Amaia Garcia.
EKOGRAFIAK

Netflix?

2022ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Telesailak ikusteko dauden plataformekin harreman oso arraroa dut. Batzuetan, asteak eman ditzaket plataforma bereko telesailak ikusten, eta, beste batzuetan, ordenagailua pizten dudanean plataforma desberdinetako webguneak irekitzen zaizkit. Horien artean, Netflix gutxi irekitzen dut azken boladan. Aste honetan Netflixek arreta eskatu zidan sakelako telefonoaren bitartez. Plataforma horren aplikazioak bere azken berritasuna erakutsi nahi zidan, baina abisua alde batera utzi nuen.

Aspertuta gaudenean, Netflixek asko laguntzen digu, baina zer gertatzen da aplikazio horrekin aspertuak bagaude? Bertan aurkitzen ditudan edukiek ez didate interes handirik piztu azken boladan. Horrez gain, azken asteetan berri dezente eman dizkigu plataformak. Gaurtik aurrera, harpidetza merkeagoak egongo dira Hego Euskal Herriko erabiltzaileentzat. Trukean, harpidetza horiek iragarkiak izango dituzte. Iparraldean, azaroaren 3an hasi ziren harpidetza mota horrekin. Plataformak martxan jarri zituztenean, iragarkirik gabeko guneak izango zirela saldu ziguten. Madrilgo Pedro Zerolo plazan Atresmediak kartel erraldoi bat jarri du egoera horretaz barre eginez. Hartan, Netflix, Amazon Prime, Disney Plus eta HBO Maxen irudiarekin jolas egin dute. Izan ere, plataforma horiek iragarkiak jartzeko modu desberdinak proposatzen ari dira azken hilabeteetan.

Hori gutxi balitz bezala, Netflixek banatutako kontuen aurka joan nahi du. Gaur egun plataforma dezente ditut eskuragai, baina, ia denak izateko aukera posible egiteko, lagunekin banatu behar ditut. Laguntasuna ez da errentagarria Netflixentzat. Horregatik, etxebizitza berean bizi ez direnen kontuen aurka joango da Kaliforniako konpainia. Beren helburua lortzeko zer egiten duten jakin nahi dut, eta erabiltzaileen artean zer-nolako erantzuna ekarriko duen ikusteko dago.

Dena ez da txarra izango, pixkanaka euskarara bikoiztutako eduki berriak aurkitzen ditugu plataforman eta euskarazko azpititulu gehiago daude. Horrez gain, hilaren amaieran Lucio Urtubiaren bizitza oinarri duen fikzioa estreinatuko dute. Beldur pixka batekin ikusiko dut lana. Filma desengainu bat ez izatea espero dut, baina, hala gertatzen baldin bada, plataformari errua botatzeko aukera daukat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.