Euskara hauspotzeko saskiak

Udazkeneko kanpaina abiatuko du gaur Errigorak, eta azaroaren 11ra arte egongo da saskiak eskatzeko aukera. Auzolanarekin eta kontzertuekin abiatuko dute gaur kanpaina

Boluntarioak Errigoraren aldeko auzolanean, 6.000 kaxa baino gehiago prestatu zituzten , 2019. urtean, Ablitasen (Nafarroa). IÑIGO URIZ / FOKU.
Olaia L. Garaialde.
2021eko urriaren 23a
00:00
Entzun
Herriak egiten du herria lelopean 2021eko Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka udazkeneko kanpaina abiatuko du gaur Errigorak. Asmoa da herriz herri euskara bizitzeko aukerak zabaltzea; horretarako, Nafarroako hegoaldeko euskaldunak eta euskaltzaleak saretu nahi dituzte. «Urtez urte, zenbakietan gora joaten ari da kanpaina, eta uste dugu aurten ere ondo aterako dela, eta jendeak horrelako dinamikak egiteko gogoa duela», esan du Errigorako Peru Aranburuk. Auzolanarekin abituko dute kanpaina, gaur; Euskal Herriko 150 lagun inguru bilduko dira Ablitasen (Nafarroa) 400 saski egiteko: «Oso irudi polita sortzen da, denak katean saskiak egiten ibiltzen gara». Horrez gain, parte hartzen dutenen artean, «oso giro berezia» sortzen dela dio.

Hiru saski eginen dituzte: «Beltza, betiko produktuekin; berdea, produktu ekologikoekin; eta zuria, apur bat berezia». Beltzak, besteak beste, orburuak, zainzuri zuriak, melokotoi marmelada, potxak eta tomate frijitua izanen ditu. Berdeak, hala nola, dilista lehorrak, barazki menestra, sagar zukua eta arroza izanen ditu. Azkenik, saski zuriak, esate baterako, polboroiak, patxaran pastak, pikillo marmelada, orburuak eta oliba-olio birjina estra izanen ditu. Saski guztietan 2022. urteko egutegia joanen da.

Bost euro garestitu dira saskiak: «Horrek suposatuko du ekarpena pixka bat handiago izatea, eta saskiak beraiek ere erakargarriagoak izango dira».

Gaur, saski horiek prestatu ostean, denek elkarrekin bazkalduko dute. Arratsaldean, festa Tuteran (Nafarroa) izango da. Kalejira bat eginen dute herriko kaleetan zezen plazaraino, eta hiru kontzertu eskainiko dituzte, 18:15ean, Tuterako zezen plazan: Rotten XIII, Brigade Loco eta Unidad Alavesa musika taldeak izanen dira. Guztira 3.000 lagun bilduko dira: «Ideiak, momentuak eta trasmititu denak apur bat koadratu egin dute; hortaz, 2.000 sarrera agortu ziren, eta beste 1.000 atera genituen. Denak agortu dira». Besta «polita» izanen dela esan du: «Horrelako aitzakia batekin, eta Tuteran kontzertua euskaraz izanik, segur aski momentu gutxitan lortuko zuen hainbeste jende elkartzea».

COVID-19aren segurtasunei dagokienez, legeak ezarritakoak jarraituko dituzte, eta ez dute bestelako neurri berezirik hartuko: «Guk gehiago sinesten dugu bakoitzak bere burua eta ingurua zaintzeaz izan behar duen arduran, eta ez hainbeste legeek ezartzen dizkiguten segurtasun neurri horietan».

Helburu argia du gaurko bestak; euskaraz tokia irabaztea eta Nafarroako hegoaldean euskaltzaleen eta euskaldunen mugimendua osatzeko «baliagarria» izatea. Horrez gain, Aranburuk azaldu du, ekarpen ekonomiko «on bat» pilatzeko aukera izan daitekeela. Diru ekarpenen horien bidez, hauspotu nahi dituzte hainbat proiektu: hala nola Agerraldia, Nafarroa hegoaldeko ikastolak, AEK-ren euskaltegiak eta zonaldean sare publikoan D eredua indartzeko Sortzen dinamika.

Errigorarengandik jaiotako Agerraldia ekimenak Nafarroa erdialdeari eta hegoaldeari hauspo berria eman nahi dion mugimendua da. Xedea da herritarrak saretzea, euskararen ezagutza bultzatzea eta euskararekiko jarrera baikorrak sortzeko ekintza praktikoak bultzatzea. Urte erdiko ibilbidea dauka Agerraldiak, eta «laburra» izan arren, «baliagarria» izan dela azpimarratu du Aranburuk: «Ager eremuko euskaltzaleak bakoitzak bere behar edo nahien arabera gauzak antolatzeko lagungarria izan da».

Agerraldia zabaltzeko

Euskara zabaltzea helburu duten zenbait ekitaldik osatzen dute Agerraldiko agenda; horien artean daude gaurko kontzertuak. Horrez gain, hamabi herritan eskolatik kanpo haurrek ere euskaraz jolasteko ludotekak jarri zituzten martxan, eta Aranbururen hitzetan, haurrak, gurasoak, familiak eta ingurukoak «oso pozik» daude. Horrekin batera, euskara planak abiatu zituzten lantegietan, eta dagoeneko sei lantokitan martxan da. Beste ekintza «berezi» bat aipatu du: «Sartagudan, udalaren laguntzarekin, kaleen izenak euskaraz jarri genituen». Hurrengo urteko agendan ekintza horiek mantenduko dituzte, eta beste herrietara zabaldu.

Kanpaina azaroaren 15an amaituko da, Nafarroako Parlamentuan. 50 herritan ekitaldiak egingo dituztenez, herri bakoitzeko ordezkari bana joango da amaiera ekitaldira. Horrekin batera, ekintzetan parte hartzen duten ekoizleak ere izanen dira.Nafarroako hegoaldeko 25 ekoizleek hartuko dute parte; adibidez, Ablitaseko kooperatiba, El Alcaravan (Arguedas), Enara (Arroitz) Azpea (Irunberri), Urrutia (Uxue) edo Almanaque (Andosilla). Bertan, Urteko emaitzen berri emango dute, eta Agerraldiaren 2022ko agenda aurkeztuko dute. Bildutakoaren %25 euskalgintzara bideratuko dute. Gaurtik azaroaren 11ra arte saskiak erosteko aukera dago.

NOLA EROSI?
Saskiak. Beltza, 55 euro. Berdea, 65 euro. Zuria,75 euro.
Emaila.info@errigora.eus.
Webgunea.errigora.eus.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.