Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Zuzenean eta zeharka

2022ko abenduaren 21a
00:00
Entzun
Ezin dugula plater bat dastatu aurrez erretratu elegante bat aterata ez bada. Bizi garela erakusteko, bizitzeko bainoago. Sakelakoen albo kalteak zerrendatzen dituzten brotxalodiko gogoeta horiek buruz ikasi ditugu honezkero. Baina uste baino zaharragoa da pantailaren baldintzapeko bizitza. Eta sakelakoaren sareak baino zabalagoa.

Azken asteburuan pilatu dira 2022an zuzenean telebistatik jarraitu ahal izan diren hiru emanaldi potolo. Hertzainak taldearen itzulera kontzertua larunbatean; eta igandean beste biak: Bertso Txapelketa Nagusiaren finala eta gizonezkoen futboleko Munduko Koparena.Bertatik bertara ere gozatu ahal izan dira hirurak, baina eguna itsasertzean argazkiak ateratzen igarotzen duten turistak nola, pantailaren dimentsioak baldintzatuta.

Futbolean, jokalariak ez dira baloia nork sartuko lehiatzen soilik. Telebistako emanaldi bateko aktore edo lehiakide ere badira. Ospakizunetan, lurrera erortzean, edo aurkariarekin ika-mikan direnean, jakitun dira dozenaka kamera dituztela begira. Zer esanik ez, VAR delakoak, jokaldi polemiko guztiak errepasatzen dituenetik. Disimulu gehiagorekin aritzera behartzen ditu horrek, baina euren alde ere erabiltzen dute: mezuak bidaltzeko, ikusleen onespena lortzeko, balizko irudi publiko bat eraikitzeko. Eta zer den telebista; gaztetxoek, inork grabatzen ez dituenen, keinu bertsuak errepikatzen dituzte gero.

Gauza bera esan daiteke bertso txapelketaz. Bertsozale komunitatean adierazpen aurreikusgarriak diren asko ezohikoak dira ETB1en. Ez ote da tentagarria, behin zuzenean telebistan izanda, albistegietan isilarazten diren horiek guztiak esatea?Eta kontrara: zenbat mugatzen du bertsolariaren ausardia boteprontoan botako duena grabatua eta testuinguruz kanpo zabaldua izango dela jakiteak?

Hertzainaken kontzertuaz, beste horrenbeste. 1990eko hamarkadan ere ematen ziren telebistan haien zuzenekoak, baina Gari bezainbeste zahartu da ETB ordutik. Zenbat eskakizuni egin behar zaio men emanaldia telebistan eskain dezaten? Eta buelta emanda: «Presoak etxera» aldarrikatzen duten zenbat pankarta leudeke han, telebistan agerrarazteko saiakeragatik ez balitz? Telebista beti hor: zuzenean etxekoentzat, eta zeharka, baita han bertan ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.