Amaia Garcia.
EKOGRAFIAK

Akatsak

2022ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Batzuetan bizitzan zer nahi dugun jakitea zaila izaten da. Horretarako, «denbora galtzen» dugu gauzak egiten, huts egiten eta lurretik altxatzen. «Denbora galtze» hori ikasketa prozesu baten parte da, eta gure bizitzan askotan pasatu dugun zerbait izan da. Nork ez du erabaki oker bat hartu eta horren ostean zerbait berria ikasi? Horrela ikusiko dugu Starstruck (HBO Max) telesaileko protagonista.

Rose Matafeo gidoigile eta aktoreak sortutako telesaila da Starstruck. Bertan, protagonista Rose dugu. Gau batean bere bizitza guztiz aldatuko da. Aktore ezagun batekin oheratzen da eta haien arteko harremana nahiko bitxia da. Rosek konpromisoari beldur dio eta ez du bikote bat bilatzen. Tom ezagutu ostean, beraien arteko harremanak gaizki-ulertu ugari izango ditu. Komedia erromantikoaren egitura du telesailak, baina kasu horretan Rosen paperak estereotipo asko alde batera utziko ditu.

Tomen eta Rosen arteko maitasun istorioa akatsez beterik dago. Tomen agenteak ez du ondo ikusten beraien arteko erlazioa. Aktore famatua izanik, beste aktore batekin egotea nahi du bere agenteak. Rose Zeelanda Berrikoa da. Londres uztea erabaki du. Erabaki hori alde batera utziko du Tomekin beste gau bat pasatu ostean. Erabaki hori hartzen duenean errealitatea onartzeko denbora dezente behar du Rosek. Tomen eta Rosen bizitzak oso desberdinak dira, baina pixkana uztartzen hasi direnean, Tomek lan eskaintza bat izango du atzerrian. Beraien harreman ez-perfektuak krisialdi berri bat izango du.

Horrelako telesailak gaur egungo harremanen isla direla uste dut. Printze urdinaren bilaketa amaitu egin da, eta erlazio sexu-afektiboen errealitatea erakusten dute komedia erromantiko berri horiek. Kasu honetan, protagonistak gauzak argi izateko buelta anitz eman behar ditu, eta bere sentimenduak azaleratzeko beldurra agerikoa da. Sentimendu horiek azaleratzeko unean, dena gaizki egiten du. Erromantizismoaren aurkako pertsonaia perfektua da Rose.

Lagunen garrantzia agerikoa da telesailean ere. Rosek ezingo luke aurrera egin bere lagunak gabe. Akatsetatik ikasteko, lagunen babesa ezinbestekoa izango du une oro. Telesailak bizitzaren perfekzio ezak erakusten dizkigu, eta niretzat horrek telesail perfektua bihurtzen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.