EKOGRAFIAK

Ate joka

Lander Arretxea.
2022ko martxoaren 23a
00:00
Entzun
Belaunaldikide askori entzun diot purrustada: zer demontre da ditxosozko Tiktok hori? Galdera horrek eman dezake gaurko adin-arrakalaren neurria: bideo laburrak oinarri dituen sare sozialak hogeita hamar urteren bueltan gabiltzanak aztoratu bagaitu, arrotz eta zahar sentiarazi bagaitu kolpetik, zenbateraino daude gaurko nerabeen ohiturak berrogeita hamarren langa gainditu dutenenetatik aldenduta? Bada eten horren bi muturretatik elkar ulertzerik?

Gauzak horrela, Canneseko jaialdi prestigiotsuak iragarri duenak azkura eragingo dio zinemazale kontsakratu bati baino gehiagori: Tiktok bidezko film laburren lehiaketa abiatu berri du. Parte hartzeko nahikoa da #TikTokShortFilm traola erabili eta sare sozialean bertan edukia konpartitzea. Hogeita hamar segundo eta hiru minutu arteko lanak hartuko dituzte aintzat, eta biltzen dituzten proposamen guztien artean onenak hautatuko ditu oraindik jakinarazi ez duten zuzendari entzutetsu batek. Zalantzazkoa da deialdiaren sakoneko motibazioa bera ere: Tiktok Cannes jaialdiaren babesle ofiziala izango dela iragartzearekin batera jarri dute lehiaketa martxan.

Bideo-pilulak eta formatu gero eta laburragoak ugaritu direnetik agertutako galderak berpiztu ditu horrek: zein da istorio edo ideia bat kontatzeko gutxieneko iraupena? Berehalako onarpenak baldintzatzen duen sare sozial batean egindako lanak artelan baten esentzia bil dezake? Bistan da sareetarako egiten den bideogintza zinemaren moldeetatik urrun samarrekoa izan ohi dela, baina formatua bera baliogabea dela irmoki adierazteko oinarririk bada? Nik, bederen, ez dut aurkitu oraindik.

Paradoxikoa bada ere, formatu bertikaleko bideoen lehiaketa honek egiteko modu horizontalagoa ekarriko du; inoiz baino errazagoa izango da, izan ere, Cannesen bere tokitxoa izango duen sari honetan parte hartzea. Edo hala behar luke behintzat. Nik ere ez dakit Tiktok taxuz erabiltzen, ni ere sentiarazten nau zahar, baina lehenago botatako galderen erantzun bila, #TikTokShortFilm traolaren bilakaera jarraitzeko gogoa piztu zait. Belaunaldi bakoitzak aurkitzen ditu mugitzen dituen gaiak lantzeko bideak, bere ohitura eta baliabideetara egokituta. Ederra dute gure aurreiritziak eta egoskorkeria ipurdi bistan uzteko aukera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.