Gasteizko jaiak

Herriarenak diren jokoak

Herri kirolen erakustaldiak, pilota partidak eta bola-joko saioak izaten dira egunero Foru plazan. Herritar ugari biltzen dira horien inguruan, gazteak nahiz helduak.

Herriarenak diren jokoak.
aitor biain
Gasteiz
2022ko abuztuaren 9a
00:00
Entzun

Askotariko musika doinuek bat egiten dute goizeko lehen orduan, jaietako azken-aurreko egunean, Gasteizen: txistularienak, trikitilarienak, musika bandarenak, eta baita gaita jotzaileenak ere. Den-denak entzun daitezke Posta kaletik. Hura da hiriaren erdigunea, eta handik igarotzen dira guztiak kalejiran, nor bere erritmoen eta melodien arabera. Tartek,a fanfarre baten musika ozenak estaltzen ditu guztiak. Horiek normalean dantzariak ere izaten dituzte lagun, gainera; Blusa eta Neska beteranoak dituzte gaur, festetako beren egun handia gogotik ospatzeko irrikaz direnak.

Halako melankolia eta inbidia sentsazio batekin begiratu die Jose Miguel Canterok Foru plazatik pasatu direnean. «Goza dezatela. Guk ere egin genuen aspaldi», esan du irribarretsu, kalejirari begirik kendu gabe. Badira urte batzuk blusa gisa ateratzeari utzi ziola. Pilota partidak ikustera joaten da orain goizero-goizero Foru plazara. Posta kalearen ertz batean dago Foru plaza, hain zuzen. Hiruko formako plaza historikoan, pilota partidak ez ezik, herri kirol eta bola-joko txapelketak ere izaten dira egunero jaietan.

Kartoi zati bat eskuetan duela bildu da plazara Cantero gaur ere. «Esertzeko da. Ez da komeni harri hotzaren gainean esertzea», azaldu du. Nabari da, bai, egunero etortzen diren horietakoa dela. Badaki harmailetan zehazki non eta nola eseri. Izan ere, partidako lehen tantorako, garesti dago gerizpea, eta are garestiago egongo da aurrerantzean, eguzki izpiak bertikalago jotzen hasten direnean.

Andre Maria Zuriaren txapelketako eskuz binakako finalerdiak dituzte jokoan gaur. Lehen kanporaketan, Asier Diaz de Heredia eta Eneko Gonzalez (gerriko gorriz), Mikel Larrañagaren eta Aitor Markaidaren (gerriko urdinez) aurka lehiatu dira. Berdintsu hasi dute norgehiagoka, baina, partidak aurrera egin ahala, gehiago izan dira urdinak, eta 8-22 gailendu zaie azkenean gorriei.

Adi-adi begiratu die pilotariei Mikel Freirek. 5 urte pasatxo besterik ez du, baina zur eta lur geratu da pilotakada bakoitzean larruak frontiseko granitozko harria jotzean egiten zuen hotsarekin. «Ez gara sarri etorri zaleak, egia esateko. Gaur, goiz atera gara kalera, freskura aprobetxatzeko, eta, pasieran ginela, tarte batez geratzeko aprobetxatu dugu. Ea semeari gustatzen zaion...», azaldu du Pablo aitak. Semeari itaundu dio kazetariari erantzun orduko. Hark baietz erantzun dio, gustuko duela pilota, alegia. Edo hala ondorioztatu du aitak, hitzekin ez baizik buruari astindu txiki batzuk emanez erantzun baitio gaztetxoak.

Andreak bola jokoan

Bigarren finalerdia hasterako, bola jokoan ari da emakume talde bat, Foru plazako lurrazpiko bolatokian. Araceli, Carmen, Maria Jesus, Sonia... Bata bestearen atzetik ari dira jaurtitzen. Uxue Martinez de Murgia da guztietan gazteena. Hark azaldu ditu jokoaren berezitasunak: «Hanka bat horizontalean dagoen oholaren gainean jarrita, pauso bat ematearekin batera jaurti behar da bola, eta perpendikularki dagoen egur zatiaren gainetik joan behar du amaieraraino, birla nagusia jotzeko lehenik, eta gainerakoak gero». Ez dago gustura lehenengo txandan lortu duen emaitzarekin, ordea: hiru jaurtiketetan birla bakarra jo du berak. «Nahiko gaizki nabil...».

Hiruna kideko hiru talde ari dira lehian, bederatzi andre guztira. Arabako bola jokoan federatuak dira guztiak, Lautadakoak gehienak. Urtean zehar herriz herri aritzen dira lehiatzen, baina Gasteizko jaietan erakustaldia egiten dute kide gehiago lortu asmoz. «Gizonak dira federatuetako asko, baina emakumeak ere gero eta gehiago gara pixkanaka. Kirol honetan indarra ez da dena», azpimarratu du Laura Perez de Onraitak.

Okinako (Araba) hirukoaren kide da Perez de Onraita, eta 20 urte baino gehiago daramatza bola jokoan lehiatzen. «Ez gara asko, baina garrantzitsua da jokoari eustea. Gurea baita, Arabakoa». Hain zuzen ere, Okinako taldeak irabazi du kanporaketa, eta finalerako sailkatzea lortu dute. «Gogotik izerditu gara, baina zortea izan dugu». Gaur jokatuko dute finala.

Kanpora ateratzerako, eguzkiak gogor jotzen du Foru plazan. Eguerdia da, eta aizkolariak jo eta su ari dira egurra mozten, izerditan blai. Arabako orga joko eta ingude txapelketak eta txinga erakustaldia egin dituzte. Eta hemen ere gerizpea garesti dago; eskerrak harmailak handiak diren eta zatirik handiena babesean dagoen. Jendetza erakarri baitute herri kirolek, joko horiek ere herriarenak direla erakutsiz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.