Bertsolaritza

Gaiak jartzea, gai bakarra dagoenean

Inguruan gai batek agintzen duenean, gai jartzaileen esku dago hura plazaratzea edo ez, eta zer ertzetatik. Hautua kontzientea izatea, zerbait berria ekartzea eta orekak zaintzea izan daitezke gakoetako batzuk.
BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Ane Eslava -

2020ko abuztuak 1

Haiek dira bertso saioen ildoa zehazten dutenak; erabakitzen dutenak bertsolariak zeri kantatuko dion; zer aterako den plazara. Nola jarri gaiak, baina, aktualitatea gai bakar batek zeharkatzen duenean? Joan den martxotik, pandemiarekin lotuta daude jendearen mintzagai eta kezka gehienak. Testuinguru horrek, maila handian edo txikian, mugatu egiten du gai jartzaileen lana; ohi baino gehiago eragin behar diote irudimenari. Egoera hori bizi dute Amaia Ugaldek eta Amaia Agirrek. Udazkenean egitekoa den Bizkaiko Bertsolari Txapelketako gai jartzaile taldean dago Ugalde, eta plazaz plaza ibiltzen da Agirre. Bakoitzak bere ikuspuntutik, baina biek bat egin dute gauza batean: gai jartzailearen esku dago gaiak aurkezteko orduan ikuspuntua zaintzea, eta gai bakoitzaren ertzak erdigunera eramatea.

Haien egoera konplexua dela aitortu du Ugaldek: «Guk egunerokotasuna dugu inspirazio iturri, eta, orain, elkarrizketa gehienetan gai hori nagusitzen da. Horregatik, gehiago kostatzen da gaiak ateratzea». Aurki egingo dute Bizkaiko Bertsolari Txapelketa, eta gai jartzaile arituko da. Azaldu duenez, udaberrian hasi ziren txapelketarako lanean, eta baita saio batzuk egiten ere. Gero, dena eten egin zenean, batzartzen eta gaiak sortzen jarraitu zuten, baina ez zekiten haien lanak balioko ote zuen. Orain, berriz ari dira gaiak prestatzen, baina sormen aldetik «mugatuago» daude, eta ezjakintasunak hor jarraitzen du. «Azken momentura arte ezingo dugu jakin zein den egoera, eta orduan errepasatu beharko dugu dena; bestela, pentsa, agian jartzen diegu parrandan daudela, eta egun horretan debekatuta dago tabernetan egotea».

Ugalde ez bezala, Agirre plazan ibiltzen da, eta azken hilabeteetan, gaiak jartzen ez ezik, bertsotan ere aritu da behin baino gehiagotan, askotariko plazetan. Kantatzean, entzuleen beroa sentitu gabe aritzea «deserosoa eta zaila» gertatu zaiola aitortu du, baina gaiak aurkezteko orduan, berriz, aktualitateari izkin egiteko askatasuna sentitu duela: «Oso modu naturalean jarri ditut bestelako gaiak ere».

Haien esperientziak ezberdinak dira, baina biek uste dute, egungo testuinguruan ere, edozein gairen arrakastaren gakoa ikuspuntuan dagoela. Agirreren iritziz, ezinbestekoa da egoeraren eta plazaren analisi egokia egitea, hartzen den hautua hartuta, «kontzientea» izan dadin: bai egoerari ihes egitean, eta baita hari kantari jartzean ere. Azaldu duenez, ez da derrigortuta sentitzen birusaren inguruko gaiak jartzeko, eta saio oso bat egin izan du «egoera ia-ia aipatu ere egin gabe», saioaren hasieran entzuleak jakinaren gainean jarrita.

