'Stambeli'-aren azken dantza

Sahara hegoaldetik Tunisiara eramandako esklaboek sortutako musika mota da 'stambeli'-a, baina desagertzeko zorian da gaur egun, aitortza faltaren ondorioz.

Sidi Ali Lasmar otoitz gunea. R. GONZALEZ.
Ricard Gonzalez.
Tunisia
2022ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Hamabi urte zituenetik, Riadh Ezzawex stambeli-a praktikatzeari eta zabaltzeari emana bizi da. Stambeli-a musika mota bat da, duela zenbait mende Saharaz hegoaldeko Afrikatik indarrez ateratako milaka esklabo Tunisiara iritsi ondoren sortutakoa. Azken lau hamarkadetan, gauza asko aldatu dira, baina aldaketa gutxi izan dira stambeli-aren mesedetan, gaur egun desagertzeko arriskuan baitago. Hori eragoztea obsesio bihurtu da Ezzawexentzat. Musikaria da, eta mundu osoko agertokietan ibili da stambeli-a ezagutarazten. Batzuek jazzarekin konparatzen dute musika klase hori, jatorria Afrikan duelako eta mestizoa delako.

Hasieran, Ezzawexek stambeli-arekin zuen grinak maitasun erromantiko eta ia ezinezko horietako baten antza zeukan. Erdiko klaseko musulman jainkozale baten semea da Ezzawex, eta ezerk ez zuen bultzatu esklaboen ondorengoen arte bat eta haien erritu animistak praktikatzera. «Nire gurasoak gaixotu egin ziren esan nienean stambeli musikaria izan nahi nuela. Haientzat lotsagarria zen. Baina ezin izan zuten eragotzi», azaldu du, irribarre abaildu batez. Beltzen komunitateko kide ez bazen ere, stambeli-aren maisuek azkenean beste kide bat balitz bezala hartu zuten, eta arte horren sekretu guztiak erakutsi zizkioten. Izan ere, stambeli-a musika erritmo bat baino gehiago da, edo zen, hobeto esanda.

Maisuak gombri izeneko instrumentu bat jotzen du, eta, maisuarekin batera, arifa ere funtsezkoa da stambeli-an. «Kantuak errezitatzen zituen, baina ez hori bakarrik: bitartekari lanak ere egiten zituen komunitatearen barruan. Gainera, jendeak gaitzen bat zeukanean, harengana joaten zen, eta stambeli saioak sendabidearen parte izaten ziren», ekarri du gogora Ezzawexek, nostalgiaz. Medikuntza modernoak desagerrarazi egin du arifa, baina ez dantzarien bira frenetiko eta errepikakorrak. Haiek ahaleginak egiten dituzte trantzean sartu eta bat egiteko errealitate fisikotik haragoko batekin.

Eskola, galtzeko arriskuan

Alde espiritual horren bidez elkartu ziren stambeli-a eta sufismoa. Islamaren bertsiorik hedatuena da sufismoa, eta gizon santuei gorazarre egiten die, fededunen eta Jainkoaren arteko bitartekari gisa. Izan ere, stambeli-a sufismoarekin estu lotuta dago gaur egun, erritual animistak egiten zituzten esklabo haiek islamizatu egin baitziren denboraren poderioz. Horregatik, stambeli-a ez da Afrikatik Tunisiara lekualdatutako arte bat, baizik eta mendeetako fusio kulturalaren emaitza.

Hain zuzen, Ezzawexek 2016an stambeli-a irakatsi eta zabaltzeko sortutako elkartearen egoitza zawia batean dago sufien santutegi txiki bat, Sidi Ali Lasmar maisu sufiari eskainitakoan. Sidi Ali Lasmar zawia-ko gela batean hilobiratuta dago, Tunisko medina inguratzen zuen harresi zaharretik hurbil, eta badira bost mende fededunak hara joaten direla laguntza bila. Hala ere, musika mota horrekin gertatzen den bezala, tenplua bera ere arriskuan dago, Tunisko medinaren zati handi baten gentrifikazio prozesuaren ondorioz.

Independentziaren ondoren, eraikina estatuaren esku geratu zen, eta hark erosle pribatu bati saldu zion, nahiz eta balio handia duen ondare kultural eta erlijioso gisa. Geroztik, komunitateak alokairu bat ordaindu dio hilero, zintzo. Baina duela gutxi jabea hil, eta gauzak aldatu egin dira. «Haren semeak Libiako promotore bati saldu nahi dio, eta hark solairu askotako eraikin bat egin nahi du. 120.000 dinar eskatzen dizkigu [40.000 euro inguru]. Lehenago erosten ez badugu, abuztuan salduko du. Nondik aterako dut nik diru hori guztia?», esan du Ezzawexek, nahigabetuta. Sidi Ali Lasmar musika taldearen burua izateaz gain, Ezzawex zawia mantentzeaz arduratzen da, eta erlojuaren kontrako borroka bat hasi berri du hura salbatzeko.

Estatuaren sostengu falta

Teorian, estatuaren ardura da santutegia babestea, baina ez du inolako interesik adierazi, stambeli-arekin bezalaxe. Habib Burgibak, independentziaren aitak, herrialde laiko bihurtu nahi zuen Tunisia, eta mespretxua zion sineskeriekin zerikusia zuen espresio kultural orori. Geroago, arrazakeria estrukturalaren ondorioz, estatuak ez du Tunisiako ondare kulturaltzat hartu musika mota hori, gauza arrotz bat balitz bezala. «Ez da neurririk hartu stambeli taldeen garapen pertsonal edo artistikoa sustatzeko, eta ez da dirurik jarri herentzia kultural hori babesteko», dio Tunisiako Arts Solution gobernuz kanpoko erakundeak txosten batean.

Oztopo horietaz guztiez gain, gazteek ez dute interesik adierazten stambeli-a ikasteko, diru gutxi ematen baitu, eta famarik batere ez. Gaixotasun baten ondorioz ahulduta dagoen arren, Ezzawexek ez du amore emango. Oraindik ez behintzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.