Donostiako 70. Zinemaldia. Donostia saria

Ibilbide oparo baten aitortza

Donostia saria jaso du David Cronenberg zinemagile kanadarrak, eta «eskertuta» agertu da. 'Crimes of the Future' haren azken filma erakusten ari dira jaialdian

David Cronenberg gidoilari eta zuzendaria, atzo , Donostian. JON URBE / FOKU.
Jone Bastida Alzuru.
Donostia
2022ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Igandean jaso zuen Donostia saria Juliette Binoche aktore frantziarrak, eta David Cronenberg (Toronto, Kanada, 1943) zuzendari eta gidoilari kanadarraren txanda izan zen atzo. Donostiako Zinemaldiak haren ibilbidea aitortu zuen ohorezko saria emanez, eta horretarako dituzten arrazoietako batzuk ere erakutsi nahi izan dituzte, jaialdian haren azken filma proiektatuz: Crimes of the Future, zinemagilearen aspaldiko obsesioak berreskuratzen dituena. Azken hamarkadetako zinemagile «berezienetako bat» dela esan zuten Zinemaldiko ordezkariek, eta orain arteko bideari eusteko asmoa azaldu zuen kanadarrak: «Etorkizunean krimen gehiago egitea espero dut film gehiago eginez». Haren arabera, krimenak lotura du artistarekin.

Ibilbide oparoa du Cronenbergek. Hogei film luzetik gora zuzendu ditu, eta hainbat generotan lortu du ospea, hala nola zientzia fikzioan, thrillerrean eta drama psikologikoan. Guztietan ditu klasikotzat hartzen diren lanak. Atzo adierazi zuen filmen bidez ez duela publikoa «mugara» bultzatzen, baizik bere burua bultzatzen duela, eta ikusleei harekin joateko gonbita egiten diela. Esperimentatzea gustatzen zaiola onartu zuen.

Sariarengatik «eskertuta» agertu zen zinemagile kanadarra: «Ederra da zure lanak aitorpena jasotzea».

Teknologiak duen pisuaz eta eskuragarritasunaz ere aritu zen, eta grabazioan darabiltzan teknikak azaldu zituen: «Beti egin izan ditut film laburrak profesionaltzat hartzen ez den teknologiarekin. Crimen of the Future filmeko plano batzuk iPhone batekin grabatu dira».

Hain zuzen, film laburrak izan ziren Cronenbergen lehen lanak; esaterako, Transfer (1996) eta From the Drain (1967). Egindako lehen obretan nabarmena da esperimentazio zientifikoaren ardatza —Shivers (1975), Rabid (1977) eta The Brood (1979) filmetan, adibidez—. Gerora ere, bereizgarri izan da joera hori haren pelikuletan.

Zinemaldiko arduradunen arabera, mugarri dira «genero zinema erradikalaren» alorrean ospea ekarri zioten bi lan: Scanners (1981) eta Videodrome (1983). Zenbait idazleren eleberrien zinema moldaketak ere egin izan ditu; tartean, Stephen Kingen The Dead Zone (1983) eta William Burroughsen The Naked Lunch (1991). Eta moldaketak soilik ez, eleberri bat ere badu idatzia: Consumed: A Novel (2014). Atzo horri buruz galdetuta, zinemagileak adierazi zuen gaztetan uste zuela nobelagilea izango zela: «baina zinemak bahitu ninduen». Halere, ez du baztertzen beste liburu bat idazteko aukera.

Luzea da Cronenbergekin lan egin duten aktoreen zerrenda ere; horietako bat da aurten Donostia saria jaso duen Juliette Binoche. Eta, bestalde, aipatzekoa da Viggo Mortensenen presentzia. Azken pelikulako protagonistetako bat da, eta dagoeneko Cronenbergen lau filmetan aritu da lanean: A History of Violence (2005), Eastern Promises (2007), A Dangerous Method (2011) eta Crimes of the Future. Zuzendariaren arabera, harreman estua dute biek, eta haren lana goratuz, umorearekin «maiteminduta» daudela esan zuen. Eta bere ibilbide osoan harekin aritutako gainerako aktoreen lana ere laudatu zuen.

Cronenberg, Zinemaldian

Aurrenekoz 2004an proiektatu zuten Cronenbergen film bat Zinemaldian: Crash (1996), atzera begirakoen atalean. Baina zuzendaria 2007an izan zen lehenengoz Donostian, Eastern Promises filmarekin. Aurrez Cannesen aurkeztua zuen orain 70. Zinemaldian proiektatzen ari diren Crimes of the Future lana, eta zortzi urteko etenaren ostean heldu da hari esker pantailetara.

Atzo azaldu zuenez, duela 20 urte idatzi zuen gidoia, eta bere obretan maiz landu izan dituen hainbat gai identifikatu daitezke filmean: indarkeria, sexua, gorputza, esperimentazio zientifikoa... Giza gorputzaren mutazioak ardatz dituen etorkizun ilun bat irudikatzen du pelikulak. «Ez naiz gauzak iragartzen saiatzen. Baina artistok, agian, antena sentiberagoak ditugu, eta inguruan jasotzen duzunarekin egiten duzu narratiba».

Pelikulak 1970ean zuzendariak egindako beste film baten izen bera du, baina ez da haren remake bat, nahiz eta bi lanek bat egiten duten gidoiko hainbat puntutan. Remake-ak ez zaizkiola interesatzen esan zuen atzoko agerraldian, eta nahiago duela egindako lanak dauden tokian uztea: «Iraganean».

Donostia saria jaso duten zuzendarien zerrenda luzeko azken izena izango da kanadarrarena; bertan daude, besteak beste, Francis Ford Coppola, Woody Allen, Oliver Stone, Agnes Varda, Hirokazu Koreeda, Costa-Gavras eta beste zinemagile aupatu batzuk. Saria hari emango ziotela iragartzean maisutzat jo zuten Zinemaldiko ordezkariek: «Izugarrikeria biologikoaren, atmosfera aztoratzaileen eta unibertso pertsonal bezain transferiezinaren maisua», zehazki.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.