez, urte osoan banatu zituzten jarduerak. Aurten, ohiko formatura itzuliko dira: urtarrilaren 24tik 30era egingo dute, Arizkunen, Anizen, Elizondon, Erratzun eta Iruritan.

Bilboko Loraldia festibalak ere iragarri ditu bere asmoak: martxoan egingo dute, zortzigarrenez. Gainera, elkarteak hamar urte beteko ditu 2024an, eta datozen hiru urteetarako egitasmoak prestatzen ari da jadanik.

ZINEMA

Nazioartean, Urrezko Globoak dira zinemari lotutako urteko lehen egun garrantzitsuenetako bat. Atzerriko prentsak Los Angelesen (AEB) duen ordezkaritzak banatzen ditu sariak, eta Oscarren aurrerapentzat hartzen dira. Urtarrilaren 9an egingo dute gala. Oscar sariak, berriz, martxoaren 27an banatuko dituzte.

Euskal Herrian, zinemako ekitaldirik handiena Donostiako Zinemaldia izaten da, eta pandemiak, momentuz, ez du geldiarazi. Iazkoa egoerara egokituta egin zuten, eta balorazioa ona izan zen. Aurtengoa irailaren 16tik 24ra izango da. Donostiako Dock of the Bay jaialdia, berriz, maiatzaren 2tik 7ra egingo dute.

Ikuspuntu Nafarroako zinema dokumentalaren jaialdiak ere eutsi dio aurrez aurreko formatuari. Martxoaren 14tik 19ra egingo dute, zuzendari berriarekin: Manuel Asinek hartu du gidaritza, lau urtez karguan egondako Garbiñe Ortegak utzi ostean.

ANTZERKIA

Datozen hilabeteetan estreinatuko diren antzezlanen artean nabarmentzekoa da Bilboko Arriaga antzokian otsailaren 10ean estreinatuko dutena: Erresuma, Kingdom, Reino, Shakespeareren tragedia historikoei eginiko omenaldia. Calixto Bieitok zuzendu du, eta Bernardo Atxagak egin du testuaren itzulpena. Horrez gain, estreinaldien artean izango dira Hika Teatroren Tarara, urtarrilaren 15ean Errenteriako Lekuona fabrikan (Gipuzkoa); eta Tartean teatroren Alderray. Tranperoa, pertsonen ehiztaria, martxoaren 9an eta 10ean, Arriagan.

Donostiako dFeria arte eszenikoen azoka martxoaren 14tik 17ra egingo dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.