Ispilu ere badiren beste horiek

Barbara Stammelen 'Ni bizi nautenak' erakusketa ikusgai dago Donostiako Arteztu galerian. Ezagun dituen pertsonen eta asmatutakoen erretratuak landu ditu margolariak, olioz

Barbara Stammel margolaria, bere bi koadroren artean, Donostiako Arteztu galerian jarri duen erakusketan. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2020ko uztailaren 22a
00:00
Entzun
Begiradek zeharkatzen dute egunotan Donostiako Arteztu galeria. Horma batetik besteraino iristen da koadro batean ageri den gizon baten soa, eta handik, neska gazte baten begirada abiatzen da, kontrako norabidean. Lerro imajinariook gurutzatuz ibiliko da bisitaria galerian, Barbara Stammelen erretratuen artetik. Parean jarriz gero, aurpegi gehienek zuzenean egingo diote so, eta, hain justu, hor sortzen den harremana interesatzen zaio artistari. «Iruditzen zait artelana dela objektu bat zeinaren parean jartzen garen eta bertan islatzen garen, are gehiago erretratu bat denean. Eta, gero, oso interesgarria da nola erreakzionatzen dugun parean dugun horren aurrean». Ni bizi nautenak jarri dio izena erakusketari, eta irailaren 8ra arte egongo da ikusgai.

Pinturaren gai klasikoetako bat da erretratua, nahiz eta bazterrago utzi izan den garairik ere izan duen. Stammelek urteak daramatza aurpegiak irudikatzen, formatu handian askotan, txikiagoan ere bai maiz. «Gezurra dirudi, baina ez zait harekiko interesa agortzen; gauza asko biltzen dituela iruditzen zait». Pandemia garaiotan, «berriro ere aktualitate puntu bat» hartu dutela uste du; jendea maskara jantzita dabilenez, «ia tabu bat» dirudite, haren hitzetan, koadroetako aurpegi biluzi horiek gaur egun.

Begira ari zaion aurpegi horrek ikusleari zer sentiarazten dion interesatzen zaio. «Gustuko baduzu, dena doa errazago bezala, eta ez dago prozesu kognitibo handirik. Baina ez baduzu gogoko, errefusatze moduko bat sortzen da, frikzio bat». Deserosotasun hori zaio interesgarri artistari, koadroetatik kanpo, ingurukoekin interakzioan ere sor daitekeena, zergatia argi izan ez arren. «Uste dut parean dugunarekin identifikatzen garela, baina identifikazio horrekin gertatzen den guztia ez dela kontzientea, eta artea lagungarria izan daitekeela, neurri batean, inkontzientea den horretan argitasun pixka bat jartzeko, gertatzen zaiguna ulertzeko».

Begiradan egon liteke interakzio horren gako bat, eta pintatzean bada Stammeli arreta berezia eskatzen dioten puntuetako bat. «Baina ez dut aurrez pentsatzen begirada hau edo bestea... ez. Batzuetan oso errealistak ateratzen dira, eta beste batzuetan ez». Bai errealitatean, bai pinturetan, pertsona bati buruz asko esan dezake begiradak, baina baita keinuak, espresioak eta abarrek ere. Informazio asko gordetzen du bisaiak, artistaren ustez. «Gauza asko gertatzen dira aurpegietan; agertzen dira emozioak... dena. Aurpegiaren bidez saiatzen gara jakiten pertsona hori nolakoa den».

Nor dira, nolakoak dira Stammelen erretratuetan ageri direnhoriek? «Nigan bizi direnak edo ni okupatzen nautenak dira nolabait», azaldu du, erakusketaren izenburua gogora ekarrita. «Denak dira nire pertsonaiak, baina badira pertsonaia errealak eta badira fikziozkoak. Hor dago, adibidez, nire bikotekidea [tamaina handiko lan bat seinalatuz], han lagun baten iloba, hor beste lagun batena...». Pertsonaia berarekin lan bat baino gehiago egin izan du tarteka, eta halako «serie txiki» bat hasi zuen erakusketako aurpegietako batekin ere. «Baina serie barruan aldatuz joan zen pertsonaia; hasieran bi neska agertu ziren, eta gero bi mutil, erretratu txikiagoetan. Lan prozesu baten emaitza dira: batzuetan, ibilbide bat bezala egiten dut pertsonaia berarekin, eta aldatuz joaten da».

Irudikatutako pertsona errealak ezagunak izaten ditu, eta, uneren batean, haiek pintatzeko ideia pizten zaio artistari. «Gero, pertsonaren argazki asko egin ohi ditut». Fikziozkoak, berriz, «agertu» egiten direla dio. «Normalean, formatu txikiagokoak izaten dira, eta lurrean izaten ditut. Lurrean lan egiten dudanetan, margoaren testuragatik-eta eramaten uzten naiz pixka bat, eta agian aurpegi bat agertzen da. Gero, askotan haren gainean pintatu, eta beste bat agertzen da, eta beste bat... prozesu hori ere uneren batean amaitzen den arte».

Getarian (Gipuzkoa) duen estudioan landu ditu galerian dauden 24 margolanak. 2016koa da zaharrena, konfinamenduan sortutakoak berrienak. Denak olioak dira, mihise gainean pintatuak ia guztiak, nahiz eta badiren egurrean ondutako lan gutxi batzuk ere. Stammelek berak prestatzen ditu margoak. «Pigmentuak eta linazi olioa erosten ditut, eta plastikozko ontzietan nahasten; zoru osoa daukat halakoez beteta. Pigmentu asko ditut, batez ere lurrak». Antzinako lur pigmentuak gogoko ditu, Sienako okrea, Veronako eta Nikosiako berdea... «Gustatzen zait goizean pinturak prestatzea; pintatzeko prestaketa moduko bat da». Lanaren formatua, erabaki baino gehiago, «etorri» egiten zaiola dio. «Irudi moduan agertzen da, eta orduan badakizu gutxi gorabehera zer material erabili: oihala, papera, egurra...».

Sortze unearen aztarnak

Stammelen pertsonaietako baten kopetan, edo beste baten jertsean, eroriz doan margo tanta txiki bat, isuri mehe bat suma daiteke. Gogoko du artistak, tarteka, halakoak agerian uztea. «Hori pintatzeko prozesuan gertatzen da, eta gustatzen zait mugimendu hori, malgutasun hori. Pentsatzen dut begiratzen duenak, hori ikustean, lotu ahal duela pinturaren erortzea gertatu den unearekin».

Batzuetan aztarna hori kentzea erabakitzen du; beste batzuetan, aldiz, bere horretan uztea. «Hango horrek [seinalatuz], agian, artegatu egiten zaitu... eta nik ere pentsatzen dut kendu edo ez. Lan prozesuan ez dit trabarik egiten, eta uneren batean traba egiten badu, kendu eta gainean margotzen dut; baina beste askotan utzi egiten dut, hori ere interesgarria iruditzen zaidalako, bai lan prozesuan, bai gero ikusteko». Sorkuntzaren unera eraman nahi du ikuslea horrela. «Hala, bera ere hor egon daiteke, prozesuan parte hartuko balu bezala da».

Erretratuek «pinturaren materikotasuna eta pertsonaien espiritualtasuna» lotzen dituztela da Stammelen lanen alderdi interesgarrienetako bat, Arteztu galeriako zuzendari Iker Antiarentzat. «Hain gordina eta materikoa izatea alde batetik, eta oso espirituala bestetik». Aurpegi guztietan oreka bat sumatzen du, baita pintura «oso presente» dagoela ere.

Informazio gehiago nahi izanez gero, jo galeriaren webgunera:

www.arteztu.com
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.