Rockaren zapore bizia

Come o Muere kantina ireki dute Gasteizko Helldoradoko arduradunek. Musika eta gastronomia batu dituzte, «bizitzako bi plazerik handienak».

Juan Uriarte, Helldorado eta Come o Muere kantinako jabea. RAUL BOGAJO / FOKU.
unai etxenausia
Gasteiz
2023ko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Entzumena eta dastamena astintzea du xede. 1980ko hamarkadako Ameriketako Estatu Batuetako taberna bat dirudi, Hollywoodeko pelikuletan ageri direnak bezalakoa. Rocka bozgorailuetan, pintxoak eta edariak barran, eta komikietako pertsonaiaz betetako hormak. Gastronomiaz ere gozatzen dute paretako pertsonaiek zein estralurtarrek. Mahai eta aulki garaiak ditu, eta, mahai bakoitzak, USB konektorea eta entxufea ditu, jaten edo afaltzen dagoenak sakelako telefonoa kargatu ahal izateko. Telebistako pantaila bat dago mahaien parean, zinema mutuko film eta telesail klasikoak proiektatzen dituena. Kantina, kafetegi eta jatetxe ezohikoa da.

«Bizitzako bi plazerik handienak» batu dituzte Gasteizko Helldorado kontzertu aretoko Come o Muere kantina berrian. Kontzertu aretoak berrasmatzera behartuta daude, eta ikus-entzuleak agertokietara erakarri behar dituzte formula berriak probatuz. Bada, Juan Uriarte arduradunak argi izan zuen pandemia garaian jasotako diru laguntzak «proiektua indartzeko» balio behar zuela: «Aspaldian geneukan buruan zerbait egitea kontzertu areto ondoko gunearekin, eta, azkenean, jatetxe hau egitera ausartu ginen». Azkenean, joan den urte amaieran ireki zuten. Ordutik, astero zabaldu dute kantina, astelehenetik larunbatera. Ostiraletan eta larunbatetan, bertan afaltzeko aukera dago.

Uritiasolo industrialdean daude kontzertu aretoa eta kantina, hirigunetik aparte. Kontzertuetara bertaratzen direnek emanaldi baten aurretik edo ondoren jateko eta edateko aukera izateko helburuarekin jaio da proiektua, azaldu du Uriartek. «Industrialde batean gaude; beraz, jende askok galdetzen zigun ea non afaldu ahal zuten. Hirigunetik urrun dagoenez, hemen afaltzeko aukera daukate orain. Ikus-entzuleek eta datozen taldeek asko eskertzen dute hau». Gainera, inguruko jatetxe bakarrenetarikoa da.

Astelehenetik ostiralera espazio lasaia da kantina. Jendea terrazan zerbait hartzera etortzen da egun eguzkitsuetan: «Gehienbat inguruko enpresetako langileak etorri ohi dira pintxo bat jatera edo zerbait hartzera. Askok, gainera, hemen bazkaltzen dute», aipatu du arduradunak.

Asteburua iristean, lasaitasun hori desagertu egiten da, batez ere Helldoradoko kontzertu egunetan. Ikuskizuna hasi baino lehen, jendez betetzen da areto ingurua; gainera, sarrerarik gabe geratu denak edo lasaiago egon nahi duenak, ikuskizuna jatetxetik ikusteko aukera ere badaukala nabarmendu du Uriartek: «Zuzenean ematen ditugu kontzertu guztiak. Beti da hobea aretoan ikustea. Halere, kantinan espektakuluaz gozatzeko aukera du nahi duenak, lagunekin afaltzen edo zerbait hartzen dagoen bitartean».

Exotikoa, baina bertakoa

«Plater sinpleak dira, baina kalitate handiko produktuekin eginak», hasi da Uriarte karta azaltzen. Haragi bolak saltsan, txerri masailak ardo beltzean, bakailaoa saltsan... Euskal Herriko betiko plater klasikoak eskaintzen dituzte. Halere, kantina bat izanda, tex-mex estiloko platerak dastatzeko aukera ere izango du bezeroak. Burritoak, natxoak eta antzeko aukerak nabarmentzen dira horretan.

Plater askoren jatorria Amerikakoa edo munduko beste lekuren batekoa izan arren, erabiltzen dituzten lehengai gehienak Euskal Herrikoak dira: Arabakoak batez ere. «Bertako produktuak protagonista dira, hala nola Arabako Mendialdeko ardi latxaren gazta. Argi izan genuen hasieratik tokiko bertako produktuak erabili behar genituela platerak egiteko».

Hamaiketakoak ere eskaintzen dituzte kantinan. Arrautza frijitua eta patatak hirugiharrarekin, odolkiarekin, urdaiazpikoarekin edo txorizoarekin konbinatu ahal dira. Arduradunaren hitzetan, «plater goxo eta ezin hobeak dira», goiz erdian inguruko enpresetako langileak indarberritzen dituenak.

Karta osatzeko, plater konbinatuak, hot dogak, ogitartekoak eta hanburgesa «berezi bat» daukate. Arabako Mendialdeko lehen mailako haragiarekin egina dago hanburgesa, eta Uriarteren plater izarra da: «Dastatu duenak berriz errepikatu du».

Jan ala hil, Uriarterentzat ez dago besterik: «Hemen biak egiteko aukera dauka jendeak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.