Sacamantecas bat Pasaian

Ibon Martinen 'Isiltasunaren itsasargia' euskaraz kaleratu du Elkarrek,. Aiora Jakak itzulita. Thrillerra da, eta, hilketez gain, heroina, kanpo portua eta beste hainbat gai aipatzen ditu

Ibon Martin idazlea, Isiltasunaren itsasargia liburua aurkeztu berritan, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Miren Garate.
Donostia
2019ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Gida liburuak egiten hasi zen Ibon Martin (Donostia, 1976), eta horren arrastoak agerikoak dira orain sortzen dituen eleberrietan. Pertsonaiak eta istorioak asmatzen ditu, baina saiatzen da paisaia, tokiak nahiz bidexkak ahalik eta leialen deskribatzen. «Niretzat oso garrantzitsuak dira kokapenak. Liburua nire buruan forma pixka bat hartzen hasten denean, lehenengoa kokapena izaten da, eta kokapena edukitakoan hasten naiz zer konta dezakedan pentsatzen», esan du.

Argi zuen Pasaian (Gipuzkoa) kokatu behar zuela Isiltasunaren itsargia (Elkar), herri zoragarria iruditzen zaiolako, haren paisaiagatik, arraunaren harira auzoen artean dituzten tirabirengatik, herri bizitza handia izateagatik, eta abar. Baita herritik oso hurbil itsasargi bat izateagatik ere. «Horrek ematen dio bizitza Leire protagonistari, eta hori behar nuen: jaistea herrira ogia erostera, kafea hartzera eta abar, baina, aldi berean, oso isolatuta egotea itsasargian». Gaztelaniaz kaleratu zuen eleberria, 2014an, eta euskaraz argitaratu du orain, Aiora Jakaren itzulpenarekin.

Thriller bat da. Pasaiako itsasargiaren oinetan emakume bat agertuko da, sabeleko gantzak erauzita. Faroan bizi den Leire Altuna idazleak aurkituko du hilotza, eta ikusiko du Ertzaintzak susmagarri nagusitzat duela. Lehen gorpu horren ondoren, gainera, beste batzuk azalduko dira. «Erabat obsesionatuta nengoen Sacamantecasekin. Beti Jack tripa-urratzaileaz hitz egiten da, baina Sacamantecasek, hiltzaile euskaldun horrek, emakume gehiago hil zituen». Isiltasunaren itsasargia-n haren hilketak imitatzen dituen pertsonaia bat dago, baina ehun egunetan egiten ditu hilketak.

Bi garai ditu nobelak: bat, 2013. urtea, eta bestea, hogeita hamar urte lehenagoko garaia, heroinak eragindako arazoak kontatzeko. 1980ko hamarkadan, umea zen artean Martin, eta, dokumentatu beharra izan duen arren, bizipen propioetatik ere abiatu da. «Izebaren etxera joateko Jai Alaiko aldapatik pasatu behar izaten nuen, eta Jareño zegoen hor. Drogazalez betetako fabrika bat zen, eta liburuan ikusten diren eszenak ikusten ziren». Beldurraren beldurrez, korrika igaro behar izaten zuela azaldu du. «Uste dut Pasaiari buruz hitz egitea eta bolada horri buruz ez hitz egitea zaila dela».

Liburua idatzi zuenean, bolo-bolo zebilen herrian kanpo portu bat egiteko proiektua ere. «Eleberriak dira jendeak ondo pasatzeko, baina azkenean nik ere badauzkat nire ideiak, eta gustatzen zait pertsonaien bidez eta gaien bidez gauzak salatzea». Liburua amaitu ostean jakin zuen azkenean proiektu hura baztertu egin zutela, eta, horregatik, ohar bat erantsi zuen amaieran, «zorionez», Jaizkibelgo itsaslabarrek irabazi zutela esanez. Istorioa Pasaian kokatuta, ia ezinbestean, Pasai San Pedro eta Pasai Donibane batzen dituen txalupa ere ageri da. «Orduak eman ditut txalupan alde batetik bestera, jendeari entzuten zertaz hitz egiten duten, zerk kezkatzen dituen...».

Sorta bateko lehena

El faro del silencio ez zen izan Martinen lehen liburua, baina bai ordura arte gehien saldu zena. Edizio ugari atera dituzte dagoeneko gaztelaniaz. «Ilusio handia egiten zidan liburu hau euskaraz ikusteak, baina ez nintzen ausartzen; beldur nintzen nolakoa izango zen itzulpena». Aiora Jakak egin zizkion haur literaturako idatzi dituen Onin protagonistaren saileko itzulpenak, eta ezagutu zuenean, El faro del silencio itzultzea proposatu zion. «Baietz esan zidan, eta, lehen atalak pasatu zizkidanean, erabat harrituta geratu nintzen: nire idazkera ikusi nuen, baina euskaraz». Itzulpenaren maila ona goraipatu du Xabier Mendiguren Elkarreko editoreak ere: «Jatorrizkoak duen jario eta funtzionalitate horri eutsiz eman du; liburua hasi eta buka irakurtzen da, trabarik gabe».

Isiltasunaren itsasargia argitaratu izana «amets bat betetzea» dela azaldu du Martinek. Frantsesez, alemanez, polonieraz, nederlanderaz, italieraz eta serbieraz ere kaleratzekoak dira, eta bidean daude beste hizkuntza batzuetara itzultzeko proiektuak ere. «Lehenengoa euskaraz izatea niretzat oso garrantzitsua zen. Lehenengo liburua, eta lehenengo hizkuntza, euskara».

Sorta bateko lehen lana da El faro del silencio, haren atzetik La fábrica de la sombras,El último Akelarre eta La jaula de sal idatzi baitzituen Martinek. Lehenaren itzulpenaren harrera ikusi beharko dela esan du Mendigurenek, baina ez du baztertu gainerakoak ere itzultzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.