Dir-dir egiten dute gazte batek patrikatik atera berri dituen giltzek. Bizikleta askatu, giltzak patrikan sartu, eta Buztintxuriko osasun etxetik Iruñeko tren geltokirantz joan da. 500 metro inguru egin ditu bidegorrian zehar. Zuzen doa, baina konturatu orduko, bidearen amaieran dagoen aparkaleku batekin egin du topo, eta espaloira igo da. «Errepidetik joan behar zara», oihukatu dio oinezko batek, eta errepidera jaitsi da. Ez da Iruñerrian jarraipenik ez duen bidegorri bakarra; asko dira bizikletaz «seguru» mugitzeko lekurik ez dutela salatzen dutenak.
Gaztea auto artean doa, eta biribilgune batean sartu da; tematia dirudi. Kontu handiz sartu da, albo guztietara begira, autoek harrapa ez dezaten. Ezkerreko eskua luzatuz, biratzen jarraituko duela adierazi du. Ondoren, eskuineko eskua luzatu, eta, di-da, biribilgunetik atera da.
Noranzko berean doazen bi errei dituen bide bat hartu du; gehienez 50 kilometro orduko abiaduran joan daitezke autoak. Eskuinean jarri da autoek ezkerretik aurreratu dezaten. Batzuek aurreratzeko distantzia handia utzi dute; beste batzuk, aldiz, oso hurbil pasatu dira. Legez, metro eta erdiko distantzia utzi behar da aurreratzeko. Semaforo batera heldu, eta espaloira igo da txirrindularia.
Biurdana institutuaren atzeko lorategian dagoen bidegorria hartu du: bi aukera ditu bidegorritik joan, edo oinezkoek lehentasuna duten bidetik. Lehenengoa aukeratu, eta 500 metro inguru egin ditu. Ikuspen txikiko bidegurutze batera iritsi, eta, bidegorririk ez zegoenez, espaloitik jarraitu behar izan du hilerrirantz. Aldapa bat igo, espaloia estutzen den lekuan errepidera jaitsi, eta maldan behera galdu da.
Gaztea pasatu den leku berean dabil Txus Goñi. Oinez ibiltzeko ohitura dauka, eta txirrindulariak espaloian ikusten dituenean, beldurtzen da: «Atzetik etortzen badira, ez ditugunez ikusten, arriskutsua izan daiteke. Bidegorri gutxi daudelako egiten dute hori». Gaineratu du autoen beldur direlako ere izan daitekeela: «Gainera, espaloiak batzuetan oso estuak dira, eta ez dago denontzako lekurik».
Handik gertu, xira eta kasko horiz jantzita doan txirrindulari bat dago; Marcelo Celayeta etorbidea hartu du Txantreara bidean. Errepidetik doa, eta errei bakarra dagonez, autoek ez dute aurreratzeko lekurik. Abiadura maximoa 30 kilometro ordukoa da. Bidearen erdian jarri da autoek gaizki aurreratu ez dezaten.
Hasieran bidea bakarrik egin du, baina po-po, geroz eta auto gehiago ditu atzetik. Klaxonak entzuten hasi dira. Hasieran sotilak izan arren; geroz eta bortitzagoak dira, eta autoa geroz eta gertuago dago. Arrotxapea etaAntsoain elkartzen dituen biribilgunean sartu, eta eskuineko eskua luzatu du biribilgunetik aterako dela adierazteko. Orduan, bi errei zabaldu dira, eta auto batek bortizki aurreratu du; ia distantziarik utzi gabe. «Kendu paretik» oihukatu dio autotik. Aurrera jarraitu du, eta txirrindularia Txantrea auzora bidean joan da.
Bizikletan mugitzeko ohitura dauka Will Colmenarezek, eta Marzelo Celayeta etorbidetik joaten da askotan: «Pena ematen dit; lehen bidegorria zegon, baina kendu dute». Haren ustez, errepidetik joaten bada, autoen erritmoa «moteltzen» du: «Ez goaz autoak bezain azkar, eta auto ilarak sortzen ditugu». Hala ere,nahiago du errepidea espaloia baino: «Errepide horretan ez dit beldurrik ematen, autoak mantso doazelako».
Bidea ezabatzen denean
Marzelo Celayeta etorbidean, beste kale askotan bezala, bidegorria espaloitik zihoan lehen, baina azken hilabetetan ezabatu egin dute, eta arrasto gutxi batzuk geratzen dira. Horren ordez, gehienezko abiadura orduko 30 kilometro den lekuetan, bidegorririk ez badago, errepidetik joan behar dira txirrindulariak. Hala ere, leku batzuetan espaloietako bidegorriak kendu, eta ondoan, bidegorri berriak eraiki dituzte; adibidez, Labriteko aldapan.
Maite Garciak bide hori hartu ohi du Iruñera igotzeko. Toki batetik bestera bizikletan joateko ohitura dauka, baina bidegorririk ez dagoenean espaloitik joatea nahiago du, haurrekin doalako. «Bidegorritik joan nahiko nuke, eta haurrei ongi irakatsi nondik joan behar garen, baina, askotan, ez dagoenez, zaila da», esan du. 14 urtetik beherako haurrekin doazen helduek espaloitik joateko baimena dute, baina Garciak uste du «onena» bidegorriak «ongi» egitea dela.
Haurrekin ez ditu bide «luzeak» egiten, baina, bakarrik doanean, Burlatatik Mendillorrira joaten da: «Ezinezkoa da dena bidegorritik egitea; oso gaizki dago. Hala ere, ahal dudanean beldurra ematen didan arren, errepidetik noa gure lekua aldarrikatzeko». Gaineratu du jendea «frustratuta» dagoela: «Jendea bortitza da; espaloitik zein errepidetik garrasi egiten didate». Bizikleta hartu, eta kaleetan barna galdu da.
Bidegorrien labirintoan
Iruñerrian bizikletan ibiltzeko ohitura dute herritar askok, baina leku «askotan» bidegorriak falta direnez, «seguru» joateko zailtasunak dituztela salatu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu