Granada 2-1 Athletic

Ezin zen sufritu gabe izan

Athletic Espainiako Kopako finalean da, Yurik 80. minutuan sartutako gol bati esker. Norgehiagoka kaskarra eta grisa jokatu du talde zuri-gorriak, eta minutu batzuetan kanporatua egon da

Athleticek Granadan lortu zuen atzo Kopako finalerako sailkatzea. PEPE TORRES / EFE.
ainara arratibel gascon
2020ko martxoaren 6a
00:00
Entzun

Granada. Rui Silva; Victor Diaz, German, Duarte, Neva (Vico, 85'); Yangel Herrera (Eteki, 61'), Gonalons; Foulquier (Antoñin 85'), Puertas, Machis eta Carlos Fernandez.
Athetic. Unai Simon; Capa (Cordoba, 59'.) , Yeray, U. Nuñez, Iñigo Martinez, Yuri; San Jose (Aduriz, 79'), Vesga; Muniain (Sancet, 92'), Rual Garcia eta Williams.
Golak. 1-0: Carlos Fernandezek (48. min.); 2-0: Germanek (76. min.). 2-1: Yurik (81. min.).
Epailea. Carlos Del Cerro Grande. Txartel horiak Granadako Gernani eta Athleticeko Yerayri, Unai Simoni eta Vesgari.
Bestelakoak. 20.988 ikusle Los Carmenesen .

Ez zen luzapenean izan, ezta penaltietan ere. Baina Athleticek mirariaren pareko zerbait egin zuen atzo, Granadan, eta Espainiako Kopako finalean da. Zuri-gorriak 2-0 ziren atzetik 81. minutuan, eta kalean ziren. Baina aurtengo Kopan enegarrenez suspertu egin zen. Teneriferen aurkako neurketan bezala, Yuri izan zen salbatzailea. Partidan zehar apenas agertu zen zarauztarra. Baina adorea atera, eta barneraketa bat egin zuen. Areara sartu, eta Rui Silva atezaina gainditu zuen baloia ondo gurutzatuz. Bigarren zatian Athleticek sortu zuen aukera apurrenetakoan iritsi zen gola, baina balekoa izan zen. Kanpoan sartutako golen balio bikoitzari esker sailkatu ziren zuri-gorriak. Hala, euskal taldeen arteko finala izango da apirilaren 18an Sevillan: Athleticen eta Realaren artean.

Joaneko norgehiagokan hegaletatik egin zuen min Athleticek, batez ere Yuriren eta Caparen bidez. Hala, berriro ere, bost jokalariz osatutako atzealdearen aldeko apustua egin zuen Garitanok, nahiz eta ligako bolada txarrean hala jokatzeak ez zizkion esperotako fruituak eman. Zelai erdian, berriz, San Josek ordezkatu zuen Dani Garcia, txartelengatik zigortuta baitzegoen

Granadak hasieratik argi izan zuen Athleticen erasoko jokoa indargabetzeko gertutik zaindu behar zuela Iker Muniain. Ia lehen minututik Yangel Herrera haren itzala izan zen, eta bizpahiru sarrera gogor egin zizkion. Iruñekoa jokoan sartu gabe, izugarri kostatzen zaio Garitanoren taldeari gol aukerak sortzea. Atzokoa ez zen salbuespena izan. Lehen txanpan Raul Garcia eta Iñigo Martinezek urrutitik egindako pare bat jaurtiketa baino ez ziren izan Athleticen gol aukera bakarrak.

Granada, ordea, hobeto zegoen jarrita zelaian, nahiz eta ez zen apenas gerturatu Unai Simonen atera. Azkenaldian bezala, Athletic Williamsi bidalitako baloi luzeen bidez ahalegindu zen arriskua sortzen. Horietako batean aurrelaria ondo mugitu zen hegalera, eta erdiratu egin zuen. Victor Diaz baloia aldentzen ahalegindu zen buruz, baina ia bere atean sartu zuen gola. Pizgarri izan zen hori Athleticentzat, eta ia erreskan hiru gol aukera izan zituen. Baina Yurik, San Josek eta Raul Garciak ez zuten asmatu.

Granada Carlos Fernandezen pare bat errematerekin saiatu zen arriskua eragiten. Lehen zatia amaitzear zela susto ederra hartu zuten Athleticeko jokalari eta zaleek. Machisek kornerra atera zuen, eta gol arrastoan atera zuen Williamsek Herreraren errematea.

Bigarren zatia hasi eta berehala berdindu zuen kanporaketa Granadak; Machisek erdiraketa on bat egin zuen. Iñigo Martinez eta Unai Nuñez motel ibili ziren, eta Carlos Fernandezek ederki hartu zien aurre buruz gola egiteko (48. min).

Granadaren bigarrena

Golak, ezinbestean, hauspoa eman zien Granadako jokalariei eta zaleei. Izan ere, ia bigarren zati osoa zuten kanporaketa iraultzeko. Athletic, berriz, urduritzen hasi zen. Granadak gertu izan zuen bigarrena 56. minutuan, korner batean, Germanek bakarrik errematu zuen, baina ez zuen asmatu.

Garitano lau atzelarirekin jokatzera pasatu zen. Cordoba zelairatu zuen, Caparen ordez. Baina urduri eta beldurtuta aritu ziren hurrengo minutuetan zuri-gorriak. Machisek eta Carlos Fernandezek gertu izan zuten bigarrena. Germanek egin zuen, ordea, gola, korner batean (76. min.). Berriro ere ez ziren fin ibili zuri-gorrien atzelariak, eta bakar bakarrik egin zuen errematea buruz. Garitanok Aduriz zelairatu zuen miraria egiteko. Oraingoan, ordea, Yurik egin zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.