Urria, tintaz mela-mela

Tintazko marrazkilaritza, artisten saretzea eta euskarazko sormena uztartzea ditu xede '#inkurria' egitasmoak, sare sozialetan egunero marrazki bat publikatzearen bidez.

Gorka Belaskoren ilustrazioa. GORKA BELASKO / #INKURRIA.
Alex Uriarte Atxikallende.
2021eko urriaren 16a
00:00
Entzun
Sortzaileen artean, urria eta tinta esanahi bereko bi hitz dira. Izan ere, urriro, #inkurria proiektuak marrazkilarientzako plaza bat eskaintzen du. Egitasmoaren xedea marrazkilariek 31 egunez tintazko ilustrazio bat egitea eta sare sozialetan publikatzea da. Laguntza gisa, gai zerrenda bat ere badute marrazkigileek. Aurtengo #inkurriak dagoenekobide erdia egina du, eta 100 parte hartzaile inguru bildu ditu sarean.

Proposamena Gorka Belaskok sortu zuen 2013an, 2009an Jake Parkerrek sortutako #inktober izeneko proiektuaren eraginez. Belaskok Parkerren abiapuntuari hurbilagoko irakurketa bat eman zion, eta #inkurria traola erabiltzen hasi zen. Ingelesezko formulari jarraituz, ink (tinta, ingelesez) eta urria hitzak lotu zituen, Euskal Herriko marrazkilariei munduak urrian hartzen duen itxura erakutsi nahian.

Hilabete osoko deialdia «erronka ederra baina gogorra» da marrazkizaleentzat: «Lana du urriko egun bakoitzean marrazki bat egiteak eta sareetan bistaratzeak», Belaskoren ustez. Ekintza jakin bat ohitura bihurtzeko, gutxienez 21 egunez errepikatu behar dela esan ohi da; beraz, 31 egunez marrazki bat eginez gero, marrazkilaritza «eguneroko ohituren zati» bihurtzea lortzen da.

Eguneroko ohiturek dakarten erosotasuna eta espazioa sortzea, hortaz, #inkurria-ren xedeetako bat da, alegia, artista egunero zerbait egitera «behartzea», «marrazkigintzaganako konpromisoa, plazera eta zaletasuna ernetzeko».

Arau bakarra: marraztea

Baldintzei dagokienez, bi baino ez daude: urriko egun bakoitzean marrazki bat publikatzea eta marrazki hori tintazkoa izatea. Tinta, hain zuzen ere, nahitaezko elementua da erronka horretan: «Izenetik hasita, haren inguruan garatzen da egitasmo guztia». Dena dela, proposamenak «denetariko aukerak» onartzen dituela dio Belaskok: «Esaterako, urtero egiten dut txipiroi tintarekin lotutako marrazki edo txantxaren bat». Era berean, «egokia» deritzo proiektua bestelako arte diziplina batzuetara ere hedatzeari, «zabalkunde artistikoa beti baita onuragarria».

Oraingoz, baina, #inkurria-k tintaren inguruko esanahia baino ez du, proiektu «parte hartzailea, irekia eta guztiz inklusiboa» den arren. 2013an abiatutako lanaren bilakaerari helduta, «bide polita» egin duela dio: «Hasieran, ingelesezko bertsioaren euskarazko aldaera baino ez nuen proposatu, eta, gerora, proiektuak bere bidea egin du». Era berean, hala marrazkilari gisa, nola marrazketa irakasle gisa «izugarri interesgarria» da #inkurria: «Arte adierazpide berriak ezagutzeko, egileen arteko saretzea sustatzeko eta tankera horretako proiektu bat euskara hutsean egin daitekeela frogatzeko balio du».

Bestalde, #inktober proiektuak artistentzako gai edo hitz zerrenda bat ere badu, inspirazioa behar duten marrazkilariei lagungarri izateko. Zerrenda hori erabiltzea, dena dela, «ez da derrigorrezkoa», «egunero marraztera bultzatzeko aitzakia edo osagai bat baino ez da eta». Zerrenda lanabes egokia da jende askorentzat, «ez baitute marrazketarako gaien inguruan burua apurtzen hasi beharrik». Belaskok bertsolaritzarekiko berdintasuna ere sumatzen du: «Bertsolariari gaia eta bete beharreko ataza ematen zaizkio, eta ez da beste ezertaz arduratu behar».

Gaiek, halaber, estilo nahiz kontzeptu desberdinetara bideratzen dituzte sortzaileak: «Horrek egundoko aniztasuna dakar». Aurten, lehenengoz, #inkurria-ren gai zerrenda euskaratu du Belaskok: «Beste urrats bat egin dugu euskal marrazkilarien komunitatea gorpuzteko bidean». Izan ere, nazioartean euskaraz marrazten duten artistak, «tamalez, gutxi samar dira».

Horrez gain, Marrazkeraz Euskadiko Marrazkilari Euskaldunon Topaguneak ere «berebiziko funtzioa» du, Facebookeko orrialde bat baitu, sortzaileentzako plaza gisa funtzionatzen duena. Pandemiak ekarritako zailtasunak pixkanaka-pixkanaka pasatuta, «saretze lanetan jarraitzeko asmoa» dute Topagunekoek, euskaraz: «Kontua ez da euskara hutsean sortzea, argitalpenen inguruko guztia euskaraz egitea baizik».

Belaskok argi duena zera da, «marrazkilariak direla egitasmo horizontal horren protagonistak». Beraz, #inkurria-k «ez du loturarik enpresekin, publizitatearekin, hierarkiekin eta lehiaketarekin». Horregatik, bere buruari «debekatua» dio epaile lanak hartzea: «Berdin baloratzen ditut marrazkigintzarekiko afizioa pizteko asmoz lanean hasi berri den baten obra eta, erronkan marrazteko, egunean hamar minutu hartzen dituen marrazkilari profesionalarena».

Orain arteko bidea hizpide hartuta, helburu bikoitzaren atzetik egin du lan: «Marrazkiek pertsonen bizitza kontatzeko duten gaitasuna ulertzea», batetik; «euskaraz marraztuz mundu osora heldu daitekeela frogatzea», bestetik.

Etorkizunean egitasmoarekin jarraitzeko «oso gogotsu» ageri da: «Marrazkilari gisa ikasten segitzeko balio dit, eta, marrazketa irakasle modura, oso eraginkorra da ikasleekin». Proiektuak bi baldintza horiek betetzen dituen artean, tintak beren bidea aurkituko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.