Halere, jabetzen da gaia atera gabe saioa «hankamotz» gelditzen dela. «Egia da saioa ezin dela ohiko moduan hasi, ezer gertatuko ez balitz bezala. Entzuleak maskara jantzita egoten dira, elkarrengandik metro eta erdira gutxienez. Sartu aurretik izen-abizenak hartzen dituzte, baita eskuak garbitu ere. Bertsolari eta gai emaile bakoitzak bere mikrofonoa dauka. Baldintza asko aldatu dira. Saio asko geratu dira bertan behera, eta bertsolari asko autonomoak dira. Ondorio asko eragin ditu sortzaileongan», nabarmendu du. Testuingurua hori izanik, harentzat garrantzitsua da gaien abiapuntua zaintzea, eta bertsolariari «beretik» kantatzeko aukera ematea: «Bizipenetatik aritzea aberasgarria eta emankorra iruditzen zait».

Antzeko iritzia du Ugaldek ere. Koronabirusaren gaia atera, ez atera; zer neurritan, nola... Erabakitzen dena erabakitzen dela, «oreka» topatzea da gakoa harentzat. Izan ere, beharrezkoa ikusten du gaia aipatzea, baina baita entzuleei beste gauza batzuk entzuteko aukera ematea ere; eta bertsolariei beste gauza batzuei kantatzekoa. «Bertsolariak ere ibiliko direlako gaiari ertzak bilatu nahian, eta guk ere hori egin behar dugu: zerbait berria atera, entzun ez den zerbait, eta bertsolariari lagundu gauza on bat egin dezan. Hori da erronka niretzat».

Antzeko egoerak

Ez da lehen aldia aktualitatean gai bat nagusitzen dena. Orain agerikoagoa izan daiteke, baina askotan izaten dira saihesteko zailak diren gertaerak eta egoerak. «Nik inoiz sentitu izan dut festen inguruko aipamena egin beharra, edo mundialak, Olinpiar Jokoak, hauteskundeak... Baita azalekoagoak diren kontuak ere», adierazi du Agirrek. Halere, esan du halako egoerak ez dutela «itotzen», beti «mugitzen» duten gaiak erdigunera eramaten saiatzen delako. Ugaldek ere sarritan sentitu izan du inguruan zerbait «puri-purian» dagoenean, edo taldean antzeko ezaugarriak dituzten pertsonak daudenean, antzeko gaiak ateratzera jotzen dutela etengabe. «Baina beti ahalegindu behar dugu askotariko gaiak eramaten plazara», nabarmendu du.

Gai bakarra dagoela dirudienean ere, plazara eramateko gai asko egon baitaitezke; abiapuntu asko, begirada asko, bizipen asko. Horiek bilatzean eta aurkeztean datza gai jartzaileen lana.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Nekane Murga Jaurlaritzako Osasun sailburua agerraldi batean. ©Javier Etxezarreta/EFE

Murga: «Hau bigarren olatua da»

Olatz Esteban Ezkati

Azken orduetan nabarmen ugaritu dira kasuak Hego Euskal Herrian: 419 positibo atzeman dituzte, atzo baino 108 gehiago.

Bastidan, mahats bilketa, 2018an. ©Jaizki Fontaneda / Foku

Araban ere PCRak egingo dizkiete sasoikako langileei

Berria

Arabako Errioxan mahats bilketan 2.500 eta 3.000 langile artean ibiltzea espero da, eta Jaurlaritzak baieztatu du aukera hori aztertzen ari direla. Nafarroak sasoikako langileei eginiko lehen proben emaitzak jaso ditu: denek negatibo eman dute.

Azkaineko (lapurdi) eskolako sartzea, itxialdiaren ondotik. ©Guillaume Fauveau

Bidarteko udalekua itxi dute langile batek positibo eman duela eta

Oihana Teyseyre Koskarat

31 haur izan dira kontaktu zuzenean. Udalekua hetsirik egonen da bi egunez gutxienez. Maskara derrigortu dute Bidarten, Ezpeletan, Getarian (Lapurdi) eta Donibane Garazin.

Aguraingo plaza. ©Aritz Loiola/FOKU

Aguraingo Kokolo eta Donostiako Ramuntxo Berri tabernetan izan direnei proba egitera joateko eskatu die Jaurlaritzak

Berria

Agurainen, uztailaren 29tik abuztuaren 2ra han egon zirenei egin die deia; Donostian, berriz, uztailaren 26tik abuztuaren 3ra egondakoei.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna