Uhartea korrika korsikeraz

A Currilingua eginen dute bihar, korsikeraren aldeko egun bakarreko Korrika, Aleriatik Bonifaziurat. Bigarren aldiak parte hartzaile haboro dauzka, eta kilometro haboro hego muturreraino.

A Currilinguaren aurtengo lekukoa. PARLEMU CORSU.
Ainize Madariaga
2022ko ekainaren 25a
00:00
Entzun
Sentitzen dugu jada badela parte hartze eta olde handiagoa. Internet bidezko izen emate gehiago dago jada, herriko etxeak ere gehiago inplikatzen dira...», erran du Micheli Leccia Perlemu Corsu kolektiboaren lehendakari eta antolatzaile nagusiak.

Abiatu aitzintxo kartsuki mintzatu da Leccia: urte guziez nahi dute ibilbidea hantu. Iazko 90 kilometroetatik 101era eginen dute jauzi, hegoalderago luzatuz, sentitu baitute jendeen nahikeria egitasmoan parte hartzeko.

Noizbait, zerendako ez, uhartea inguratu nahiko lukete, eta berdin, zerendako ez, ez bakarrik lasterka, eta ez soilik egun bakarrean... Gehiagokorik ez du salatu nahi izan Lecciak, irriñoa ezpain kantoian.

Baliabide guziak baliatu dituzte egin ahala jende gehien kausitzeko, hori baitute helburu lehena: korsikeraren erabilera bultzatzea; oraingoz, egun bakarrean, baina, gerora begira, hedatu nahiko lukete hizkuntzari emanen zaion protagonismoa: «Gure xedea da denengana iristea. Abantaila dugu, herri ttipia izanda, egiten dugun orok oihartzun handia duela. Gure filosofiaren barruan da denen parte hartzea».

Korrikan bezala, kilometro bakarra eros daiteke, ehun eurotik goiti. Jadaneko kasik berrehun parte hartzaile dituzte: «Kilometroa erosi duten entitateak dira: enpresa, saltegi, elkarte, kirol klub, herriko etxe edota bertze edozein instituzio. Berez, 101 beharko genituzkeen, baina kasik bikoitza dugu! Eta emendatzen segitzen du!». Egitura politikoek ez dute haizu kilometroen erosteko, on ez den gazteria ordezkatzen duen sindikatua.

Herriko etxeek agertu dute inplikatzeko nahia, adibidez, Aleriak. Izan ere, abiatze gosaria eskainiko baitie korrikalariei 07:00ak aitzin, eta kolektiboari, hornigaiak. Horrekin aski ez, herriko etxeak hiriko ahal bezain bat elkarterengana jo du, A Currilinguan ahal bezain bat lasterkarik parte har dezan, hiria zeharkatuko duten bi kilometroetan, hain xuxen ere. Auzapezak berak emanen du A Currilinguaren abiatze seinalea.

Bestalde, Porti Vechjuk ere antolatua du A Currilinguaren errezibitzea bertatik iragatean, eta Bonifaziuk bukaera ekitaldia, 21:00etan.

Adarrez adar

Iazko uztailean Borgutik Sulinzararaino egin zuten lasterka, ipar-ekialdeko kostatik hegoaldera, eta 114 entitatek erosi zituzten 90 kilometroak. 270 korrikalarik parte hartu zuten, eta berrogeiboluntariok lagundu antolaketan.

Bildu zituzten 14.005 euroak korsikera akuilatzen duten elkarteei banatu zizkieten. Alde batetik, Fiuramossa elkarteari, zeinak filmak korsikeraz bikoizten baititu; bertzetik, Basta a Parla Bastiako elkarteari, sareko irratia garatzen laguntzeko. Hirugarrenik, Scola Corsa ikastola korsikarrak bultzatzeko.

Parlemu Corsu kolektiboaren barruko bi proiektu ere lagundu ditu A Currilinguak: animatzaileak formatzeko eta Rubbutiscola robotika tailerra. Horiek oro korsikeraz. Haatik, Korrikan ez bezala, lasterketak garraiatzen duen lekukoa urte guziez kanbiatuko dute: aldi guziez artisau bati manatuko diote sor dezan: «Aurten arotz bati galdegin diogu gure ikurra egin dezan: zuhaitza», xehatu du Lecciak.

Hiru besoko adarra zizelkatu zuten Carlos Campos eta Cheyenne Texierek, zuhaitza iduri; hori izan zen iazko lekukoa: «Carlosek erabilitako jats giderra gero Cheyennek grabatu eta apaindu zuen», zehaztu du umoretsu.

Aurtengoa, berriz, Marc Antoine Kochert artista kreatzaileak landu du: «Hastapenean adar idor bat egiten esprabatu nuen, baina mezua ez zitzaidan arras baikorra iruditu... Beraz, fruitu eta baia zati txipiak gehitu dizkiot. Oliba zaina bihurtu da, bizirik eta zukuz betea, zaindu eta transmititu behar duguna!».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.